Iruña Veleia auzian ziurtasun eza dagoela salatzeko manifestua abian
Aginalde Elkarteak eta Euskararen Jatorriaren Elkarteak Iruña Veleiako gertakizunen inguruan ikerketa serio eta sakona abian jar dadin aldarrikatu zuten atzo. «Frogarik gabe eginiko salaketa» bazter utzi eta Eliseo Gilen arkeologo taldeak aztarnategian lanean jarrai dezala eskatu zuten, txostenek azaldutako arrazoiek zentzurik ez dutela argudiatuta.
O. AIESTARAN- I. AMESTOY | DURANGO
Iruña Veleiako aurkikuntzak faltsutzat jotzeko jarraitu den prozesu osoa bidegabekeriaz beteta egon dela, egun zalantzak daudela eta faltsuak edo egiazkoak direla esateko ziurtasunik ez dagoela aldarrikatu zuten atzo Arantxa Zabala Aginalde Elkarteko Idazkariak, eta Patxi Alaña Euskararen Jatorriaren Elkarteko kideak. Haien ikuspuntua ezagutarazi zuten Durangoko Azokaren baitan, eta haiekin bat datozenen artean manifestu bat zabaltzeko asmoa erakutsi dute, ahal bezainbat atxikimendu bildu ahal izateko.
Prozesua bera gorabeheraz beterik egon dela aipatu zuten, besteak beste, epaia eman ondoren, Eliseo Gilen lan taldeari hamar eguneko epea eman baitzioten alegazioak egiteko, eta haien ustez, erabakia hartu aurretik alegazioak egiteko aukera izan beharko litzateke. Egun, gaia Fiskaltzaren esku dago Arabako Foru Aldundiak salaketa ipini ostean. Aipatzen dituzten ondorioak Adituen Batzordeak ezagutarazi zituenak dira, bertan Eliseo Gilek ere parte hartzen zuen. Gilek hainbatetan salatu du berak egindako kexak ez zirela kontuan hartu.
Alañak eta Zabalak, bestalde, «lintxamendu mediatikoa tarteko», alegazioek ez dutela ezertarako balio izango ere aipatu zuten. Filtrazio ugari izan direla salatu eta azkenik batzordeko kide den Joaquin Gorrotxategiri bere hitza bete ez izana leporatu zioten. Horrela, Alañak ondorengo galdera bota zuen: «Nola nahi dute txostenaren edukia sinestea horrelako jokamoldea izan eta gero?».
Bestalde, lotsagarritzat jo zuten Aldundiak izendatutako batzordea indusketak egiten ari ziren tokira ez joatea. Alañaren esanetan, «ez da onargarria» langileekin harremanik ez izatea, «azterketa sakon bat eginez gero derrigorrezkoa baita» prozedura hori.
Txostenean agertzen diren hainbat gauzari buruz ere zalantzak argitzeke daudela esan zuten eta Eliseo Gilen errugabetasunaz ziur agertu ziren.
Elkarteko kideek, beraz, Aldundiari hiru eskakizun egin dizkiote. Datazioak berriz egitea ezinbesteko jo zuten eta laborategiari txostena berresten al duen galdetu behar zaiola adierazi zuten. Lurmen enpresarekin jarraitzea ere eskatu zuten, «faltsuak direla esateko arrazoiak egon daitezkeelako, baina baita kontrakoa ere». Alaña, horrez gain, agian «kultura arloko aurkikuntza handiena» egin dutenak kale gorrian uztea ezin onar daitekeela esan zuen. Bukatzeko, material guztia publiko egin dezatela ere adierazi zuten.
Beren ikuspuntua azaldu ondoren, haiekin bat datozenen atxikimenduak biltzeko, egun gutxi barru manifestua Interneten eskura izango dela azaldu zuten Alañak eta Zabalak.