Iruzurrik gabeko bozketa egiteko gai dela erakutsi nahi du Ghanak
John Kufuor presidentea ordezkatuko duen politikaria aukeratuko dute gaur ghanatarrek. Hogeita hiru milioi biztanle dituen Afrika mendebaldeko herrialdearentzat oso garrantzitsuak dira gaurko hauteskundeak, orain zortzi urte Jerry Rawlingsek agintea era baketsuan utzi ondoren sistema demokratikoa sendotu ote den ikusteko baliagarri izango dira-eta. Iaz Ghanan petrolioa aurkitu izanak itxaropena eraman du Afrikako herrialdera.
GARA |
Ia hamahiru milioi ghanatar dira gaur botoa emateko aukera izango dutenak. Britainia Handiko kolonia zenean Gold Coast izena zuen herrialdean, 1992an ezarri zen alderdi aniztasuna. Geroztik lau hauteskunde egin dira Ghanan.
Gaur, bosgarren bozketan, zazpi hautagairen artean egin behar dute aukera boto-emaileek. Edonola ere, begirale guztiak, eta inkestak, bat datoz irabazteko aukera dutenak NPP Alderdi Abertzale Berria eta NDC Kongresu Demokratiko Nazionala direla esatean. NPPk zortzi urte eman ditu agintean eta NDC Jerry Rawlings presidente ohiaren alderdia da.
Irabazteko aukera gehien duten bi hautagaiak adin -64 urte- eta ogibide -legelariak dira- bera dute. Nana Akufo-Addo da NPPkoa eta John Atta-Mills NDCkoa. Begiraleek ez dute erabat baztertzen Papa Kwesi Nduom CPPko hautagaiak inkestek aurreikusitakoa baino boto kopuru handiagoa lortzea eta, era horretan, hauteskundeek ezusteko emaitza ematea. Papa Kwesik 55 urte ditu eta enpresaria da.
Ez da espero gaurko bozketatik presidentea ateratzea, hautagaien arteko lehia oso estua izango baita, analisten arabera. Beraz, bigarren itzulia egin beharko litzateke abenduaren 28an, orain zortzi urteko hauteskundeetan gertatu zen moduan. Bigarren itzulia eginez gero, NPP litzateke irabazteko aukera gehien izango lukeena, beti ere begiraleek eta inkestek asmatuz gero.
Mundua begira
«Aukera ezin hobea izango dugu, 2000. urteaz geroztik lehenengoa, gure demokrazia behin betiko sendotu ote dugun jakiteko», adierazi dio France Presse agentziari Kojo Asante CDD Demokraziaren Garapenerako Zentroko politologoak.
Bere ustez, bozketa Afrika osoarentzat izango da garrantzitsua, «iruzurrez betetako hauteskundeen orrialdea behingoz atzean uzteko gai garen hilaren 8an jakingo dugu-eta. Kenyan eta Zimbawen egin berri diren bozketen ondoren, bazter guztietan gure herrialdeari begira daude. Ghanarentzat sekulako proba izango da igandekoa», Asantek esan duenez. Orain arte agintean egon diren bi alderdi politikoentzat ere beraien indarrak neurtzeko aukera ezin hobea izango da gaurkoa. Kanpaina oso mamitsua izan dela esan dute begiraleek. Hauteskunde batzordearen lana batek baino gehiagok salatu du, boto-emaileen zerrendak aztertzeko garaian izandako akatsengatik, prozesu hori oso nahasia izaten baita kasu gehienetan Afrikan.
Halere, ez da indarkeria ekintzarik espero. «Ghanan intolerantzia egon badago, baina gure herrialdeko kultura politikoa oso irekia da», adierazi du Yao Graham Third World Network analisi zentroko zuzendariak.
Ghanako sistema demokratikoak Afrikako beste herrialdeek ez dituzten ezaugarri batzuk ditu, esaterako, hedabideak eta Justizia administrazioa, «erabat libreak eta independenteak», NPPkoen arabera. Alderdi honek behin eta berriz esaten du bere agintaldian ekonomia asko hazi dela azken zortzi urteotan. Gaur egun oposizioan dagoen NDCk, aldiz, Ghanak izan duen hazkunde ekonomikoa bakar batzuen mesederako izan dela salatu du. «Ghanako ekonomia oso ahula da oraindik -uste du Yao Grahamek-. Kanpotik iristen zaizkion laguntzak kentzea, pertsona bati hanka bat kentzea ren parekoa izango litzateke».
Normalean, nazioarteko hedabideek goraipatu egin izan dute Ghanako prozesu politikoa, batez ere giza eskubideak beste herrialde askotan baino hobeto babesten direlako, dagoen prentsa askatasunagatik eta 2000n agintean zegoen presidenteak era baketsuan eman ziolako kargua aurkariari, hauteskundeetan indarrak neurtu ondoren. Hala ere, ezin da esan Kufuor presidentearen agintaldian nabarmentzeko moduko hutsunerik izan ez denik. «Ustelkeria ikaragarria da Ghanan», Yao Grahamek esan duenez. Herrialde osoan egin berri den inkesta baten arabera, herritarren % 75ek uste dute ustelkeria «oso arazo larria» dela.
Egungo finantza sistemari -porrot eginda dabilen horri- eusteko sortutako Munduko Bankuaren arabera, Ghana litzateke Afrika osoko «ikaslerik aurreratuena». Hala ere, diru publikoak bidegabe erabiltzeko joera eta zigorgabetasuna oso kezkagarriak dira herrialdean, eta aurrerantzean arazoa larriagotu egingo da, iaz petrolioa aurkitu baitzuten, eta horrek dirua barra-barra ekarriko duelako. Eta diruarekin batera, ustelkeriarako joera ere haziko da herrialdean. Gaur edonork irabazita ere, petrolioak ekarriko duen dirua nola erabili ondo pentsatzea izango da agintari berrien erronka nagusia. Petrolioarekin batera, arazo ugari etortzen dira-eta.
Ghanak 1957ko martxoaren 6an Britainia Handiarekiko lotura hautsi eta independentzia lortu zuen. Ingelesa hizkuntz ofizial bakarra bada ere, 79 mintzaira dituzte ghanatarrek. Gobernuak horietako bederatzi sustatzen ditu.