GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Prud'Hommes: CGT nagusi eta LABek gora

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan egin berri diren Prud'Hommes lan auzitegiko kontseilariak hautatzeko bozen emaitzaren arabera, CGTk aurrea hartu dio orain arte boto gehien zuen sindikatuari, CFDTri, hain zuzen. Estatu frantsesean, oro har, indar berbera gertatu zen garaile herenegungo hauteskundeetan; hala, sindikalismo borrokalariago, langileekin engaiatuago baten aldeko joera nagusitu dela ondoriozta genezake. CFDT erreformazaleagoak berak onartu zuen atzo joera hori, erradikalizatze hori krisialdiaren ondorio dela erranik. Hauteskunde hauek, gainera, LAB sindikatu abertzalearen finkatzea ez ezik, haren goranzko joera sendoa ere utzi dute agerian, kontseilari bat izatetik lau izatera iragan baita, azken urteetan egin lanaren fruitu oparoaren erakusgarri. Beste sindikatuek ere aitortu dute sindikatu abertzaleak bere lekua irabazi duela eta boz hori «politiko identitarioa» ere badela. Izan ere, Ipar Euskal Herrian gero eta garrantzi handiagoa eskuratzen ari den herri proiektuak sindikalismoan ere isla baduela erakutsi dute hauteskunde hauen emaitzek. Alta, langileen parte hartze eskasak -enpresaburuena baino eskasagoa- sindikatuen hausnarketa-gai izan behar luke, egungo sindikalismoak langileen beharrei zenbateraino erantzuten dien eta borroka sindikalak zer norabide hartu behar lukeen aztertuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo