GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Durangoko liburu eta disko azoka

Finlandiarrek suomiera hurbildu zuten azokara

Ane ARRUTI | DURANGO

Finlandiarrak izan ziren, atzoko egunez, Durangoko Azokako gonbidatu bereziak, 2006. urteaz geroztik, Gerediaga Elkarteak eta Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) ospatzen duten atzerriko literaturgintza hurbiltzeko ekimenaren barruan. Lehenengo urtean, Esloveniako idazleak izan ziren Durangoraino etorritakoak eta iaz, Georgiakoak. Suomitar Euskalerria-Finlandia Kultur Elkartearen laguntzarekin, ekitaldi ezberdinak burutu zituzten atzo, abenduaren 6a, Finlandiak Errusiarekiko independentzia lortu zuela 91 urte betetzen ziren egunean, hain zuzen. Helburu garbi batekin etorri ziren finlandiarrak: Europako hizkuntza isolatu baten berreskuratzea erakustera eta hizkuntza horrek nazio eraikuntzan izan duen garrantzia azpimarratzera.

Goizean, udaletxean harrera jaso ondoren, hitzaldia eskaini zuten Azokaren ondoan dagoen Elkartegian, "Finlandiako literaturaren garaiak erdiarotik gaurdaino" gaitzat hartuta. Aurkezpen lanetan Fito Rodriguez, EIE-ko lehendakaria aritu zen eta Finlandiar independentziaz gain, beste bi efemeride izan zituen gogoan: 1745. urtean atzoko egunez jaio zen Juan Antonio Mogel, «Peru Abarka» lehen euskal eleberriaren autorea eta baita 1888. urtean, Nikolas Ormaetxea, Orixe, «Euskaldunak» poemaren idazlea.

Tytti Thusberg, Suomitar Euskal Herria-Finlandia Kultur Elkarteko lehendakaria ere bertan izan zen eta euskaraz egin zuen bere aurkezpena. «Gure elkartearen ametsa beti izan da suomiera eta bere berpizkundea Euskal Herrian erakustea, baita gure kulturaren alde ezberdinak ere». Hizlaria Salla Järnefelt, finladiera filologiako doktoratua eta herrialde hartako literaturan espezializatuaren esku egon zen eta Joseba Ossak egin zituen itzulpen lanak. Järnefeltek XIX. mende hasierako Helsinkiko erromantizismo garaia aipatu zuen historiako une garrantzitsuenetako bat bezala. Garai hartan, Suediaren menpe egotetik Errusiaren esku egotera pasa ziren. Finlandiak autonomia zuenez, hizkuntza garatzeko «baldintza onak» eman ziren. Gainera unibertsitatea oraingo hiriburura, Helsinkira, pasa zuten eta pixkanaka filosofo eta idazle gazte talde bat, literaturaz baliatuz, finlandiar identitatea garatuz joan ziren.

Suomi eta euskara errezitaldia

Arratsaldeko seietan, poesia eta musika errezitaldi berezia ospatu zen. Thursberg-ek azaldu zuenez, «ordu horretan Finlandiako leihoetan bi kandela pizten dira independentzia gogoratzeko eta eskertzeko», eta horixe egin zuten errezitaldian ere. Ekitaldi honetarako elkartekoek espreski itzuli zituzten testuak, «mota ezberdinekoak dira: zaharrak, berriak, alaiak, tristeak, erromantikoak, gogorrak... Finlandiako alde ezberdinak erakutsi nahi genizkizuen, nahiz eta denbora gutxi eduki» azaldu zuten.

Ekitaldian elkarteko sei kidek hartu zuten parte hiru euskaldun eta hiru finlandiarrek. Herrialdearen bi errealitete islatzea izan zuen helburu: batetik, paradisua; bestetik, infernua. Ereserki nazionalarekin hasi ziren, suomieraz eta euskaraz. Garik abesten duen Atxagaren «Egun finlandiar bat» suomierazentzuteko parada ere izan zen. Ikusleetako batek eskatuta, paperak ere aldatu zituzten sei kideek eta aise moldatu ziren euskaldunak suomieraz eta finlandiarrak euskaraz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo