KAZETA.INFO Ione Josie 2008/12/1
Abenduaren 13an, `Euskaraz bai' aldarrikatu dezagun!
Okindegian, bankuan, saltegian, elkarte munduan, herriko etxeetan, suprefeturan...eguneroko bizitzako edozein funtzio administratibo edo sozial euskaraz egiteko ezintasunak milaka dira, eta egoera hori guziz barneratu dugu. Izan ere, mendeetan Frantziak gurea bezalako berezko hizkuntzen kontra bideratu hizkuntza politikak, hizkuntza desprestigiatzeko hartu iniziatibak euskarak pairatzen duen egoeraren iturri dira.
Haatik, azaroaren 15ean, Donibane Lohitzuneko Jai-Alaia jendez gainezka ikusteko parada ukan genuen, belaunaldi eta eremu ezberdinetako ordezkariek, denok bat egin genuen, bertsolarien sostenguz baita euskararen alde, bai, denok batera, euskararekiko dugun atxikimendua erakusteko aukera ukan genuen. (...)
Egun polit horren puntu ilun bakarra, Donibane Lohitzuneko Herriko Etxearen jarrera izan da. Sariak ematerakoan, aurkezleak herriko Etxeko ordezkariari taula gainera igotzeko gomita luzatu... baina... hara, non ez zen nehor agertu! Jarrera iraingarria benetan herriko etxe baten partetik. Ziur Gazte errealizadoreen festibalean edota Musique en Côte Baque festibalean horrelakorik ez dela gertatzen! Agian, Donibane Lohitzune delako... (...)
Euskararen normalizazioan urrats sendoa eman behar dugu eta Donibane Lohitzunen hainbeste herritar elkarturik ikusteak, jendartea salto kualitatiboa emateko prest dela agerian gelditu da!
Aurten, Kontseiluak 10 urte bete ditu, 10 urte normalizazioaren bidea ireki duela. 10 urte, ziklo bat da, eta, konturatu gaitezke euskararen alde izatea ez dela nahikoa, orain, euskararen normalizazioan urrats sendoak emateko garaia iritsi da, orain, jendartea osatzen dugun guziok, norbanakook, eragileok, botere publikook engaiamendu konkretuak hartu behar ditugu. (...)
Hortik dator lelo aldaketa, pauso bat harago emateko unea dela irudikatzeko, `Bai euskararitik' `Euskaraz bai»-ra pasatzeko unea hain zuzen ere. (...)