Izaro Gorostidi, Josu Larrinaga EHUko irakasle prekarioak
Unibertsitatean kolokan, hauteskundeetan ezerezean
Unibertsitate honetan ondo «instalatuta» dagoenak -lanaldi osoan dabilenak, adibidez- soldata duina jasotzen du (eta osagarriekin -esperientziadunek kobratzen dute hori batik bat- soldata goxoa ere bilakatzen da), baina hasiberria denak miseria gorrian bizi behar du
Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle prekarioak -kolokan gabiltzanok- gara lerrook sinatzen ditugunok, gutxi gora behera gure lan baldintzen (eta alde handiak daude gure artean ere) tankerakoak dituen jende multzo handi baten sentipenak eta kezkak islatzen saiatuko gara. Hemen eta orain idazten dugu, laster unibertsitatean egingo diren hauteskundeetan eragin nahi dugulako, baina nola eragin ezer pintatzen ez dugunok?
Harira joan baino lehen ñabardura bat: artikulu hau euskaraz soilik idatzi dugu..., ez baitugu unibertsitatean hizkuntza gaindosirik eragin gura. Hizkuntzak unibertsitatea antolatzeko ardatz ez duela izan behar pentsatzen dutenei ez diegu zer esaterik; jakintza bideratzeko eta transmititzeko, ezagutza ekoizteko eta zabaltzeko, ikerketa bultzatzeko... hizkuntzak, hitzak soberan baldin badaude, agian puzkerrak mintzo bitez?
Harira, ba, ezer pintatzen ez dugunok nortzuk gara EHU-UPVn? 3.031 pertsona gara, irakaskuntzan eta ikerketan dihardugun «beste pertsonal lotura iraunkorrik gabea» kategorian sailkatuta gaudenak. Hauteskunde hauetan -sufragio unibertsal ponderatua sistemarekin egiten direnak- gure botoen pisua, zenbaketa osoan %18koa da; irakasle finko doktoreen (1.878 pertsona) pisua %51koa, bestelako langileena (1.717 pertsona) %11koa eta ikasleena (48.076 pertsona) %20koa. Baten batek esan lezake ikasleek are gutxiago pintatzen dutela panorama horretan eta egia da, baina egia da ikasle izateak denbora muga duela, eta gu, berriz, hemen gaudela oro har hemen lan egin nahi dugulako, gure jakintza eta trebeziak hemen erabili nahi ditugulako ogibidea aurrera ateratzeko eta hemen geratzeko asmoa dugulako.
Zergatik dugu horren pisu txiki, ordea? Bada, unibertsitatea oso egitura injustua delako eta, beraz, gure menpekotasunak estrukturala izan behar du oso, hain zuzen ere, injustizia hori bere osotasunean mantendu ahal izateko. Nahiz eta asko izan, gure botoak gutxi balio izatea komeni da, gure egoera pertsonalak anitzak eta sakabanatuta egotea, gure izaera, difuminatua,... statu quoa manten dadin. Gure ustez, ordea, bada lotzen, berdintzen gaituen ezaugarri bat; prekarioak gara, kolokan bizi gara:
Lanaldi partzialeko kontratua dugun irakasleok kolokan bizi gara; eskandaluzko soldata apal-apalak kobratzen ditugu ordutegi bideraezinetan ikasgai konplikatuenak ematearen truke. Unibertsitate honetan instalatuen dagoenak -lanaldi osoan dabilenak, adibidez- soldata duina kobratzen du (eta osagarriekin -esperientziadunek kobratzen dute hori batik bat- soldata goxoa bilakatzen da), baina hasiberria denak miseria gorrian bizi behar du, edota, gertatzen ari den bezala, lanbidez aldatu. Egoera oso larria da eta askotan ikasleek ere nozitzen dute: ikasturte erdia igarotzean desagertzen diren irakasle horiek, irakaslerik ez duten ikasgaiak; egoera horrek eragiten du hori guztia. Batzuek jadanik nahiago dute metalaren sektoreko enpresa batean lan egin.
Kolokan bizi gara lan-poltsetako zerrendetan gauden irakaslegaiok; irailero ea deituko duten, ea sail bakoitzean zerrenda osatu duten epean, ostegun edo ostiral batean hurrengo astelehenean ematen hasi behar duzun ikasgaia zein den jakinez, ikasleei beti barkamen eske -denetarik ezin jakin eta ikasgai bitxienak beti azaltzen dira enkante horretan- materialak eta materia erlojuaren kontra prestatuz. Eta urtean edota bi urtean behin sailetako epaimahaiak aldatu egiten dira eta eurekin batera gure curriculumak baloratzeko irizpideak eta zerrendetako gure postuak gora edo behera mugitzen dira, ezin jakin zergatik eta burokrazia handi honetan galdetzera bazoaz, helegitea aurkeztu beharko duzu eta pare bat ikasturtez erantzunaren zain gera zaitezke.
Kolokan bizi gara ikerlari eta bekadun asko, beti presiopean, lan gaitz eta eskergabeenak egiten, etengabe erabateko botere feudala daukaten katedradun eta ikerketa-buru askoren umoreari so, lan eskubiderik gabe, gure etorkizunean sekulako eragina izan dezaketen erabaki erabat arbitrarioen beldur, era informal bezain gupidagabean azaltzen diren mehatxuen biktima izanik.
Arazo hauek konpontzeko, lehenengo eta behin, arazoaren tamainaren kontzientzia hartu behar da, azterketa sakona egin eta konponbidea bilatzeko konpromisoa erakutsi; gero, unibertsitate-politika zehatzak beharko dira; batzuk aurrekontuei dagozkie -dagoen dirua era zuzenago batean banatu behar da, eta formulak bilatu, beste biderik ez dago-, beste batzuk prozedurazkoak dira eta egoera batzuek aldaketa kulturalak eskatzen dituzte. Baina non dago konpromiso hori? Let´s progress Goirizelaia? Hemen batzuen aurrerabidea, besteon miseriaren gainean eraikitzen da, egunero.
Aldaketa garrantzitsu batzuk egon dira EHU-UPVn azken urteotan: lan finkorako bide laborala lortu da, osagarrien bidez askoren soldatak duindu dira. Unibertsitate publiko gero eta euskaldunagoaren alde lan eskerga egin duen jende askok hauteskunde hauek lorpentxo horiek finkatzeko aukera legez ikusten dituzte. Baina ezer pintatzen ez dugunok ez al dugu zer esanik? Gure egoera latzak, gure eskubideak non gelditzen dira hauteskunde hauetan? Ba al dago inor, hor mugaren bestaldean?, egunero, campusetan ikusten ditugun horiek, gure munduan bizi al dira oraindik?