GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Sendagile kopuru urria Nafarroa Beherean eta Zuberoan

Baserri inguruetara sendagile gazteak erakarri ezinik

Hazparne eta Atharratze artean 34 sendagile daude gaur egun, eta horietarik seik erretiroa hartuko dute ondoko urteetan. Gehienak ondorengorik aurkitu ezinean dira. Sendagileen sindikatuek arazoa orokorra dela salatu dute.

p004_f01_14474.jpg

Ainize BUTRON | HAZPARNE

Apirilean Garapen Kontseiluak sendagileen demografiari buruz kaleratu txostenak egoeraren berri eman zuen. Hazparne eta Atharratze artean hogeita hamahiru sendagile baizik ez daudela zioen txostenak, eta horietarik %37k 55 urte baino gehiago zituztela eman zuen jakitera. Sendagile kopurua urria dela azpimarratzeaz gain, txostenak lanean ari direnak adinekoak direla ere aipatzen zuen. 40 urte- tik gorako sendagileen kopurua %18koa da, eta, jardueraren %7 herri handietan zentratua dagoela dio txostenak. Ondorioz, sendagileak sakabanatuta lan egiten dute, esate baterako, Irizarri, Ortzaize edo Larzabale herrietan.

Garapen Kontseiluak eman ditu datu horiek, bereziki sendagileen adinari dagozkionak. Baigorriko sendagilea, erretiroa hartzeko garaia heldu zitzaionetik, ondorengorik ezin aurkitu ibili da. Dominique Larramendi Hazparneko medikuntza zentroan ari da lanean, eta MGF sendagile generalisten sindikatuarentzat demografiari buruzko azterketak jarri ditu abian.

Bere esanetan, ondoko bost urteetan hogeita hamahiru sendagile horietarik seik erretiroa hartuko dute, eta, bakarrik lan egiten dutenez, askok ordezkoa aurkitzeko zailtasunak izango dituzte. «Ondoko hiru urteetan erretiro kopurua ordezko kopurua baino handiagoa izango da», erran du.

Egoera horren zergatiak anitzak dira Larramendiren esanetan. Lehenik, egungo gizartearen bilakaerari dagozkion arra- zoiak daude: «Egungo sendagileen mentalitatea asko aldatu da. Lehenagoko medikuak ez bezala, bizi bat ukan nahi dute lanbidetik kanpo, eta ez daude egunean hamabi ordu lan egiteko prest».

Sistema berrikusteko ordua

Bizi kalitatearen arazoa ere mahaigaineratu zuen sendagileak. Baigorrin izan den arazoari aurre egiteko sendagile zentro bat kokatzea proposatu da. Erabaki horrek arazoa ez zuela baitezpada konponduko esateaz gain, Larramendik frantses Gobernuaren jarrera gogora ekarri du. «Sendagile bat lanera etortzen denean, haurra eskolatu ahal izatea, eta emazteak lanpostua izateko aukera bilatzen du. Estatuak berak zerbitzu publiko guztiak desagerrarazten ditu baserri inguruetan, alta, Sendagilea- ri bizitza soziala sortzea eskatzen dio», salatu du.

Norberaren bizi hautuari dagokion arazotik at, osasun ar- loan hartuak diren erabakiak aipatu zituen Hazparneko sendagileak. Medikuntzaren irakaskuntzatik hasita, sistemak arazoak agertzen ditu, Larramendiren arabera. Lehen sei urteetan irakaskuntza erietxeetan zentratua da, eta, epe horren ondotik ikasleari medikuntza espezialitateen artean hautatzea eskatzen zaio. Horien artean dago medikuntza orokorra.

«Askotan ikasleek ez dakite zer den lanbide hori, eta ikuspegi ezkor samarra izan ohi dute. Ordu eta guardia asko egiten direla uste dute», gaineratu du Larramendik. Bere iritziz, baserri inguruetako sendagileak «benetako familiako medikuak» dira. «Lapurdiko kostaldean sendagileak jende askori eman behar izaten dio zerbitzua. Barnealdean, berriz, heldu zaizkigun pertsonekin daukagun harremana estuagoa da, eta zerbitzuak kalitate handiagoa du. Baina, mespretxua nabari da unibertsitateetan», nabarmendu du.

Arazoa orokorra denez, irtenbide bat emateko, eskaintzen den unibertsitate irakaskuntza birmoldatu behar da Larramendiren eta MGF sindikatuaren ustez. «Medikuntza orokorraren benetako irakaskuntza martxan jartzea ezinbestekoa da, eta baserri inguruetan ikastaroak egiteko aukera eman behar zaie», esan zuen. Baserri inguruetako lanaren kalitatea hobetzea ezinbestekoa da bere hitzetan. «Ge- hienetan sendagileek ez dute bakarrik lan egin nahi. Sendagile gazteei egindako inkesta baten arabera, gehienek taldean lan egin nahi dute», gaineratu du; taldean lan eginez, elkarren artean esperientziak trukatzeaz gain, diru xahutzea apalagoa izaten dela nabarmenduz.

Dominique Larramendik horrelako zentro batean lan egiten du Hazparnen. Hiru sendagile izateaz gain, fisioterapeuta, dentista, erizainak, erradiologoa eta beste hainbat espezialista biltzen dira bertan. Baserri inguruetako sendagile eskasia Estatu frantses osoan dagoen arazoa izaki, berriki Gobernuak arazo horri irtenbidea emateko batzorde bat izendatu du. «Gure iritziz, gobernuak ez daki sobera zer egin, edo bederen ez dirudi beraien arazo nagusia denik», bukatu du.

Kuotak

Osasun saileko Ministerioak sendagileak kokatzeko orduan lurraldeka kuotak finkatzea aipatu zuen. «Horrela bada ez gara gehiago sendagile liberalak izango. Sendagilea edonon finkatu daiteke», erran du Larramendik.

Erietxeak Baionan eta Pauen zentralizatzeko nahikeria

Oloroeko maternitatea eta Mauleko erietxeak azkenaldian albiste izan dira, eta, berriz ere, baserri inguruetan osasun zerbitzu eraginkor bat eskaintzeko asmorik eza agerian utzi du. Oloroe Biarnoan kokatua badago ere, Zuberoa eta Donapaleu inguruko herritar asko bertaratzen dira erditzera, eta egun ixteko arriskuan dago. Mauleko erietxean, berriz, epe luzeko egonaldietarako zituzten oheak zahar-etxerako baliatzea erabaki dute. «Arazo nagusi bat dago. Osasuna ez da zerbitzu gisa ikusten. Agintariek zenbakiak besterik ez dituzte begiratzen, eta hori aplikatzen dute osasun arloan ere», salatu du Dominique Larramendi sendagileak. «Gaur egun Estatu frantsesak xede nagusi bat dauka, erietxe zerbitzuak biltzea eraginkorragoak izan daitezen. Pauen eta Baionan bi polo egin nahi dituzte. Bi herri horien artean bizi diren herritarrak erditzera edo larrialdietara joateko anbulantzien menpe egonen dira hortaz. Gobernuak egin nahi duena arriskutsua izan daiteke», gehitu zuen. Mauleko erietxearen zerbitzua eta Oloroeko maternitatea desagertuko balira Donapaleu izango litzateke tokiko erietxe bakarra. «Ahalegin guztiak egin behar dira Donapaleuko erietxea eta larrialdi zerbitzua desagerraraz ez daitezen. Dagoeneko ez dago proiekturik, baina, erne egon beharko dugu aurrerantzean», nabarmendu du Hazparneko sendagileak.

Osasun zerbitzuen murrizte prozesu orokor horren aitzinean lurralde eremu guztietan mediku eta paramediku zentroak izatea ezinbestekoa zela nabarmendu du, berriz, Dominique Larramendik. Eta, horretan, egun Donapaleuko erietxeak lan handia betetzen duela gaineratu du. Oloroeko maternitatea desager ez dadin izenpetze-kanpaina abiatu dute herritarrek. Mauleko erietxeari dagokionez, berriz, proiektua abian da. A.B.

Larrialdi zerbitzu eske ari dira Aranon eta Goizuetan

Aranoko eta Goizuetako herritarrak larri dabiltza azken boladan, larrialdiren bat izanez gero berehalakoan artatuak izateko aukerarik ez dutelako eguneko hainbat ordutan. 1988an herrian ezarri zuten 24 orduko larrialdi zerbitzua joan den uztailean kendu zieten bi herri hauetan batzen dien 1000 biztale ingururi.

Medikuak kontratatzeko arazoak zituztela argudiatuta, Aranoko Goizuetako eta Leitzako larrialdi zerbitzuak batu zituzten, eta geroztik, aranoarrek eta goizuetarrek mediku ordutegitik -goizeko zortzietatik arratsaldeko hiruretara- kanpo larrialdiren bat dutenean Leitzara joan beharra dute.

Batetik bestera joateko ordu erdi baino gehiago behar dutela jakinarazi dute, kilometro asko egin behar ez badituzte ere, errepidean bihurgune asko daude, eta beraz, larrialdia izanez gero arazoak izango lituzketela.

Arazo beraiena soilik ez dela diote, gainera; izan ere, Leitzako larrialdietako medikua Goizuetara edota Aranora joanez gero, larrialdi medikurik gabe geratuko lirateke leitzarrak. Hala ere, kasurik gehienetan, deitzen hastea baino, Donostiara joatea erabakitzen dute bertako herritarrek. «Behin baino gehiagotan gertatu izan zaigu, lehenik Leitzara joan, eta gero ospitalera joan beharra».

Gainera, berriz ere zerbitzua jarriko ez dieten beldur dira. «Momentuko arazo bat zutelako hartu zuten erabaki hori, baina hilabeteak aurrera doaz eta berriz ere larrialdi zerbitzua jarriko ez duten beldur gara», azaldu du Jose Ramon Jimenez Izal goizuetarrak.

Arazo nolabait arintzeko, orain gutxi helikopteroak lur hartu dezaten leku bat atondu dute larrialdi kasuetarako, baina horrek ez ditu herritarren nahiak ase, beraien ustez, hori ez baita arazoaren irtenbidea.

Soluzio bat bilatzeko herritarrek sinadura bilketa egin dute herrian, eta horiek Nafarroako Gobernuko Osasun Sailera eraman dituzte. Beraien egoera bera duten herri txikiek ere zerbitzuak behar dituztela adierazi dute: «Gainerakoan, nork bizi nahiko du herri txiki batean?», galdegin dute. GARA

Eragingarriak

Estatu frantsesaren xedea erietxe eta klinikak hiriguneetan zentralizatuz zerbitzu eragingarriagoak sortzea da. Horren harira, puntako zerbitzuak jartzeko egitasmoa abian da dagoeneko Baionan eta Pauen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo