GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Igogailuko eguraldia

Igogailu batean nagoela begitantzen zait, apenas ezagutzen dudan pertsona baten ondoan egon ere. Eta astiro jaisten dagoela, oso, igogailuaz nago. Zer egin horrelakoetan? Bada, eguraldia hartu elkarrizketarako aitzakia; badakizu, seguru noiz edo noiz zuri ere gertatu zaidala, seguru. Kontua da batzuetan hori gertatzen zaidala goizean goiz etxetik atera eta segituan, oraindik zer eguraldi dagoen jakin barik. Hori kolpea! Baina, zelan izango da hori hiri handietako etxe-orratzetan?

Pentsatu New Yorken goizean goiz ehun eta hamaikagarren solairutik jaisten zaudela zure ondora orain gutxi bizitzera etorri den emakumezko marine zuri batekin. Bai, hasieran zure etxeko leihotik behera begiratuta ikusi dituzun hodei matazak dituzu aipagai, eta geroxeago atzoko eguzki izpiak eta herenegungo euri lardatsa, baina hirurogeita bederatzigarren solairuan zaudenerako sagar handiko azken hamarkadetako euri datu historikoen parametro estatistiko guztiak aipatu dizkiozu ondokoari. Orduan hasten zara Asiako hego-ekialdeko montzoien errepasoa egiten, eta Australiako lehorteen kausa omen den «El Niño» fenomenoaz zure irakurketa propioa azaltzen.

Hogeita hamahirugarren solairuaren paretik pasatzean parentesi bat egiten duzu zure bakarrizketan gurutziltzatu zutenean Kristok zeukan adinaren gaineko komentarioa egiteko, eta eutsi egiten diozu, berriro ere, eguraldi kontu horri, oraingoan klima aldaketaren ondorio bat Mexikoko Golkoan urakanen berrindartzea izan daitekeela non edo non irakurri duzula esateko albokoari. Eta azkenik, bazen garaia!, beheko solairuan dago igogailua. Sama hartuta daukazu honezkero, eta ahoa siku. Agurtu egin duzu emakumezko marine zuria, eta orduan konturatu zara gorra dela. Bai, gor-gorra, Iraken lehertu zitzaion bonbagatik, seguruenik. Etsipenean jausita botika bila zoaz, samarako lasaigarri baten eske. Eguerdia duzu etxe-orratzetik irten eta kale handira sartu orduko. Elurra mara-mara kalearen bazter batean, eta bero sapa bestean. Dena dela, bai kolpea!, jaisten den trasteari igogailua esan beharra!

Tira, harira, ez nekien gaurko zorroztarri hau nondik kamusten hasi eta horregatik gogoratu dut igogailukoa. Buruari esan diot, zergatik ez gaurkoan eguraldiaz aritu? Eta horra, bai euria izan duguna azkeneko asteotan! Ibai batzuk ito arteko euria. Agur.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo