Bilboko antzoki eta museoak gaur ere kulturaz blai Zinebiren eskutik
Arriaga Antzokiak, Guggenheim Museoak, Zinebi Guneak, Bilborockek, Barrainkua Udal Zentroak eta Bilboko Arte Ederretako Museoak kulturaren txoko izaten jarraitzen dute Zinebiren 50. urteurrenaren babespean. Zinema eta musika ekitaldiak, film labur eta luzeen proiekzioak, sari banaketak, ziklo paraleloak eta jaiak egunero izaten dira Bilbon. Gaurkoan ere bertako eta nazioarteko zinemagileen lanak ikusteko parada egongo da Bizkaiko hiriburuan.
Ianire RENOBALES | BILBO
Zinebi urriaren 11n hasi zen. Tarte luze honetan zabalik egon da eta jendeari ongi adierazi dio jaialdiaren perspektiba zein den, zer egiten den eta zertarako egiten den. Ernesto del Riok, Zinebiko zuzendariak, zinemako profesionalentzako aukera bikaina dela azpimarratu du. «Zinebik dimentsio soziala eta ludikoa hartu du, aspalditik behar zuena, eta horrela finkatuko dela espero dugu», gaineratu du. Zuzendariaren hitzetan, Zinebi Gunea (Gran Viako zinema ohiak) ari da arrakasta handiena lortzen egunero jende mordoa hurbiltzen baita. Jende gehien hartzen ari den bigarren egoitza Arriaga Antzokia da. Honetan, Nazioarteko lehiaketaren edizio guztiak ospatzen ari dira eta horiek «jaialdiaren bizkarrezurra» osatzen dute. Bestalde, aldi berean emititu diren zikloek ere erantzun ona izan dute. Hauetara publiko espezializatuagoa hurbiltzen da; baina, hala ere, adituen artean harrera ona izaten ari da.
Ernesto del Riok adierazi duenez, «asistentziari dagokionez, pauso handia eman du aurrerantz daukagun programazio zabala dela-eta. Pelikulak proiektatzeaz gain, Zinebi Gune berri honek zinema edo musika ekintzak, sari banaketak eta jaiak prestatzea ahalbidetu du».
Laburrak erakargarrienak
Bilbotarrek laburrak gustuko dituzte eta hori igarri egiten da. Arriaga Antzokiak hartu zituen atzo Nazioarteko lehiaketaren 6. eta 7. emanaldiak. Hirurogei eta ehun lagun artean batu ohi dira egunez egun ekitaldi honetan. Txapelketa honetan herrialde desberdinetako lanek hartzen dute parte. Egun hauetan, Hungaria, AEB, Belgika, Estonia, Mexiko, Alemania, Singapur, Costa Rica edo Poloniako egileek, besteak beste, erakutsi dituzte euren laburrak.
Lanak hizkuntza askotan proiektatu dira, batzuk gaztelaniaz izan dituzte azpitituluak, baina asko eta asko jatorrizko hizkuntzan aurkeztu dira eta ulertzeko zailago gertatu zaio bat baino gehiagori. Iraupenari dagokionez, alde handia dago batzuen eta besteen artean. Batzuek bi minutuko lana erakutsi eta berehala pantaila beltza agertu da amaiera adieraziz; beste batzuek, ordu erdiko entretenimendua eskaintzen dute. Gaiari erreparatuz, ikusleak aukera oparoa dauka disfrutatzeko. Errealitatea eta fikzioa, dokumentala eta istorioak. Labur batzuek gizarte salaketa izan dute hizpide; hala nola afrikarrek nozitzen dute egoera gogorra. Bestalde, salaketa gauzatu beharrean, teknologia berrien laguntzaz, eguneroko istorioak kontatzen dira.
Arratsaldean, lehiaketa honen azkeneko bi emanaldiak eskainiko dira Antzokian. Sarrerak hiru euro balio du eta lehenengo proiekzioa 17.30ean hasiko da eta bigarrena, 20.00etan. Bihar, ostera, klausura eta sari banaketa izango da gaueko 21.00etan.
Guggenheim museoak ere ireki dizkio ateak Zinebiri. Egun hauetan, Richard Lester amerikarrari eskaini dio omenaldia. Bere filmak eta laburrak proiektatu dira mutuak eta jatorrizko hizkuntzan baina gaztelaniazko azpitituluekin. «Robin and Marian», «The running jumping & standing still film» eta «The knack... and how to get it» egon dira ikusgai. Bilboko museora publiko murritzagoa hurbildu izana adierazgarria da.
Egitaraua zabala da eta proiekzio bereziak izan dituzte ere. Atal honen barnean «Parque Vía» Enrique Rivero mexikarraren eta «Mediterraneo» Gabriele Salvatores italiarraren lanak aurkeztu dira. Beste alde batetik, «Besteen begirada» saioan nazioarteko lanak berreskuratu dituzte, eta atzo gauean modari, edertasunari eta estiloari buruzko jaialdiaren lehenengo edizioari egin zitzaion lekua.
Arratsaldeko 16.00etan «Nirvana» proiektatuko da, italiarrarena hau ere. 18.00etan Richar Lesterren «Help» eta 20.00etan Juanma Bajo Ulloaren «Historia de un grupo de rock» dokumentala estreinatuko da.
Bilboko Arte Ederretako Museoan proiekzioak ere egon dira. Jean-Claude Rousseauren lanak eskaini dira, eta «Lekuko ematea» saioan nazioarteko ekoizpenak aurkeztu dira. Gaurkoan, 18.00etan Thailandian eta Japonian sortutako «Morakot» eta AEBetako «Must read after my death» lanak izango dira. 20.00etan, ostera, Jean-Claude Rousseauren beste bi film egongo dira ikusgai, «Keep in touch» eta «The son appartement».
Bilborocken Venezuelan sortutako pelikulak emititzen aritu dira azken egunetan zehar. Orotara, hogei lan baino gehiago aurkeztu dituzte. Gaur arratsaldean, 19.45ean, beste hiru proiektatuko dira, «Costurera», «Tocar y luchar» eta «Perros y gatos».
Barrainkua Udal Zentroan Euskal Herrian sortutako film bat erakutsi dute egunero «Bilbo/Exterior/Dia» atalean. Enrique Urbizuren «Todo por la pasta», Imanol Uriberen «Adios pequeña» eta Toni Garzonen «Lo mejor de cada casa» egon dira ikusgai azkenaldian. Gaur, 19.30ean, J. Rebollo eta J. M. Ortuosteren «7 calles» ikusiko da.
Zinebi Gunea da jaialdiaren azken geltokia. Egunez egun, ekintza desberdinak programatu dituzte Gran Viako zinema areto zaharrean, denak doan. Publikoa ondo erantzuten ari da eta emanaldietan ez da gelditzen aulki hutsik. Asteartean hasi eta atzo bukatu zen Ex Is jaialdia, non irudiaren eta soinuaren plano berriak aurkeztu diren nazioarteko hainbat herrialdetatik. Laburrak hizkuntza anitzetan proiektatu dira; batzuk azpitituluekin aurkeztu dira, beste batzuk jatorrizko hizkuntzan (ingelesa, frantsesa...). Iraupena nahiko desberdina izan da, asko jota berrogeita bost minutuko iraupena izan dute; eta gutxienez, pare bat minutukoa. Gaiak oparoak izan dira, immigrazioa, cayuko baten ibilbidea, gizakien heriotza, ulermena norbanakoaren eskura uzten dutenak...
Beste proposamen bat Scratch-Videa Caostica vjs Travis & Cuajo izan da. Bertan, performanceak eta Caosticaren aukeraketa berezia eskaini zen. Bestalde, «Pagafantas» pelikularen aurrerapen bat eskaini zen atzo Cobeaga gauaren barnean. Euskal film hau aurkezteaz gain, zuzendariaren «La primera vez» eta «Eramos pocos» laburrak proiektatu ziren; hau guztia «Vaya Semanita»ko eszena batzuez lagunduta. Barreak izan ziren Zinebi Gunean protagonista.
Gaur, 19.30ean banatuko dirasariak eta, Iskandar Rementeriaren «Oteiza y el centro cultural Alhondiga» dokumentala estreinatuko da. Ostean, gaueko 22.00etan, Portishead-en ibilitako DJ Andy Smith artista ospetsuaren kontzertua izango da.
Zinebiren 50. urteurrenaren ospakizuna ez da bukatu eta datozen egunetan kulturak jarraituko du Bilboko kaleak girotzen.
«Me parece lamentable que este grupo no haya trascendido fuera de sus fronteras». Con esta visión encamina Bajo Ulloa el rodaje de su primer documental. Se trata de la mezcla entre una obra cinematográfica y musical; un caso único en el Estado español y que algunos ya han bautizado como «documental romántico del rock». El trabajo está basado en la historia de Distrito 14, un grupo de rock zaragozano que ha permanecido durante veinticinco años en la casi «clandestinidad comercial». Mientras, tal y como se muestra en el documental, países como Alemania o Cuba han aclamado a estos músicos. No estamos ante un documental musical común, lo que se pretende es transmitir la lucha diaria del grupo para alcanzar su sueño: «la ilusión de mover mentes y corazones a través de notas y palabras». Así, el director Juanma Bajo Ulloa y el componente de Distrito 14 Mariano Casanova, presentaron presentado dentro del festival de Zinebi esta «Historia de un grupo de rock», un homenaje a los grupos de rock que luchan por abrirse camino en el panorama musical actual.
I. R.