GARA > Idatzia > Kultura > Irrati-telebista

Noizko izango da ikusgai Hamaika Telebista nire herrian?

Iñaki Uria Hamaika Telebistako zuzendariak aipatu zuenez, «prozesu luzea» du aurretik proiektuak. Adierazpenak Durangoko Azokan egin zituen, bertan telebista sortu berriak standa zuela aprobetxatuz. Jende andana gerturatu zen informazioa hurbiletik jasotzeko.
p051_f01_148x88.jpg

Odeia AIESTARAN | DURANGO

Noizko Hamaika Telebista Durangon? Eta Lekeition? Donostian? Hori izan zen Durangoko Azokan Hamaika Telebistaren standean gehien entzun zen galdera. Jendea informazio bila joan zen, proiektuaren nondik-norakoak jakiteko irrikaz.

Bertako arduradunek azaldu zutenez, «jendeak oraindik ez du garbi zein den proiektua eta zertan datzan, eta gu galderei erantzuteko prest gaude». Jakin beharreko lehen gauza euskara hutsezko telebista izango dela da, baina badu berezitasunik: eskualdez eskualde osatutako sarea dela, «hori garbi izan behar du jendeak». Lehen emisioa Bilbon emango dute eta beraz, «Durangon, Donostian edota Lekeition» ikusteko «pixka bat» itxaron beharko dutela aipatu zuten. Bilbo aukeratzearen arrazoia, Uriaren hitzetan, «euskaldun kopuru handiena» duen hiriburua izatea da. Gainera, bertako euskaldunak, sakabanatuta eta «etsipen puntu bat» dutenez, horien artean «ilusioa piztea» da euren asmoa.

Emisio orokorrak urrun badaude ere, jendeak jada parte hartzeko aukera badu. Telebista bat aurrean jarrita, jendeak Artekaleko 52. standean akzioak erosteko edota bozketan parte hartzeko aukera izan zuen. Telebistaren bitartez, egun horietan jazotakoa jasotzen zuten eta Hamaika Telebistari buruzko zertzelada batzuk ere bota zituzten. «Jendea lotsa baztertuta», barruraino ere sartu zen, boza emateko asmoz. Izan ere, Hamaika Telebista imajinatzeko, irudiak aukeratzea norbere esku zegoen, eta hala, «norberak nolako Hamaika Telebista nahi duen» bozkatu zuen paperezko botoa emanez, edota webgunean zein SMS bidez.

Akzioei dagokienez, txantxetan, baina krisiari egotzi zioten errua telebistako kideek, jende gutxi animatu baitzen. Hala eta guztiz ere, pazientzia gutxirekin joan zirenak ere izan ziren, hala nola Donostiako bizilagunen bat edo beste Bilborako den telebistari laguntzera hurbildu zen, «benetan eskertzeko keinua» izan zen.

Bukatzeko, «Euskaldunentzat beste aukera bat» den Hamaika Telebista, «pausoz pauso» eraikitzen ari dela gaineratu zuten arduradunek Durangoko Azokako egonaldian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo