Jipoituaren larruan sartzeko ahalegina egin du Anjel Lertxundik
Durangoko azokaren atarian bi liburu aurkeztu ziren atzo. «Zoaz infernura, laztana» (Alberdania) da Anjel Lertxundi oriotarraren azken eleberria. «Ihes betea» argitaratu eta bi urtera, tratu txarrei buruzko istorio hunkigarria idatzi du oraingoan. Emakume batek, bera jipoitzen zuen senarra erail ostean, epaileari eta kartzelako gizarte-laguntzaileari egindako aitortzak biltzen ditu. Genero beltza aukeratu du konfesio horiek lehenengo pertsonan kontatzeko.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
Duela 25 urte, epaile batek gertakari baten inguruan egindako sumarioan oinarritutako ipuin bat idatzi zuen Anjel Lertxundik, eta sufritzen ari zenari ez ziola mesederik egiten ohartu zen. Geroago, sexuan oinarritutako moldaketa bat egin zuen telebistarako eta «injustizia literario» bat egin zuela iruditu zitzaion. Gainera, «Hamaseigarrenean, aidanez» filmean, zendu berri den Mikel Laboak abesti batean emakumearen patuaren gaineko gogoeta egiten zuen. Ideia horretatik abiatuta eta zorrak kitatzeko asmoz, tratu txarrak jasaten dituen emakumearen larruan sartzen saiatu da Lertxundi. «Ez dakit asmatu dudan, baina ahalegina guztiz sinceroa izan da, guztiz benetakoa».
Rosa izeneko emakume baten istorioa kontatzen du «Zatoz infernura, laztana» eleberriak, bere senarraren jipoiekin nazkatuta, hura erail eta kartzelan dagoenarena. Horretarako genero beltza aukeratu du Lertxundik, intrigak, susmoak eta gertakarien garraztasunak maisuki transmitituz. Hala ere, irakurketa gehiago ere izan ditzake liburuak, asko baitu psikologikotik edota salaketa sozialetik ere. Idazteko garaian, ez zuela ez trataturik irakurri, ez egoera horretan dauden emakumeen aitortzarik entzun, ezta eurekin lan egiten duten gizarte-laguntzaileekin hitz egin ere adierazi zuen Lertxundik. «Ez nuen horrelakorik egin nahi. Pertsonaiak berak eraman nau kontatu dudana kontatzera, idazkerak berak. Gainera uste dut, horretan saiatu banintz, eleberriaren kalterako izango litzatekeela».
Idazleak hiru ahots erabili ditu bere kontakizunean. Alde batetik, Rosarena. Senarra erail ondoren epaileari egiten dion aitortzaren transkripzioa bakarrizketa moduan agertzen da. Ekintza beraren aitortza oso bestelakoa da, ordea, kartzelako gizarte-laguntzaileari egiten dionean. Aurrez senarrak emakumeari izaten utzi ez zion lagun bihurtuko da gizarte-laguntzailea. Horixe da, hain zuzen, eleberriko bigarren ahotsa, Rosak esandakoari buruzko gogoetak egiten dituena. Hirugarren ahotsa, berriz, «neutroa» da, narratzaile lanak egiten dituena.
Liburu honen beste ezaugarri bat erabilitako hizkera da. Lertxundiren esanetan, aurreko lanetan ez bezala, «hizkera gardena» erabiltzen saiatu da. «Errealitatearen eta nire artean kristal bat dago beti: hizkera. Zenbat eta artifizio gehiago jarri, orduan eta errazago hurbilduko naiz errealitate horretara, baina beste modu batean. Normalean erabiltzen ez dudan hizkera bat behar nuen eta asko kostatu zait bertara iristea».
Lertxundik adierazi zuen egunero komunikabideetan tratu txarrei buruz topatzen ditugun albisteak ohikoak egiten zaizkigula jada, baina ez direla inoiz sufritzen ari den emakumearen logikatik begiratzen; «gure logika aplikatzen dugu, baina ez du ezertarako balio». Gainera, aitortu zuen beretzat idaztea normalean plazera bada ere, sarri sufrimendu bihurtu zaiola kasu honetan, eta gaian zenbat eta gehiago sakondu, orduan eta solidarioago bihurtu dela.
Bikote perfektua ala ezinezko bikotea? Galdera hori jartzen du mahai gainean Harkaitz Canok bere azken liburuan. «Zinea eta literatura, begiaren ajeak» (Elkar) jarri dio izena lasartearrak, eta bien arteko harremanak, bakoitzaren kontraesanak eta beste hainbat kontu aztertu ditu. Horretarako, azken hamar urteetako literatura eta zineko hainbat adibide izan ditu hizpide. «Biek dute zerbait kontatzeko beharra, bakoitzak bere esparrutik».
Canok historiara jotzen du harremana nola hasi zen kontatzeko: «Garai batean zinea neskame eta umeentzako dibertimendua zen, gutxietsita zegoen. Horregatik hasi ziren zinemagileak liburuetara jotzen, nolabaiteko maila bat emateko». Hala ere, idazlearen esanetan, zineari kosta egiten zaio jendearen pentsamenduak adieraztea eta hor dago gaur egungo erronka. Idazlearen desafioa, berriz, zinera eta beste ezertara egokitu ezin den liburua idaztea dela esan zuen.
Canok beste hainbat gai ere izan ditu aztergai. Telebista eta literaturaren arteko erlazioa, esaterako. Bere esanetan, lotura estuagoa da kasu honetan zinearenean baino, eta «House» telesail amerikarra jarri zuen adibide gisa. «Sherlock Holmesen tankerako pertsonaia garatuago eta konplexuago bat da».
Teknikaren aurrerapenek lengoiaren aldaketa ekarri dutela esan zuen Harkaitz Canok; «orain edozeinek egin dezake pelikula bat edo argazki on bat. Etxeko grabazioek edo bideo amateurrek duten arrakasta ikusita, zuzendari asko inperfekziora jotzen hasi dira».
A.A.
«Ez dakit emakumearen larruan sartzen asmatu dudan, baina ahalegina guztiz benetakoa izan da, eta sufrimendu ere bilakatu izan zait momentu batzuetan».
«Zoaz infernura, laztana».
Idazlea: Anjel Lertxundi.
Argitaletxea: Alberdania.
Orrialde kopurua: 179.
«Zinea eta literatura»'.
Idazlea: Harkaitz Cano.
Argitaletxea: Elkar.
Orrialde kopurua: 129.