DURANGOKO AZOKA
Gu ta gutarrak taldeak azken urte eta erdiko ibilbidea azaltzen duen DVDa aurkeztu du Durangon
Boskote honek musika herrikoia hedatu zuen Euskal Herriko txokoetara. Baina jaio zen une beretik iraungitze-data ezarrita zuen. Orain, bertsoei doinua ipini zieten musikarien istorioa DVD batean jasotzen da.
Ianire RENOBALES | DURANGO
Gu ta gutarrak taldeko kideak izan ziren atzo Durangoko azokan beraien agurreko lana publikoari aurkezten. Euskal Herrian zehar urte eta erdiz egindako ibilbidea erakusten duen DVD batekin esan diote agur taldeari Unai Iturriagak, Igor Elortzak, Josu Zabalak eta Aitor Rubiok. Orotara bost musikari dira, baina Xanpe atzo ez zen bertan egon.
Hilabete asko eman dituzte Euskal Herrian herriz herri emanaldiak eskaintzen. «Jende asko izan dugu lagun proiektu honetan; baina, sarritan aipatu dugu autogestioa dela gure funtzionatzeko modua», argitu zuten taldekideek. Kontzertu bakoitzean Gu ta gutarrak ekimenak gonbidatuei egin izan die leku. «Ibili garen toki guztietan laguntzaileak izan ditugu eta hori izan da geure emanaldien zati bereizgarriena», gaineratu zuen Josuk. Tarte horretan, kolaboratzaileek hainbat kanten bertsioak edo emanaldi inprobisatuak eskaini izan dituzte.
Hasieran ez zuten musika taldea izateko asmoa, iraungitze-data ezarrita zuten; hau da, hasiera batetik bazekiten noiz amaitu behar zuten. Jendearen aurrean kontzertuak emateko abiatu ziren musikan. Beraien xedea ez zen industria honetan sartzea eta CDak saltzea; baina jendeak eskatuta kaleratu zuten diskoa. Bide horretan, bertso-kantak sortu dituzte batez ere, bertsoei doinuak ezarriz eta instrumentu musikalez baliatuta lortu dituzte konposizio hauek.
Gu ta gutarrak zuzeneko emanaldiak izan ziren eta DVD honek hori islatzen du. Abestiak biltzeaz gain, irudiak jasotzen ditu, irudi mordoa. Alde batetik, izandako gonbidatu guztien (idazle, antzezle, bertsolari, dantzari...) irudi bilduma eskaintzen da, orotara hirurogei emanaldi baino gehiago batzen direla. Bestalde, bost kideen bideo bat gaineratzen da, azaltzen duena zeintzuk izan diren bakoitzaren asmoak eta pozak, eta helburuak lortzeko falta zaiena. Azkenekoz, Durangoko Plateruenan ekainaren 13an, San Antonio egunean, eskainitako azken emanaldia agertzen da, birari bukaera ipini ziona.
Gutar arima
«Gutako bakoitzaren baitan hamaika gutar bizi da: gutar ameslaria, gutar axolagabea, gutar zintzoa, gutar eszeptikoa, gutar parrandazalea, gutar gaiztoa, gutar politikoa, gutar sexuala, gutar sentibera, gutar eroa...». Horrelaxe deskribatzen dute taldekideek euren arima.
Gutarrek gauza asko izan dituzte hizpide; besteak beste, maitasuna, politika, herria, pozak eta kezkak... gai hauek bertso eta musikarekin nahastuta emaitza polita lortu dute, baina boskote honek sortutako zuzeneko musika herrikoiari agur esan behar zaio.
2006ko otsailean jaio zen amets hau. Bertsolaritza eta musika nahasten zituen proiektua abian jarri zuten orduan, eta ikuskizuna Euskal Herriko hainbat txokotara zabaldu izan dute duela hilabete batzuk arte. Bertsoak eta doinuak batu zituzten instrumentuez lagunduta.
Arrakasta izan zen nagusi eta nahiz eta musikaren munduan sartu nahi ez, azkenean, abentura hau gogoratzeko DVDa kaleratu dute. Baina lan hau ez da beste askoren hasiera, ez. Gu ta gutarrak taldeak argi utzi du «ibilbide baten heriotza adierazten duela». Egun, taldeak ez du produkzio berririk sortzen.