GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

DURANGOKO LIBURU ETA DISKO AZOKA

Jendetza arteko bidaia Goienkalen, Barrenkalen eta Artekalen

Geltokiak metro bakoitzeko, autobusak harat-honat atsedenik gabe, eta zoramena bazter guztietan. Liburu bat ikusi nuen, sinatzailea ere bai; bertara hurbiltzeko esan beharra nion gidariari.

p008_f03_097x146.jpg

Ariane KAMIO

Zetozen tokitik zetozela, iritsi ziren Durangora, liburu eta diskoen zoramenera. Barneko autobus zerbitzua dauka. Salmahaiz salmahai egiten ditu geldialdiak, bidaiarien gustuen arabera. Trafikoa handia zen, ordea, eta, bidean semaforo gutxi dagoenez, taxuzko paseoa egitea ia ezinezkoa izan zen hainbesteko jendetzaren artean. Ibilbidean zehar, Barrenkale, Goienkale eta Artekale zeharkatzen ari ziren ibilgailu gehiago zebiltzan oztopoak ekiditen. Berriak, zaharrak eta erdibidekoak ikusten ziren, paisaia benetan edertzen zutenak. Txuriak, beltzak, horiak, txikiak, handiak, lodiak, meheak... Hori bai ikuskizuna! Ilara luzeen artean, istripurik ez genuen ikusi behintzat, eta gaitzerdi.

Geldialdia eskatu zuen norbaitek. garako salmahaian geratu zen autobusa. Zalaparta itzela bertan bildutakoa, eta dozena bat bururen gainetik begiratuta, Iñaki Iriondoren betaurrekoak ikusi nituen. Juan Jose Ibarretxeri buruz plazaratu berri duen liburuak sinatzen ari zen eta eskuan zuen bolaluma errauts bihurtzeko gutxi falta izan zitzaion. Lehendakariaren azken hamar urteotako ibilbidea bildu du liburuan eta, EAJko alkate ohi batek baino gehiagok alea erosi zutela aitortu zuen. Denbora gutxi lapurtu genion, atzeko andrearen takoia behatz potoloaren gainean edukitzeak sortzen zidan minari ez bainion gehiago eusten.

emakumeak eta ahaztuak

Hori jendetza! Estu-estu eginda, eta ondokoaren besazpiko ileak zenbatzerako hasi zen martxan berriro Durangoko autobusa. Abiada hartzerako, baina, geldialdia egin zuen berriro. Oraingoan kanpoan, erregai bila-edo. Barneko beroak lausotutako kristalaren atzetik emakume talde batek aurpegiak gordetzen zituzten pankarta handi baten atzean. Albo banatan, aulkietan eseritako beste bi protagonista Gerediaga Elkarteak Durangoko Azokarako kaleratutako kartela kritikatuz eta emakumeen presentzia azpimarratuz.

Eskerrak minutu batzuez kanpoan egon ginen, baina di-da batean egin genuen alde Plateruenerantz. Pintxo bila joan ginen Durangora joandako «domingeroak». Hura ere jendez lepo zegoen, gure tankerako «kultur turistaz» gainezka. Eguerdi parteko eztarri lehorrek eta sabel hutsek lekua egin genuen jendetzaren artean. Baina ezin jakien aukeran arreta jarri oholtza gaineko eromenari begirik kendu gabe. Eta hara non agertu ziren «Egin»eko langile ohiak, enkante baten burutzan, euskal artistek emandako lanak jendearen artean saldu nahian.

Behingoan pintxo egokia hautatzea lortu nuenean, Brigantiaken kantu leun batek trabarazi zidan janaria eztarrian. Frankismo garaiko errepresaliatuak ibili zituzten ahotan, eta ekitaldi hunkigarria prestatu zuten Ahaztuak elkartearen disko berria aurkezteko.

Azken borroka

Hamaiketakoa eginda eta isuritako malkoak aurpegitik lehortzeko denborarik gabe, berriro autobusera. Barruko beroak izerdi tantak eragin zizkidan orduan, eta paperezko zapirik ez neukan. Gizon ilezuri dotore batek eskaini zidan berea, eta hizketan jardun genuen tarte batez. «La lutte finale» zeukan besapean eta jakin-minaren harra nabaritu nuen sabelean bueltaka. Senak esan zidan berak idatzia zela, eta asmatu nuen. Fin ibili nintzen horretan. Hirurogei bat urteko bi gizonek zahartzaroari buruz egiten dituzten gogoetak biltzen dituela esan zidan Joxean Agirrek, adin batera iristen zarenean izadiak berak gogoeta hori egitera behartzen omen zaitu. Eta ezin izan nion tentazioari eutsi: «Eta zuk, egin al duzu gogoeta hori?» -lasaitu ederra hartu nuen zalantza argitzeko ardura bere gain utzi nuenean-. «Noski, bi urte igaro ditut horretan», esan zidan nagusitasunez. Dantzarako gogoa ere piztu zitzaidan Landakon arnasten zen giroarekin, eta nik neuk eskatu nion gidariari Gor diskoetxearen salmahaian gera zedin. Hormaren kontra eserita aurkitu nituen Lauroba taldekoak. Iker Laurobarekin egin nuen topo aurrez aurre -gitarra-jotzaile eta abeslaria-, eta kuxkuxean aritu nintzen. Euskarazko rock melodikoa da beraiena eta aski ondo egiten dute -nik neuk ziurtatu ahal izan nuen oparitu zidan «Gauari gauarekin» diskoa pare bat aldiz entzun ostean-.

Autobusaren motorra dardarka hasi aurretik Kirmen Uribe topatu nuen olatu artean igerian. «Bilbao-New York-Bilbao» bidaiaren arteko lotura egin du ondarroarrak, eleberri berritzailea baina irakurlearen mailara egokitzen dena.

Eta bat-batean, akabo bidaia. Autobusak ezin izan zuen hainbesterainoko zamarekin aurrera egin. Eskuak erosketa bete zituzten milaka lagun atzeko eserlekuetan eramatea ez da ez lan makala, ezta Durangoko barneko autobusarentzat ere. Eskerrak herrikide batzuen kontzertuaz gozatzeko aukera izan nuen. Gaua luzea izan da, eta ez dakit hemendik aurrera nahikoa indar izango dudan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo