GARA > Idatzia > > Kultura

Lamazouk munduko emakumeak omentzen ditu erakusketa batekin

Titouam Lamazou artistaren marrazkiak, margolanak eta argazkiak izango dira ikusgai urtarrilaren 11 arte Biarrizko Sainte Eugenie elizan. «Munduko emakumeak» izenburua daukan erakusketaren bidez, artistak emakumeak omentzea du xede. Emaztearen irudia, munduko errealitateen lekuko bilakatu nahi izan du artistak. Bere esanetan, emakumeak egun jasaten duen zapalkuntza inoiz baino handiagoa da. Errealitate hori erakutsi nahi izan du.
p050_f01_204x136.jpg

Ainize BUTRON | BIARRITZ

«Zibilizazio guztiek ezaugarri komun bat dute: emakumeak zapaldu izana», bota zuen Titouam Lamazouk urtarrilaren 11 arte Biarrizko Sainte Eugenie elizan izango den erakusketara egindako bisitan. Esaldi horrekin artistak erakusketa horren xedea agerian uzten du: emakumeei omenaldia eskaintzea. Marrazkiz eta tinduz egindako emazteen erretratuak, eta, emakumea gai nagusi duten argazki handiek osatzen dute Lamazouk egindako irudi bilduma.

Emakumea ardatz hartuta, mundua bere orokortasunean aipagai duen obra egin nahi izan duela argitu zuen Lamazouk. Helburu hori lortzeko bidean lan handia egin behar izan du artistak, eta denbora luzea eman du horretan gainera; izan ere, zazpi urtez munduko hamabost bat herrialdetan barrena ibili da eta ikerketa lan horretan, emakumeak munduan zehar pairatzen duen bortizkeriaren lekuko izan da artista. Bere begiekin ikusitakoa islatzen du, hortaz, artistak egin duen bilduma honetan.

Ideia izan zuenetik gauzatu arteko bidean, ekimenaren izaera apurka garatzen eta eraldatzen joan zen. Hasieran, emakumearen gaiarekiko zuen mirespenak bultzatuta aukeratu bazuen ere, lanak egin ahala, egoera horren kontzientzia hartu zuen Lamazouk. Brasilen, Afganistanen, Tahitin, Palestinan eta azken garaiotan hedabideetan sarri agertzen den Kongon ere izan da artista, besteak beste. Emaztearen edertasuna nagusi da Lamazouren lanetan, beraz, baina, irudiaren gainetik, barne indarraren edertasuna islatu nahi izan duela nabarmendu zuen artistak erakusketaren aurkezpenean.

Lekukotasunak plazaratuz

Emazteen, eta beraien bidez, gizartean dauden errealitateen lekukotasunak plazaratu nahi izan ditu artistak. «Mundu osoan dira gatazkak. Komunikazioaren gizartearen ondorioz, jendartean jatorrizko nortasuna nolabait galtzen ari dela ikusten da. Egoera horrek sortzen dituen gatazkak emakumeek pairatzen dituzte. Emazteen zapalkuntza inoiz baino gogorragoa da gaur egun», salatu zuen.

Erakusketaren afixan agertzen den Tahitiko emazte baten irudia jarri zuen horren adibide: «Ez da ahantzi behar argazki turistikoetan agertzen diren emakume horien aurkako bortizkeria izugarria dela. Egoera horren berri eman beharra dago, behar baino tarte txikiagoa egiten baitzaio», nabarmendu zuen.

Titouam Lamazouk emakumeei buruz egindako proiektu hau egiteko UNESCOren laguntza izan du. Errekonozimendu gisa, erakundeak «bakearen aldeko artista» izendatu du.

UNESCOren esanetan, Lamazouren lana emakumeen eskubideen ezagupenaren alde erakundeak esku artean duen misioaren lekuko da. Hori dela-eta, «munduko emakumeei» buruzko erakusketa hori Parisko Musee de l'Hommen izana da jada. Biarritzen ikusgai dauden obrak aurretik Parisen ikusgai izan den erakusketatik ateratakoak dira. Biarrizkoarekin batera, Brasilen, Japonian eta Europan zehar ikusgai jarriko ditu obrak.

Lamazouzen egitasmo honen baitan, ordea, Biarritzera ekarritako erakusketa honez gain, zeharkatu duen herrialde bakoitzari buruzko liburuak argitaratzea ere badago.

Eskubideen ezagupena

Egitasmo horren lehen uzta, kalean da jada. «Mulheres» izenburua duen liburuak Brasilgo emazteen egoera azaltzen du. «Nire erretratuek, historia, etnia, nazio eta erlijio guztien gainetik egungo emakumeak erakusten dituzte», esan zuen artistak.

Hasi besterik egin ez duen bidea dela argi utzi zuen artistak. Munduko emazteei buruz abiarazi duen ikerketa artistikoa ez du bukatutzat jo Lamazouk, eta Europan amaitzeko asmoa du. Gauzak horrela, ijitoen kulturan sakontzea eta hau lantzea erabaki du. «Hainbat herritan bizi den etnia horrek oraindik bizi modu ibiltaria du. Eta horrek interesa piztu dit», aipatu zuen, bere izaerarekin lotura zeukan herrialde bat zela esanez. Erakusketarekin batera, dokumentalen emanaldiak ere izango dira Biarritzen ekimen honen karietara.

BAKEAREN ALDE

UNESCOren lankidetza izan du Lamazouk proiektua gauzatzeko. Egindako lanari esker, «bakearen aldeko artista» izendatu du erakunde horrek. Emakumeen eskubideen alde egiten duten lanaren lekuko da obra hori.

LIBURUAK

Ezagututako kulturen berri emateko hainbat liburu kaleratzeko asmoa du Lamazouk. Egitasmo honen lehen uzta kalean da jada; «Mulheres» izenburupean Brasilgo emakumeen egoera azaltzen du bertan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo