GARA > Idatzia > > Kultura

«Hegalik gabe hegan», Une Nare Eza taldearen bigarren diskoa kalean da

Kontzertu akustiko labur bat eskainiz estreinatu zuen UNE taldeak atzo bere bigarren lana. Metal, rock eta pop ukituak nahasten dituen disko honek kontrasteak ditu emaitza, dinamismo handiko musika.

p050_f01_148x104.jpg

Ianire RENOBALES | BILBO

UNE (Une Nare Eza) taldeak bigarren diskoa kaleratu berri du "Hegalik gabe hegan" izenburupean. Lana aurkezteko kontzertu akustikoa eskaini zuten atzo musikariek Bilboko Fnac aretoan arratsaldeko 19.00etan.

Metala baino rocka darabilte gehienbat bigarren lan honetan; doinu indartsuak lortu dituzte estilo honi esker. Taldekideek diskoak «izenburu metaleroa» daramala adierazi zuten; hala ere, «oso kontraste handiak nabari daitezke hamabi abestiko lan honetan». Gauzak hala, muturrak topa daitezke diskoan, hala nola «sentiberatasuna eta gorrotoa, kantu melodikoak eta lasaiak, beltza eta zuria, bizkortasuna eta lasaitasuna» dira nagusi. Baina rocka eta metalarekin batera, pop ukituak ere antzeman daitezke zenbait abestitan, gehienak lasaitasun horrekin lotzen direlarik.

UNEk adierazi zuenez, «letrak nahiko minimalistak izaten dira». Musikariek xehetasunetan edo gauza txikietan jartzen dute arreta, ondoren horiei buruzko letrak sortzeko. Alabaina, gai sakonagoak eta orokorragoak tartekatzen dira «Hegalik gabe hegan» lanean.

Bestalde, letra hauek sortzerakoan laguntza izan dute birritan. Batetik, Latzen taldeko Gorka Lazkanok idatzi ditu abesti bateko hitzak; bestetik, UNEren beste lagun batek sortu zuen kantu baten zirriborroa.

Aldaketa ibilbidean

UNE taldeak 2004an hasi zuen bere ibilbide arrakastatsua. Kideak bizkaitarrak eta gipuzkoarrak ziren, baina entsegu lokala Bilbon finkatzea erabaki zuten. Garai hartan, taldeak ez zuen izenik oraindik, baina, Bizkaiko taldekideek Aitor Uriarteri (Latzen, Sen) beraiekin batzeko proposamena egin zioten. Abeslariak onartu egin zuen, eta eskarmentu handiko musikariak zirenez, denbora laburrean maketa bat grabatu zuten Ondarroako Santos anaien estudioan 2005eko otsailean. Lan hori ekoitzi ostean, jaso zuen taldeak UNEren izena eta betiko egonkortasuna lortu zuten. Gauzak horrela, 2006an kaleratu zuten lehen diskoa Oihuka argitaletxearekin eta, berehala, Kauta taldearekin batera, Euskal Herriko areto eta leku askotan aritu ziren.

Lehen diskotik bigarrenera saltoa eman dute. Lehenengo lan hartan abestiak estilo bertsukoak ziren, bigarren disko honek, ostera, kontraste handia azaltzen du kantu gogorrak eta lasaiak tartekatuz. «Diskoaren azken emaitza ikusita, eskema batzuen ildoan izan zitekeen. Honakoa muturrekoagotzat jotzen dugu, inongo konplexurik gabe», azaldu zuten taldekideek. «Orokorrean, dinamismoa lortu dugu eta entzunaldia erakargarriago bihurtzen du. Zuzenekoetan bi diskoak elkarren osagarri izango dira, errepertorioa askotarikoa eta aberatsago eginez», gaineratu zuten.

Eskainiko dituzten kontzertuei dagokienez, datorren ostiralean, hilaren 5ean, Bilboko Plaza Berrian arituko dira arratsaldeko zortzietan. Bigarren emanaldi bat ere izango da abenduaren 12an, Larrabetzuko gaztetxean, eta horretan Betagarri eta Gose euskal taldeekin batera joko dute.

UNE taldea ondorengo musikariek osatzen dute: Aitor Uriarte (ahotsa), Rober Garzia (gitarra-jotzailea), Xabi Orea de Zumarraga (bateria-jotzailea) eta Karmelo Aretxaga "Mel" (baxu-jotzailea).

Fitxa

Taldea: Une Nare Eza.

Izenburua: «Hegalik gabe hegan».

Abestiak: 12.

Kontzertuak: Ostiralean, abenduak 5, Bilboko Plaza Berrian, 20.00etan. Abenduaren 12an, Larrabetzuko gaztetxean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo