GARA > Idatzia > > Kultura

DURANGOKO AZOKA

Ipar euskal herriko haizeak doinu eta hitz bilakatuta jo zuen

Euskal musikan eta literaturan hegoaren eta iparraren arteko banaketa indar bereziarekin hautsi zen atzoko jardunaldian. Ipar Euskal Herritik Durangora etorritako euskal kulturaren eragileen egunean, hauen sormena bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zen.

p040_f01_140x96.jpg

Itziar AMESTOY

Musikariak eta idazleak dira, azken finean, beren lana ezagutarazteko pertsonarik egokienak. Hori dela-eta, Iparraldekoek hitza hartu zuten atzo. Azokako Artekalen egunero izan arren euren guneak, Plateruena kafe antzokiaren oholtzara ere igo ziren berrikuntzen berri ozen emateko xedearekin. Azokak ateak ireki eta gutxira, Lucien Etxezaharrarekin hitz egiteko aukera zegoen Maiatz elkarteko gunean. Iparraldeko sormena osasuntsu dagoela nabarmendu zuen, azken urteotan izandako ibilbidea bide onetik doala argi esanez. Azokaren hitzordua kulturako egoeraren adierazle hartu, eta Ipar Euskal Herriko presentziak hazteko joera erakutsi duela azaldu zuen. «Ohikoa da iaz idazle baten liburua erosi zuena aurten horrek argitaratutakoaren bila etortzea», argitu zuen.

Etxezaharretak ez zion garrantzi berezirik eman nahi izan Iparraldeko presentziari, «euskararentzat mugarik ez baitago eta berdin ere kulturarentzat». Maiatz elkarteari buruz, sendotuz doala esan zuen. «Gure kabuz argitaratzen ditugu liburuak eta aurten sei lan atera ditugu». Era autonomoan liburuak ateratzea ez da nahita erabakia, produkzioaren egoeraren ondorioa baizik. «Gutxituak gaude eta gu geuk atera behar ditugu lanak», gehitu zuen arratsaldean, bere liburuak sinatzen zebilen Marikita Tambourinek.

Azokaz gain, Plateruena kafe antzokia izan zen Ipar Euskal Herriko idazleak hartu zituen beste gunea. Goiza literaturaz jardun zen, eta arratsaldeak musika izan zuen protagonista. Idazleek beren liburuen zehaztasunak azaldu zituzten eta pasarte batzuen irakurketa egin zuten. Formatu horrekin hurbiltasuna lortzen den arren, ez zitzaien gustatu idazleei, ez entzunarena sumatu baitzuten. Arreta jarri zuenak, hala ere, argitaratutako liburuen xehetasunak ezagutzeko aukera izan zuen. Tambourinek bere azken hiru lanei buruz jardun ondoren hainbat aitorpen egin zituen. «Tania», «Abu ala Ali» eta aurtengo berritasuna den «Singapurreko gutunak» lanetan elementuak errepikatzen direla esan zuen. Hiruretan neska gazte bat agertzen da, urruneko maitalea duena eta hortaz ezinezko amodio bat bizi duena. Lucien Etxezaharretak, bestalde, Pedro mutila aurkeztu zion publikoari, Antonio Skarmentaren «La composición» laneko protagonista, berak «Idazlana» izenburupean euskaratu duena. Taulara igotzen azkena, Xabier Soubelet izan zen eta haren liburua «euskararen iturburuari buruzko lan bitxi bat» ezagutu nahi dutenei eskaini zien.

Iparraldeko idazleak gero eta gehiago ezagutzen direla ziurtatzen zuten Plateruenan bildutako hainbat lagunek. «Izenak ezagunak egiten zaizkit baina ezingo nizuke inoren titulu zehatz bat esan» aitortu zuen Aitorrek, Aramaioko gazte batek. Mugaz bestaldeko Haritzak, ordea, Hegoaldeko idazle anitzen ibilbideak soberan ezagutzen zituela esan zuen, eta Iparraldekoen Hegoaldeko ezagutza alderantzizkoa baina handiagoa da, haren aburuz. Bi adibide soilak izanda ere, joera bat erakutsi ahal dute. Hala baloratu zuten, gutxienez, Etxezaharretak eta Tambourinek. Hegoaldean sortutako lanak Iparraldean banatzen direla eta alderantziz ez dela berdina gertatzen nabarmendu zuten. Paralelotasun bezala, Lucienek Quebekeko egoera azaldu zuen. «Estatu frantsesean argitaratutakoa Quebecen banatzen den bitartean, produkzio hori Estatu frantsesera sartzea ekiditen dute».

Musikarien txanda

Plateruenako aretoan irakurketak egiteko idazleek hainbat eragozpen aurkitu bazuten ere, arratsaldean egin ziren kontzertutara primeran moldatu zen. Maialen, Mixu eta Xabaltxek osatzen duten hirukotea aurreikusita zegoen arren, azken horrek, Xabaltxek, bakarrik amaitu zuen agertokian. Beste bi partaideek arazoak izan zituztenez, bakarkako kontzertu eskaini zuen por-rock olerkari honek. Hasi aurretik bildutako ikusleei bonbardaketa mehatxu zuzena bota zien, nahiz eta gero zehaztu, maitasun bonbardaketa izango zela.

Musika taldeek arratsalde osoan jarraitu zuten Plateruenaren aretoa doinuz betetzen. Otxalde 30. urteurrena ospatzeko «Ameslari» disko berriarekin agertu zen Durangon, eta jarraian, Joana Etcharrenek hartu zuen lekukoa pop eta jazzean oinarritzen diren melodia goxoak eskaintzeko. Arratsaldeko saioa Patrice Dumorak itxi zuen bere formula minimalistarekin. Bildutako ikusleentzat aski ezagunak ziren taldeak, musika eta literaturaren arteko aldeak agerian utziz. Nahi izan zuenak Iparraldeko haizea sentitzeko aukera izan zuen, behintzat, Azokako azken egunean.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo