GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Kulturaren sortzaile iraultzaile baten agurra

Mikel Laboa hil da, belaunaldien arteko zubi eta lokarria

Udazkenean haizeak zuhaitzetako hostoak lekuz mugitzen dituen moduan eraman zuen Mikel Laboa abenduaren lehenengo boladak. Egun euritsuak zipriztindutako arboletan gora egin zuen eta, lurrean, ondo gordeta geratu da bere altxorra. Belaunaldien arteko lokarri izandakoaren ustekabeko heriotzak samina eta dolua eragin zituen azken hamarkadetan bere gordeleku izan den euskal kulturaren munduan.

p002_f01_199x120.jpg

Ariane KAMIO | DONOSTIA

Mikel Laboaren heriotzarekin esnatu zen atzo abenduaren lehena. Euritsu eta heze, eguna are gehiago goibeldu zuen euskal kulturan eta musikagintzan azken hamarkadetako erreferente nagusi izan denaren desagertzeak. 74 urterekin umezurtz utzi zituen urte luzeetako lanarekin loratutako «seme-alabak». Laga duen ondareak, baina, balio erantsia du: bizi artean egin bezala, belaunaldien arteko zubi mugiezina izaten jarraitzen duela, hain zuzen.

Azken garaietan pairatzen zituen gaixotasunek apurka-apurka itzali dute euskal kulturaren iraultzaileetako baten argia. Goizaldeko bostetan egin zen hutsunea are handiago, ustekabeko heriotza izan baita Laboak berak utzitakoa. Donostiako Poliklinikatik Errekalde auzoko beilatokira eraman zuten bere gorpua eta, arratsaldeko bostak arte sendi arteko beila aurreikusi bazen ere, hara eraman zutenetik hura maite zutenen bisitak bata bestearen atzetik errepikatu ziren. Beilatokiko sarreran dozenaka lagun eta kazetari bildu ziren bart.

Agurrak eta omenaldiak

Gorpua gaur eguerdian, 11.15ean, erraustuko dute, baina eskainiko zaizkion omenaldiei buruzko informaziorik kasik ez zen argitan agertu. Gipuzkoako Foru Aldundiak baieztatu zuenez, abenduaren 13an Laboak jaso behar zuen Urrezko Domina hil ondoko sari gisa emango diote. Lagun arteko oroitzapen agurren bat egotea litekeena da, baina senitartekoen nahiaren araberakoa izango da, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak azaldu zuenez.

Goizean goizetik izan ziren nagusi joan-etorriak hil kaperan. Lehenbizi hurbildu zirenak Angel Valdes Elkar musiketxeko produkzio arduraduna eta Jose Mari Gorrotxategi konfiteroa izan ziren. Haien atzetik jarraitu zuen bisita soka luzeak. Eta, horien artean, nola ez, Ez Dok Amairu zeneko taldekideetako batzuk izan ziren. Tartean zeuden Benito Lertxundi eta Xabier Lete kantariak. Samina begietan islatzen bazitzaien ere, laudorioetarako indarra atera zuten. Orioko musikariaren hitzetan, «oso tipo bitxia zen, xumea, artista handi bat». Lagun artea eta egunerokotasuna atsegin zituen gizasemetzat jo zuen eta, «artista munduan askotan gertatzen zen zerbait bazeraman, hau da, artista izan baina, era berean, lotsatia, eta pixka bat beldurtia» zen. «Artisten munduan lan egiteko ezinbestekoa da eskaparatean jartzea, eta berak horrekin sufritu egiten zuen asko», azaldu zuen. «Animalia maitagarriak, oso kuttunak izaten dira, eta tankera horretako gizona zen bera». Leterekin ere hamaika gauza bizitakoa zen Laboa, «kantari bezala oso berezia» izandakoa. «Berezia izan da bere kantatzeko manerak eta espresaerak kantuari halako misterio berezi bat ezartzen ziolako. Abesti bati etekin izugarria, lilura, ateratzen zion pertsona zen eta, estiloaren definizio aldetik, izugarrizko proiekzioa eta zabaltasuna izan du», azaldu zuen.

Belaunaldietan zertxobait behera eginda, Bernardo Atxaga eta Ruper Ordorika -1977an Bilbon jaio zen Pott Bandako sortzaileetako bi- ere azken agurrean izan ziren. Ura zirrikituetarantz joaten den bezala, kazetarien artean iheskor agertu ziren eta doluaren aztarnak isilpean gorde zituzten, Joxan Artze eta Jose Luis Zumeta betiko lagunek egin zuten antzera.

Eta, oraindik urteetan beherago joanda, belaunaldien arteko zubiaren beste aldean izan ziren Oreka TX taldeko kideak, eta Muguruza anaiak (Fermin eta Jabier), besteak beste. Azken horiek hartu zuten abeslari donostiarra «belaunaldien arteko lokarritzat». «80eko hamarkadan atera ginenean zer nolako interesa jartzen zuen egiten genuenarekin, nola kolaboratu zuen Kortaturekin, eta ondorengo belaunaldiekin egindako jarraipena» izan ziren Ferminek baliatutako argudioak lokarri horren existentzia ziurtatzeko.

Euskal Herriko hedabideetako buruek ere lagundu zuten bere azken agurrean. Bertan izan zen Josu Juaristi gara egunkariko zuzendaria. Gizakien arteko belaunaldietan lokarri izan bazen, agerkarien artekoen iraupenean ere zubi lanak egin zituen. «Egin» egunkariaren eta irratiaren itxieraren ondoan, «Gara» sortu aurreko egunetan Anoetako Belodromoan egin zen ekitaldiko protagonistetako bat izan zen eta, agidanez, zubi hark ere zutik dirau.

Kulturaren arlo zabaleneko ordezkari eta artistak hurbildu ziren Errekaldera. Zerrenda amaigabea da, baina, batzuk aipatzearren, Joseba Tapia, Iñaki Salbador, Urko, Mikel Markez, Juan Mari Irigoien, Juan Antonio Urbeltz eta Imanol Lazkano bertaratu ziren.

Mikel Laboaren heriotzak, bere lagun eta ingurukoez gain, instituzioetako arduradun eta alderdien erreakzio soka luzea ekarri zuen. Ezker abertzaleak zabaldutako ohar baten arabera, «dudarik ez da gaur euskarak, euskal kulturak nahiz Euskal Herriak musikari eta pertsona garrantzitsua galdu dituela, izan ere, oparoa eta ordezkaezina baita Laboak euskal musikagintzan egindako lana eta utzi duen uzta. Baina berak kantuan zioen bezala, `gu sortu ginen enbor beretik, sortuko dira besteak'». Arnaldo Otegik, bestalde, «euskararekiko eta Euskal Herriarekiko konpromisoa musikaren eta poesiaren bitartez azaldu zuen gizona» izan zela esan zuen.

Euskararekin lotura estua izan zuela jakina den arren, AEK-k eta Korrikak «omenaldi xumea» eskaini zioten hainbatetan eurekin elkarlanean aritu den artistari. Hala, beren web orrian (www.korrika.org), Korrika 13ren kantua eta Laboaren hainbat argazki jarri zituzten, baita berari eskainitako testua ere.

Gipuzkoako Aldundiko instituzioetatik, Markel Olano, Maria Jesus Aranburu eta Rafaela Romero hurbildu ziren hil kaperara eta, euskal kulturaren «ikonoaren» galera deitoratu bazuten ere, hark utzitako altxorraren garrantzia goretsi zuten, Miren Azkaratek egin bezala. Onintza Lasa, EAko Euskara, Kultura eta Hezkuntza idazkariaren arabera, «euskal kulturaren erreferente» horrek utzitako lanak bizirik iraungo du denborak aurrera egin ahala; Odon Elorza (PSE) Donostiako alkateak, bere aldetik, «musika sakonki berritu» zuen artista izan zela azpimarratu zuen.

Hil aurreko azken orduetan, ordea, omenaldi xumea jaso zuen Mikel Laboak Katalunian. Urtero legez, Escenall saria banatu zen larunbat gauean eginiko ekitaldi batean, eta kantari donostiarrari eskaini zioten ibilbide musikal eta artistikoan egindako lanagatik. Antolatzaileek garari adierazi ziotenez, «oraindik ekitaldiko txaloen soinuak entzuten diren honetan, ezinezkoa zaigu utzi gaituela barneratzea».

Isil-isilik, maiz egin ohi zuen moduan, agurtu zen Mikel Laboa urte luzeetan seme kuttun izan duen euskal kulturaz, Euskal Herriaz eta bertako eta nazioarteko jendarteaz. Syntoramak ohar batean azaldu zuen bezala, «hegan doa Mikel Laboa, txori, amets, kolore eta hiztegirik gabeko hitzen artean». Eta halaxe joan zen, isilik eta kantuan, hegan eta oinez, baina txapela buruan beti.

URREZKO DOMINA

Donostiako Udaleko alderdiek Gipuzkoako hiriburuko Urrezko Domina Mikel Laboari ematea proposatu dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak, bestalde, Gipuzkoako Urrezko domina hil osteko sari gisa eskainiko diola azaldu zuen.

BELAUNALDIEN LOKARRI

Musikari beteranoez gain, gazteagoak ere hil kaperan izan ziren. Fermin Muguruzak gazteen sorkuntzan egin zion jarraipena goretsi zuen eta beheragoko belaunaldiengan izan duen eragina nabarmendu.

LAGUN ZAHARRAK

60eko hamarkadan Ez Dok Amairu taldeko sortzaileetako bat izan zen. Atzokoan ere bere ondoan izan zituen garai hartako lagunak. Bertan izan ziren Joxan Artze idazlea eta, Xabier Lete eta Benito Lertxundi kantariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo