GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Martin Anso Kazetaria

Lamiak Durangon

Lamiak eta gizakiak elkarren ondoan bizi ziren, baita elkarrekin ere, batzuetan, behintzat. Horra, adibide moduan, Lanbreabeko lamiaren eta Gorostiagako mutilaren arteko maitasun istorio hunkigarria (Barandiaran).

Lamien eta gizakien arteko harremanak elkarrekikotasuna zuen oinarri, hots, lamiek lan edo zerbitzu batzuk egiten zizkieten gizakiei eta, trukean, opariak jasotzen zituzten. Eta alderantziz. Harreman horren lekuko da Bazterretxeko lamien istorioa (Barbier).

Halako batean, baina, Elizak -botereak, azken batean- bizikidetza harekin bukatu beharra zegoela erabaki zuen. Lamiak kriminalizatu eta gupidagabe jazarri zituzten. Igorren, esaterako, haien bizilekua suntsitzeko, errekak goldatzera iritsi ziren (Azkue). Gero, lamien memoria ere lizundu nahian, haiekin zerikusia zuten istorioak faltsutu zituzten. Horregatik, gugana iritsi diren kontakizun askotan gaizkile moduan agertzen dira (ergel moduan agertzeaz gain).

Prozesu hori guztia ederki dokumentatu du Juan Inazio Hartsuagak («Euskal Mitologia konparatua», Kriseilu, 1987, edo Gaiak, 2004). Eta, hain justu, gugana iritsi diren kontakizun horiei esker dokumentatu ahal izan du. Izan ere, faltsutu dituzten arren, ezin izan dute beti ezkutatu horien azpian gorderik dagoen egia: lamiak ez ziren gizakien etsaiak eta are gutxiago kriminalak; lamiek eta gizakiek elkarri laguntzen zioten.

Zergatik aipatzen dut hau guztia eta zergatik orain? Juan Gorritiren «Mailopeko lamia» ikusi berri dudalako. «Egin» eta Egin Irratiko langile ohion ikur nagusietako bat izango da Durangoko Azokan.

Orain dela hamar urte indarraren indarrez itxi zituzten bi komunikabide haiek gogoratzeko lanen bat eskatu diotenean, ez dakit nik lamiei buruz arestian esandako guztia kontuan izan duen Gorritik, baina, sinboloa aukeratzean, bete-betean asmatu duelakoan nago. «Egin» eta Egin Irratia lamiak ziren. Euskal herritarrekin zuten harremanak elkarrekikotasuna zuen oinarri. Elkar elikatzen zuten. Halako batean, baina, botereak, haien ahotsa gustuko ez zuelako, kriminalizatu eta, azkenean, isilarazi zituen. Gero, haien memoria lizundu nahian, istorioak faltsutu dituzte. Baina, sarri, istorio faltsutu horien azpitik ere ozen bezain garden iristen zaigu ahots haren egia. Halaxe gertatuko da Durangon; han, Gorritirekin eta beste artista eta herritar askorekin batera, lamientzat ere adierazpen askatasuna errebindikatuko dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo