GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Durangoko liburu eta disko azoka

Ahotseneank ez du azoka saltzeko

Disko eta liburuen salmenta on zein txarrei jaramon handirik egin gabe, eta merkatal azokatik kanpo, sortzaileek irakurle-entzuleei boza eman eta gune propioa dute aldarri Ahotsenea egitasmoan, atzo aurrenekoz burutu zen ekitaldi pilotu baten bitartez.

p006_f02_250x132.jpg

Anartz BILBAO

Azokak berezko duen sal-erosketa gune izaerari beste dimentsio bat eman nahian gune autogestionatu bat sortu eta irakurle eta entzuleak sortzaileengana hurbiltzeko asmoz, euskal idazle eta musikari batzuen kezkak azaleratu eta Landako eraikinetik kanpo gune propio bat sortzeari ekin zioten hil honen hasieran. Aurrerantzean eremu hori Azokak iraun bitartean irekita mantendu eta solasgune zein biltoki bihur dadin nahi dute, beti ere kultur sortzaile eta erabiltzaileari hitza emateko.

Asmo horrekin eta datorren urtean Azokako eremutik bereizitako karpa bat izateko aurreikuspenarekin, Gerediagaren babesean esperientzia pilotua egin zuen atzo Ahotseneak, goizeko hamarretan hasi eta hirurak bitarte Elkartegian. Musikari eta idazle ugarik hartu zuen parte saioan.

Kazetariei eskainitako gosariaren ostean Imanol Galfarsoro Madariaga aretxabaletarrak hartu zuen hitza lehenbizi, «Subordinazioaren kontra» (Pamiela) saiakera aurkezteko. Edorta Jimenez aurkezle lanetan zela -prosa zoragarrian idatzitakoa iritzi zion Galfarsororen lanari-, hitz erdirik gabe eta gai mamitsuak ahotan, oraindik txikia zen entzule taldea harritu zuen egun atzerrian, Michigan partean-edo bizi den idazleak, liburuan ageri duen Gu ta Gutarraken «berben jabe izatea da arma fulminantea» aipua azaldu ostean. Antolatzaileek behin eta berriro argitu zuten ekimen parte-hartzaile eta aske gisa jaio zela Ahotsenea, eta luzatutako dei edo proposamenari erantzuten aurrenekoa izateak eman zion aretxabaletarrari sortzaileen gunea estreinatzeko ohore eta eskubidea.

Batak amaitu eta besteak hasi, hamaikak jo orduko Jose Inazio Basterretxea irakaslea zeukan ondoan bere saltsan gustura zebilen Jimenezek. Galdakoztarrak «Mandatariaren gerra» (Elkar) aurkeztu zuen. Informazio zientzietan doktore, lana «dokudrama» bat zela onartu zion egileak liburuan zinema gidoi aproposa ikusi zuen Jimenezi, eta ados ziren biak lanaren «hutsuneek» irakurleari eremu zabala irekitzen diotela aipatzean.

Sortzaileak errenkadan

Ordutegia zehatz betez eta eguerdia noiz helduko, musikari tokia egin zion ekitaldiak eta Pog Mo Thon mungiar laukote gaztearen txanda heldu zen. Gidari lanetan berriz, musika alorrean «Entzun!» aldizkari elektronikoko kazetari Julen Azpitartek hartu zion lekukoa Edortari. Kasu honetan ere, sortzaleei tokia egin eta nahi izan zuen artista orok izan zuen bere diskoa aurkezteko parada. Pog Mo Thonek «Oztopo guztien gainetik» (Babel Musik) bigarren lanaren berri eman zuen, eta rock gogorra oinarri, gauzak gogoz egitearen balioa aldarrikatu, musika industriak bizi duen beherakada eta aro aldakorraren aurrean. Irrati eta komunikabideei oro har, eta Euskadi Gazteari zuzenean kritika egiteko ere baliatu zuen taldeak Ahotseneako bozgorailua, irrati-formula tankera hartu eta rock gogorrak bertan gero eta presentzia gutxiago duela-eta. Mungiarrek bukatu zutenerako Elkartegiko aretotxoa jende gaztez mukuru betea zen.

Literaturara bueltatuta, Edortak zornotzar bi bildu zituen mahaiaren inguruan. Idazle eta bertsolari aski ezaguna dugun Xabier Amuriza bata, eta bere garaian, besteak beste, Exkixu taldearekin bertsoak botaz aritu zen Unai Ormaetxea bestea, biak ala biak zornotzarrak. Lehenak «Orain ezin naiz hil» liburua idatzi eta Interneten eskegi berri du, www.amurizablogxabier.com helbidean eta borondatearen truke, bigarrenak berriz «Mario, haritik tiraka» ezohiko lana plazaratu du Lankuren bitartez. Amurizak euskara errazekoa ez eta ahalegina eskatzen duen liburua idatzi duela onartu zuen. «Dudan adinerako, gauza definitiboak egin nahi ditut, eta ez komertzialak», esan zuen bertsolari zornotzarrak, trilogiaren lehen atalarekin zorretan geratu eta bigarrena Internet bidez aurkeztea erabaki zuela esan eta gero. Ormaetxeak berriz, «ez naiz musikaria» esan arren, berak egindako kantuen diskoa erantsi dio testuak ere badakartzan lanari, antza, idazlea ere ez den arren.

Zornotzarren ostean, arnasa hartzeko betarik gabe, Desoreka taldeak hartu zuen hitza, ahal zen neurrian entzuleei hitza eman eta galdera-erantzun bidez elkarrizketa ahalbidetzen zuen ekitaldian. Rock talde gaztea dugu Lezoko Desoreka, milurtekoarekin batera jaio eta atzokoan «Funanbulista» (Oihuka) bigarren lana aurkeztera zetorrena. Denboraz labur eta Azpitarteren gidari lanak lagun, musikariek taldearen ibilbidea laburtu eta Negu Gorriak taldearen «Itxoiten» kantua berreskuratzen duen lana plazaratu zuten, Rafa Rueda musikaria mahaira bildu eta egungo musika egoerari buruzko azterketa edo eztabaida hasi aitzinean. Ordurako, Ruedak berak ere emanak zituen «Zuhaitz okerretan gora noa» bakarkako hirugarren lanari buruzko azalpenak. Lana New York inguruko musikari ospetsuekin grabatu ostean pozik agertu zen mungiarra entzuleek emandako erantzunarekin, eta aurreko gauean Plateruenan kontzertua eman zuenez, Edorta Jimenez beldur bazen ere, beti bezain irribarretsu, zintzo-zintzo agertu zen Rafa Ahotseneako hitzordura.

Egungo musika industriaren egoera mintzagai, «dibortzioa dago musikari eta diskoetxeen artean», aitortu zuen Ruedak, baina ezkor agertu beharrean bide berriak asmatzeko beharra aldarrikatu zuten, «ez baitago bizitzerik musikarik gabe».

Laboa handia eta Mikel laguna gogoan

Dagoeneko bide erdia egina, interesgarria zen oso Elkartegiko aretoan jakin-minez begiradatxoa botatzera ausartzen ziren zaleak ikustea. Behin eguerdia pasa eta goizeko nagiak kenduta, lanak aurkeztera hurbildutako sortzaileak entzule bihurtu ziren gero eta gazte gehiago ageri zituen aretoan. Kanpoan ez zen giro, baina antolakuntzak pantaila erraldoi bat eta bozgorailuak ere jarriak zituen atarian, despistaturen bat edo beste erakartzeko asmoz. Ordurako eta oharkabean, atzerrian bizi diren irakasleen saiakerak, eskarmentu handiko bertsolarien lanak zein musikari gazteen grinei buruzko azalpenak entzunak genituen, eta gero eta handiagoa zen atarian biltzen ari zen jendetza.

Musikaz eztabaidatu ondoren eta Jimenezek deituta, Lutxo Egia, Mikel Soto, Fernando Morillo eta Kirmen Uribe hurbildu ziren mikrofonora. Azken biak «Bilbao-New York-Bilbao» (Elkar) eta «Zure arimaren truke» (Txalaparta) nobelak aurkezteko, eta Mikel Soto euskal gatazka gai hartuta idatzitako «Haginetako mina» (Txalaparta) ipuinen antologia plazara eramateko. Txalapartako editoreak gainera, «nik errazena egin dut, baina ea norbaitek gauza bera egin eta gatazkaren inguruko poemak biltzen dituen» luzatu zuen erronka, Jimenezen aipamen xelebreei esker dibertigarria egin zitzaigun tartean. Literaturatik musikara, buelta berriro. Musikherriako lagunen txanda, aurtengo berritasunak aurkezteko. Diskoez gain eta berrikuntza aipagarriena, zalantzarik gabe, elkarteak standean jarri duen ordenagailua, entzuleari musika doan jaisteko aukera ematen diona. Eta lanen aurkezpena amaitu aurretik, aurten espetxeratu dituzten Musikherriako zortzi kideei elkartasun besarkada, kartzela barruan ere ekin eta ekin musika egiten jarraitzen dutela nabarmenduta.

Eguerdiko ordu bata eta erdiak, Ahotseneako ekitaldi nagusia egiteko beta. Aiora Renteria Zea Mayseko abeslariak komunikatu labur bat irakurri eta argi utzi zuen ekimenaren helburua, sortzaileak liburu eta diskoak sinatzearekin nahikorik ez eta ardurak hartzeko gogoa eta konpromisoa agertuta. Ordurako, asko ziren bertara hurbildutako artista gazte zein heldu, arrakastatsu zein minoritarioak, Landako aurreko plazan argazkia atera eta Ahotsenearekin bat egiteko prest, goian ikusten denez. Kanpora atera orduko baina, ekimeneko momenturik hunkigarriena izan genuen, Xabier Amurizak «agur Laboa handia eta Mikel maitea» aste hasieran zendutako maisua bertsotan omendu -«Trabuko» kantaren doinuarekin- eta pantaila erraldoian «Ihes betea» kantua entzun genuenean, inor kantatzera ausartu ez bazen ere.

Behin argazkia atera ostean, hitzak doinuari txanda eman eta, ardoa eta txakolina lagun, jai giro ederrean bukatu zen ekitaldia, zuzeneko kontzertu akustikoekin. Keu Agirretxea ondarroarra izan genuen oholtza gainean lehena, Mikel Arakistainek lagunduta, «Une akustikoak» diskoa (Gaztelupeko Hotsak) aurkezten. Une laukoteak hartu zion segida, hiru gitarraz eta Aitorren ahotsaz momentu ederrak lortu eta «Hegalik gabe hegan» (Baga Biga) zuzenean eman zuten. Ez zen makala izan Seirenek jasotako arreta ere, Onintze Garciak eta Jokin Lacallek gidatuta, «Pertsona baten bila» (Babel Musik) diskoaren folk fina jo zutenean. Azken oparia, eta egitarautik kanpo, Berako Petti kantari indartsuak eskaini zigun, gitarra soila eta tarteka Jokin Lacalleren arrabitak lagunduta, besteak beste, Bonberenean zuzenean grabatu duen diskoko kantu zoragarri ederrak joz.

Hamarretatik hiruretara, bost ordu luze igaro genituen bertan baina, hala ere, onenean bukatu zitzaigun ekitaldia, eta musika festak gehiagoren gogoz utzi gintuen asko eta asko. Ahotseneak ekin dio bideari, eta indarrak metatuz etorkizun oparoa izango du zalantzarik gabe.

Ahotsenea ekimena

Aiora Renteria abeslariak Ahotsenea ekimenari ahotsa jarri zion atzokoan. Azaldu zuenez, Euskal liburu eta diskoen azoka da Durango, «baina euskal idazle eta musikariena ba ote da? Galdera horrek eta beste hainbatek erantzuna behar dutelakoan zabaldu dugu Ahotsenea. Euskal liburu eta diskoen azokan, euskal literaturaz eta euskal musikaz berba egin gura dugu. Gutxienez, liburuek eta diskoek duten presentzia bera izan gura dugu. Stand baten atzean gure lanak sinatzeari ez deritzogu nahikoa. Irakurle eta entzuleek esateko dutena entzun gura dugu. Ahotsak eta eskuak beste behar ditugu begiak eta belarriak. Guk ere euskal kulturaren helburu estrategikoez iritzia eman eta kontuan har gaitzaten eskatzen dugu. Euskal kulturaren kudeaketaren parte izan gura dugu eta ardurak hartzeko prest gaude».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo