GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko Lehiaketa

Rekondo eta Arria itxura bikaina emanez hasi dira

Errezildarrak eta leitzarrak bi minutuko aldea kendu zieten Lopez eta Vicenteri. Saioko sei probetatik bat besterik ez zuten galdu, eta aise irabazi zuten.

p034_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Arria V.ak eta Jon Rekondok erraz irabazi zuten Urrezko Aizkorako Binakako Txapelketako lehen jardunaldia. Lizarran jokatutako ekinaldian bi minututik gorako aldea kendu zieten Daniel Vicente eta Juanjo Lopezi.

Errezilgoak eta Leitzakoak lan bikaina egin zuten, eta proba bat ez beste guztiak bereganatu zituzten. Aurreneko saioa 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu izan zen. Bakoitzak alde bat erdibitu behar zuen. 33 kolpetan bota zuten garaileek, eta Lopezek eta Vicentek hiru gehiago behar izan zituzten.

Ondoren erlojuaren kontra lehiatu ziren, eta berriro ere Arria eta Rekondo atera ziren garaile. 1.40 izan zen lortutako denbora eta 2.13 aurkariena. Hirugarren lanean, 60 ontzakoa zutik txanda librean moztu behar zuten, eta berriro ere gazteak gailendu ziren. 2.37 izan zen hauek egindako denbora eta 3.08 Lopez eta Vicenterena.

Laugarren ekinaldian, bi 45 ontzako moztea zen lana, bat zutik eta bestea etzanda. Bakoitzak enbor bat bota behar zuen. 2.24 izan zen garaileen denbora eta Lopez eta Vicenterena, berriz, 2.42. Azkenaurreko lanean gailendu ziren Lopez eta Vicente. Bi 60 ontzako bota behar zituzten eta hori bereganatzeko modua egin zuten. 6.30 izan zen beren denbora eta hamar segundoko aldea eskuratu zuten.

Azkeneko lanean, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar zituzten. Otsagabikoak eta Lezaungoak azkenaurrekoa irabazi arren, oso zaila zeukaten amaierako garaipena erdiestea. Arria eta Rekondo askoz ere gehiago izan ziren, eta aise lortu zuten azkeneko proba hau ere. 12 minutu eta 56 segundotan bota zituzten enborrak, eta 14 minutu eta 11 segundotan Lopezek eta Vicentek. Amaieran, 26 minutu eta 50 segundotan amaitu zituzten lan guztiak Arriak eta Rekondok, eta 28 minutu eta 55 segundotan Lopezek eta Vicentek.

Errezildarrak eta leitzarrak puntu garrantzitsua lortu dute, eta Lopezek eta Vicentek, aldiz, zail izango dute finalerdietarako bidea egitea. Multzo honetako gainerako aurkariak, Larretxea-Atutxa II.a, egungo txapeldunak, eta Mindegia-Senosiain I.a dira, eta ustez haiek dira aurrera egiteko bi faboritoak. Arriak eta Rekondok oso itxura ona eman zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo