GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Euskararen aldeko urratsa eman dezaten eskatu die herritarrei Kontseiluak

Sortu zeneko 11. urteurrena ospatzearekin batera, abenduaren 13an Barakaldoko BECen egingo duten ekitaldira joateko deia zabaldu zuten Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko kideek atzo Durangon.

p021_f02_25436.jpg

GARA |

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak abenduaren 13an BECeko Bizkaia Arena aretoan egingo den ekitaldira joateko deia egin zuen atzo Durangoko Azokan. BECekoa «euskaltzaleontzat galdu ezinezko zita izango da, benetako mugarria», azaldu zuen Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak. Azken asteotan hainbat hiri eta herritan egin bezala, atzokoan Durangon egin zuten gonbita, Kontseiluaren 11. urteurrena ospatu zuten egun berean.

Landako gunean egin zuten agerraldian «Pauso bat harago, euskaraz bai» lelopean euskalgintzako ordezkariek eta herritarrek bat egin zuten hilaren 13rako deialdiarekin. Euskararen aldeko «konpromisoa berretsi» eta «lanean pauso bat harago» joateko eskatu zieten he- rritarrei Kontseiluko kideek Liburu eta Disko Azokan. Datorren astean Barakaldon egingo duten ekitaldia «pauso bat harago joateko lehen urratsa» izango dela argitu zuten.

Kontseiluko idazkari nagusiaren hitzetan, «une honetan `bai euskarari' esatetik `euskaraz bai' esaterainoko jauzia egin behar dugu, honakoa euskararen normalizaziorako konpromisoak hartzeko garaia baita».

Gonbita luzatua

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko kideek argitu zutenez, dagoeneko bidali dizkiete hilaren 13ko ekitaldirako gonbidapenak eskatu dituzten milaka eta milaka lagunei sarrerak etxera. Hala ere, oraindik sarrerak eskuratu ez dituztenentzat horiek lortzeko beste bide batzuk ahalbidetuko dituztela iragarri zuten agerraldian.

Durangoko Azokan, bertan, hainbat lekutan eskuratu ahal izango dira sarrerak. Horrez gain, dagoeneko Bilboko Elkar Megadendetan ere jarri dituzte. Bestetik, Araban datorren astelehenetik aurrera Euskadiko Kutxaren bulegoetan lortu ahal izango dituzte ekitaldira joan nahi dutenek sarrerak.

Amaitzeko, Kontseiluko ordezkariek Euskal Herriko zenbait txokotatik BECera joateko antolatu diren autobusetan izena emateko deia luzatu zuten. Gainera, dagoeneko prest dauden autobus horien inguruko xehetasunen berri izateko www.nierebanoa.com webgunea jarri dute martxan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo