GARA > Idatzia > > Kultura

Hitzaldi eta ikuskizunen bidez, Lazarraga poeta arabarrari buruz jardungo da Artium museoan

Enrike Knörrek Aramaion burutzen zuen ekimenari lekukoa hartuz, izaera dibulgatiboa izango da aztergai Geu elkarteak antolatutako jardunaldiotan. Hitzordua, hilaren 9tik 11ra Gasteizko Artiumen.

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Beste norbaitek antolatutako egitasmo bat aurrera eramatea ez da batere erronka erdeinagarria. Are gutxiago, norbait hori Enrike Knörr bada. Horrekin topo egin zuten Geu aldizkari eta elkarteko kideek Arabako Foru Aldunditik euskararen inguruko jardunaldi batzuk antolatzea proposatu zietenean. Lan-talde bat osatu zuten eta Knörrek urtero Aramaion antolatzen zuenari bestelako izaera eman zioten, askoz zabalagoa eta dibulgaziozkoagoa. Emaitza, asteartetik ostegunera ikusi ahal izango da Gasteizko Artium museoan.

Jardunaldiotan Lazarraga poetari buruz arituko dira hiru egunetan zehar. «Helburu nagusia XVI. mendeko poeta arabar honen garrantzia ezagutaraztea eta zabaltzea da, Arabaren erronkatzat jotzen baitugu», esan zuen Estitxu Breñas, «Geu» aldizkariaren zuzendariak, ekimenaren aurkezpenean. Zabaltzeko xedean, jardunaldiek hitzaldiak ez ezik, hainbat ikuskizun artistiko eskainiko dituzte. Hala, egun bakoitzean pare bat adituren hitzaldiak eta bestelako emanaldiak ere izango dira. Dibulgazioa, ordea, harago doa. Knörrek egindakoaren parean, lehen aldaketa ekimena Aramaiotik Gasteizera lekualdatzea izan da, jende gehiago hurbiltzea helburu. Horrez gain, unibertsitate ikastaro espezializatu izatetik publiko zabalari zuzendutakoak izatera pasa dira eta, azkenik, euskarazko kultur munduarekin interesatuta dagoen edonor erakartzeko itzulpen zerbitzua izango da hitzaldi guztietan.

Lazarraga aukeratzeak hiru arrazoi nagusi izan ditu. Lehenik, arabarra zelako, bigarrenik, noblea zelako, eta azkenik, bere lana Errenazimentuan bete-betean kokatzen delako, hots, goi mailako kultur giroan. Hala, hiru ildo nagusi jarraituko dituzte jardunaldiek. Lehen egunean, «Lazarraga eta euskara» izango da jorratuko den gaia, asteazkenean «Lazarraga eta Gizartea» eta azken egunean «Lazarraga eta Literatura».

Asteartean, Bernardo Atxagaren aurkezpenaren ondoren, hasiko dira jardunaldiak. Gidor Bilbao Lazarragaren edizioari buruz mintzatuko da, honen testuak orain dela lau urte aurkitu baitziren Madrilgo antikuario batean. Koldo Zuazo ere arituko da eta Lazarragaren poesian oinarritutako poema irakurketa egingo da. Hainbat adituen hitzaldiez gain, ostegunean, Ortzai antzerki laborategiak poeta arabarraren testuak lehendabizikoz taularatuko ditu «Maitasunaren saltsan» ikuskizunarekin eta, horrez gain, ekimen honetarako espresuki prestatu den bertso trama batekin amaituko dira jardunaldiak.

HIRU ILDO

XVI. mendeko poeta arabarra ezagutarazteko hiru alor landuko dira, egun bakoitzeko bat. Horrela, Lazarragarekin lotuta, euskara, gizartea eta literaturari buruz arituko dira.

Fitxa

Tokia: Artiumeko areto nagusian.

Data: Abenduaren 9tik 11ra.

Orduak: 18.30etik aurrera.

Antolatzaileak: Geu elkartea eta Arabako Foru Aldundia.

Salneurria: Dohainik, aretoa bete arte.

Datuak: Hitzaldi guztietan itzulpen zerbitzua egongo da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo