GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Greba eta mobilizazioen bidez egingo zaie aurre Arrasaten AHTrako lurren desjabetzeei

Sustapen Ministeritzak gaur hasi eta osteguna bitarte AHT-ko desjabetze eta akten altxamendua egingo ditu Arrasaten. Herritarrak ordea, euren kontrakotasuna erakutsiko dute greba eta mobilizazio bidez.

arrasate_ona.jpg

GARA |

Arrasatearrek lanuzteak eta mobilizazioak egingo dituzte gaurtik hasi eta ostegunera arte, Estatu espainoleko Sustapen Ministerioak AHT eraikitzeko lanak direla medio egingo dituen lurren desjabetzeen eta akten sinatzeen aurka.

Atzo abiatu zuten desjabetzeen kontrako mobilizazioak, Seber Altube enparantzan hasitako manifestazioarekin, eta gaur greba deialdia egin du Arrasateko AHT Gelditu! Elkarlanak herriko ikastetxe zein Mondragon Unibertsitatean. Arratsalderako gainera, elkarretaratzea deitu dute, 20.30ean herriko enparantzan. Ekimen hauen helburua herriak bizi duen egoera «larria» salatu eta Abiadura Handiko Trenaren proiektua gaitzestea da, antolatzaileen esanetan.

Azpiegitura hau «inposatu nahi diguten eredu neoliberal basatiaren erakusgarri» dela salatzen dute eta argi adierazten dute AHTk ez dituela herritarren eguneroko beharrak aseko. «AHTk diruzale gutxi batzuen poltsikoak betetzeko beste ezertarako ez du balio».

Deba Goienan aspaldi hasi ziren AHT eraikitzeko lanak eta «aterik jo gabe» abiatu izana gogor gaitzetsi dute. Obren eragina ere gero eta nabarmenagoa dela esan dute eta beren hitzetan, «txikizioaren ondorio argiak» bistan dira dagoeneko. Hala nola natur ingurune aberatsen desagerpena eta erreken lehortzea aipatu dituzte oharrean.

Beste gizarte eredu parte hartzaileago bat aldarrikatzen du Elkarlanak, «guztion etorkizuna hipotekatuko ez duena». Hori dela eta, «proiektu erraldoi hau gelditzeko» egun hauetan egingo diren mobilizazioetan eta greban parte hartzeko deia egiten die arrasatear guztiei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo