Maite Ubiria Kazetaria
1.000 euro auto zaharra, 3.000 milioi Flamevilleko zentrala
Azkenaldion iragarpenak egin eta egin ari da EBko presidentea. Agintaldi europarra agortzear duelarik, sona handiko planak plazaratzen ditu, bata bestearen atzetik, Nicolas Sarkozy jaunak.
Lehenik eta behin, noski, finantza arloan bere sorospen plana aitzineratu zuen. Banketxeetan sosa franko sartu ondoren, oraingoan tamaina handiko hainbat enpresatan guztion dirua, zeharka bada ere, sartu nahian dabil Eliseoko nagusia.
Gure inguru hurbilean jada pairatzen ari gara diru publikoaren bidez elikatzen den bihotz gabeko kapitalismoaren logikaren kalteak. Azken adibidea Hazparnen dugu. Mozkinak ateratzen dituen Alphacan-ek ateak itxiko ditu. Multinazionalak ez du dirurik galdu, atal ezberdinetan banaturik baitu ekoizpena. Alabaina, nahi lukeen baino gutiago irabazi omen duenez... jendea etxera bidaltzea erabaki du.
Leda Production-ek eredu horri jarraitu dio. 11 milioi euroko afera, milatik gora langile munduan, 167.000 euroko mozkinak... eta Baionako 27 langile kale gorrira!
Sarkozy diru gehiago sartzeko prest da, baina ez edonon, frantziar ikur diren konpainia erraldoien kutxetan.
Espekulazioa jatorri duen krisia gainditzeko bidean, espekulazio saio berriak ahalbidetu ditzaketen neurriak jarri ditu mahai gainean oraingoan.
Hartara, ekonomia atzeraldian sartzeko zorian denean, Frantziako presidenteak fiteago ibil gaitezen auto berria eros dezagun proposatzen digu. 1.000 euro bagnole zaharra baztertzeko. Eta, bide batez, Peugeot, Renault eta gainerako multinazionalek saldu ezinik dituzten auto ilara zertxobait arintzeko.
Sei banku nagusiek 10.500 milioi euroko laguntza jaso dute. Diru horrekin, bistan da, gauza anitz egin ditzakete. Esaterako, mila euro jasoko duten auto zaharren jabeei beste 10.000 euroko mailegua saltzea auto berria erosi ahal izateko. Biba!
Zifren mozkorraldiarekin bukatu aitzin, gogora dezagun Normandiako Flamevillen, hain zuzen, EDF konpainia isil-isilean zentral nuklearra eraikitzekotan dabilela.
Hasieran 3.300 milioi euroko kostua zuen mehatxuzko tramankuluak. Jakin berri dugunez, faktura %20an emendatu da. Erne, zulo atomikoa ere gure kontura egingo dute-eta!