Eszenak
Mugaz bestaldeko malkoak
Dorleta URRETABIZKAIA
Aktorea eta idazlea
Arte eszenikoei buruz hitz egin behar dudan honetan, pantaila hutsa basamortu zuria iruditzen zait. Hilaren zortzira arte Tolosan izango dugun Titirijai txotxongilo jaialdia datorkit gogora eta, honekin batera, oraindik hitzik gabeko pantaila huts eta zurian, beste erresuma batera naraman irudi bat. Basamortu zuriaren erdian, zerutik datorren soka mehe batek eusten duen lumazko gorputz mokodun bat ikusten dut, albo bietan, bi hegal dituen txori txiki bat. Eta zerutiko soka mehea tiraka hasi zaionean, txoria zerurantz hasi da hegan, eta une honetan, kantu eder bat entzuten dut nire ama eta amonaren bihotzetik gizon ahots goxoaz datorkidana. «Hegoak ebaki banizkio, neuria izango zen, ez zuen alde egingo... Baina honela, ez zen gehiago txoria izango, eta nik, txoria nuen maite».
Nire hatzak musikarekin batera mugitzen hasi dira, eta hodei zurizko pantaila hutsa hizkiz bete da. Bihotzetik datozen esker oneko hitzak dira, betiko agurra eta betiko ongietorria eman nahi duten letrak. Mikel Laboari zuzendutako kantu xumeak. Euskal kulturaren alde eginiko lan guztiagatik bihotz-bihotzetik ateratzen diren esker oneko hitzak. Aurretik idatzirik dagoen obraren txotxongilo hutsak izatera kondenatuak gauden honetan, bere kantuek, kateak moztu eta askatasunaren bila abiatzeko gonbita luzatu digute, eta baita azken hitzorduan beti puntuala den heriotzak bere magalean eramaten gaituenean, ondorengoenganako konfiantza eta itxaropena izaten ere. Eta azken hegaldira abiatu den honetan, bere hortzetan itzali den azken antzia, beste batenetan loratu den lehen irria bilakatu da. Zozo beltza bezala. «Xoxo beltz bat banuen kaiolan sartuta. Egun batez neguen hil zen gixajua. Lurpian sartu nuen zelaian xokuan. Eguna argitzen denian xolu hartan, xolu hartan, xoxuen kantua».
Antzokietako agertoki nahiz eserlekuetan sarritan ikusi dugun gizon handi honek, antzerkia ere, maitea zuen. Bertolt Brecht dramaturgo alemaniarraren hainbat poemari musika ipini eta diskoa kaleratzeko zailtasun handiak izan ostean, 69an, Iparraldean kaleratzea lortu zuen. Eta kolaborazio asko ere egin izan ditu Euskal Herriko hainbat antzezlan eta pelikulatan ere. Hatzak teklatuaren aurrean geldirik geratu zaizkit, eta dagoeneko hizkiz beteriko pantaila zuriaren atzean, beste erresuma batera naraman beste irudi bat dago. Gaiarre antzokia da, poetak bere lehen kontzertua eman zuen agertokia. Antzokia jendez gainezka dago, eta isiltasun betea entzuten da. Agertokiaren erdi-erdian zutik, kapela, oinetako zuriak eta beroki beltza daramatzan gizona. Ez darama gitarra soinean, oraingo honetan, publikoaren bihotzeko kantua berak jasoko duelako. «Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak, borroka hortan iraungo dute zuhaitz-adaxka gazteak. Beren aukeren jabe eraikiz ta erortzean berriro jaikiz ibiltzen joanen direnak: gertakizunen indar ta argiz gure ametsa arrazoi garbiz egiaztatuko dutenak».
Eta Gaiarreko txoria zeruko hodei zurietan betiko desagertu denean, maitasunez beteriko txalo zaparrada batek busti ditu gure herriko bazterrak. Eta lanbroaren mugaz bestaldetik, malkoak erori dira, gure bazter miresgarriak ikusten uzten dizkiguten kantuak.