GARA > Idatzia > Kirolak > Saskibaloia

ACB liga Taldeen arteko giroa nahasia da ostiraleko Bartzelonako batzarra bertan behera geratu ostean

Bilbotarren iritzi aldaketak «kolokan jarri» du liga

Bruesa-ViveMenorca, Bilbao Basket-CAI eta Tau Baskonia-Fuenlabrada izango dira euskal taldeen partidak.

p046_f01_148x108.jpg

Arnaitz GORRITI | BILBO

Quorumik ez zela medio, ostiralean Bartzelonan ACB Ligak egin behar zuen ezohiko batzarra bertan behera uzteak taldeen arteko giroa nahastu du neurri batean. ACB Liga osatzen duten 17 taldeetatik 13 batzarrera ez azaltzearen arrazoia, antza denez, Bilbao Basketek azken orduan izandako jarrera aldaketa izan zen.

Real Madrilek, Tau Baskoniak, Bartzelonak eta Unicajak begi onez ikusten dute ACB Ligan talde gutxiago aritzea, etorkizuna Euroligari begira eraiki nahi baitute. Egun ACB Liga osatzen duten beste 13 taldeak, ostera, -tartean Bruesa GBC eta Bilbao Basket- ligan 18 talde mantentzearen alde azaldu dira. Ostiraleko biltzarrean beharrezko gehiengoa lortu eta ACB Ligan 18 talde izaten jarraitzeko 13 talde horien batasuna ezinbestekoa zen.

Alabaina, azken orduan Bilbao Basketeko presidente Xabier Jon Davalillok talde bizkaitarrak abstentzioa aukeratuko zuela adierazi zuen; hala, beharrezko gehiengoa -bi heren, hain justu- lortzea ezinezkoa zen. Antza, Bilboko klubeko akziodun nagusi Gorka Arrindak -ACB Ligako talde askotako jokalarien ordezkari lanean diharduena- klub indartsuenen aldetik jasotako presioak egon litezke erabaki horren atzean.

Hori dela-eta, 13 taldeotako presidenteek -Bilbao Basketekoa barne- ostiral gauean prentsa ohar bat kaleratu zuten biltzarrera ez joatearen arrazoia argitzeko -Bilbao Basketen iritzi aldaketa eta, ondorioz, gehiengorik lortu ezina- eta lau «talde boteretsuon berekoikeria Ligaren kalterako» dela salatu zuten.

Ondorioz, haien ustez, ligaren etorkizuna «kolokan» dago; «ACB Ligari dagokionez, lehiaketa horrentzat onena bilatzen» dutela eta «egokien iruditzen zaizkien neurriak» hartuko dituztela jakinarazi zuten prentsa ohar horren bidez.

Argi dago, beraz, gaurko partidak bigarren mailan geratu direla, baina horrek ez du esan nahi jokatuko ez direnik. Euskal taldeek etxean jokatuko dute, eta garrantzitsuena Illunben 12.30ean jokatuko den Gipuzkoa Basket-ViveMenorca partida izango da, sailkapeneko atzealdean daudenen arteko lehia baita. Lasok ezingo du Hopkins atera, min hartuta baitago.

Ordu berean, Bilbao Basket-CAI jokatuko da La Casillan. Vidorretarenek laugarren garaipena jarraian erdiestea dute helburu. Irabaziz gero, sailkapeneko zazpigarren postura igoko dira eta, bide batez, Gipuzkoa Basketi mesede egingo liokete.

Azkenik, 18.00etan Tau Baskoniak Alta Gestion Fuenlabrada hartuko du Zurbaon. Gasteiztarrak dira faborito, baina argi ibili beharko dute Oleson eta Blanco hegalekoekin.

ARRATE 25 ! PORTLAND " 27 #

ARRATE

25

PORTLAND

27

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo