GARA > Idatzia > > Ekonomia

Rey prefetaren «esku-sartzea», berriro, EHLGren aldeko sostengua oztopatzeko

Euskal Herriko Laborantza Ganberak batzarra eginen du larunbatean, heldu den urtarrilaren 29tik aitzin bere lehendakari den Mixel Berhokoirigoinen aurkako auzia dela-eta sostengu kanpaina abiatzeko. Horren atarian, Philippe Rey prefetak oharpen bat bidali die hautetsiei.

p026_f0197x136.jpg

Maite UBIRIA |

«Larderia», «boterearen gehiegikeria», «hautetsien eremuan esku-sartze jasangaitza». Hitz gogorrak erabili zituzten atzo goizean, Baionan, Euskal Herriko Laborantza Ganberaren (EHLG) alde lan egiten dutenek, abenduaren 2an Pirinio Atlantikoetako prefetak emandako urratsaren berri eman ostean.

«Zalantzarik ez dut aginte publiko baten gordetzaile zaren heinean erakunde publikoen funtzionamendua kaltetzeko bidean legearen kontra doan edozein ekimen saihestea barneraturik duzula». Horixe da Philippe Rey prefetak idatzi duen gutunaren azken paragrafoan irakur daitekeen mezua.

Maryse Cachenaut, EHLGko lehendakariordeak kazetarien aurrean azaldu zuenez, «ezin sinetsizko» auzia da heldu den urtarrilaren 29tik aurrera Baionako Auzitegian eginen dena. Izan ere, haren ustez, elkartzeko eskubidea, laborantza herrikoi eta iraunkorra aitzineratzeko herri engaiamendua eta adierazpen askatasunerako eskubidea ere urratzen baititu auziak.

2005ean ere, EHLG sortzear zela, garaiko prefetak euskal hautetsiei laborarien antolakuntza berria ez sostengatzeko gonbita egin ziela gogora ekarri ondoren, oraingoan Philippe Rey-ek idatzi duen eskutitzari idatziz erantzungo diotela iragarri zuen. Era berean, EHLGk aholkularitza juridikora joko du, hautetsien gainean egin den presioa «botere gehiegikeria» izan ote daitekeen argitzeko.

Horrez gain, EHLGren lanak hasieran herritarrengandik eta, azkenaldion baita botere publikoen aldetik ere -esaterako, Akitaniako Eskualdeko Kontseilua-, lortu duen sostengua nabarmendu zuen Cachenaut-ek.

Dominique Amestoy laborariak, bestalde, Euskaldun Gazteriaren garaiaz geroztik ezagutzen duela Berhokoirigoin aipatu zuen. Baita gaineratu ere, 30 urte hauetan «beti euskal laborantza laguntzen, babesten, tiratzen» ikusi duela.

Laborantza Ganberaren Lagunen elkartearen izenean Patxi Noblia eta Txetx Etxeberri mintzatu ziren. Lehenak gogorazi zuen urria erdialdean eginiko batzar nagusian hiru norabideko ekimenak onartu zituztela, hala nola: EHLG jasaten ari den erasoaren berri ematea Estatu frantses osoan, eta horren aurrean sostengua galdegitea; Iparraldeko gizarte zibilarengan «100en manifestua»ren haritik auziaren aitzinean elkartasun uholdea zabaltzea; eta, hirugarrenik, hautetsien aldetik sostengua zabaltzea.

Hexagono mailan ehunka sinadura eskuratu dituztela nabarmendu zuen Nobliak. Finean, «prefetaren mehatxuak EHLGren aldeko elkartasun sarea berpizteko balioko duela» espero duela aitortu zuen Txetx Etxeberrik, eta «tokiko militanteei guziei» heldu den larunbat goizean, 10.00etan, Ainhizen egitekoa den bilerara joateko deia egin zien.

2005ean ere

Pirinio Atlantikoetako Prefekturak idazki bat igorri zien euskal hautetsiei, orduan sortzear zen elkartea ez sostengatzeko aholkatuz. Handik egun gutxira, batzar jendetsuaren babesean, jaio zen Ganbera.

milatik gora

Hexagonoan zehar ehunka sostengu jaso dituzte dagoeneko. Alta, euskal gizartearen zein bertoko hautetsien aurrean «100en manifestua» zabaltzeko ahaleginak biderkatuko dituzte larunbatean abiatuko den kanpainaren bitartez.

Blog berria

EHLGk sorreratik eta gaur egunera arte eginiko lanaren berri emateko, auziari buruzko informazioa zabaltzeko eta, bereziki, dirulaguntza biltzeko «ehlgdoitvivre.org» bloga sortu dute. Esku-orria ere banatuko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo