GARA > Idatzia > > Kultura

DURANGOKO AZOKA

«Festa aldameneko gelan», Mariasun Landaren autobiografia narratiboa

I. R. | DURANGO

Mariasun Landa Erein argitaletxearekin izan da Durangon, gazteentzako eleberri bat sustatzen. «Festa aldameneko gelan» kontakizun autobiografikoa da. Hemeretzi urte zituela Parisera joan zen bizitzera Mariasun, eta bertan lau urte eman zituen. Lana 1968an girotzen da, eta liburuak belaunaldi hartako ezaugarriak dituela adierazi du autoreak. «Nabarmenduko nuke alderdi autobiografikoa; baina, era berean, kontatuta dagoen modua dela-eta, eleberri bat bezala irakur daitekeela», adierazi du Mariasunek. Ez da azaltzen, soilik, Landari gertatutakoa, pasarte horiek moldatu ditu modu atsegin batean liburu narratiboa sortzeko. «Irakurleak ahaztuko du protagonista eta idazlea pertsona bera dela», gaineratu du idazleak.

1968ko udazkeneko Paris erretratatzen du autoreak. Bertan, independentzia pertsonala bilatzen ari den neska baten ikuspuntutik, garai hartako hiria deskribatzen du, mota askotako pertsonaiak hartuta eta umorez kutsatutako pasarteak narratuz. Estiloari dagokionez, erritmo handikoa da, gertakizunak bata bestearen atzean doaz eta hala, segidan harrapatu egiten du irakurlea, hasieratik bukaerara arte. Urtebete dauka jada eleberriak eta euskaraz eta gaztelaniaz topa daiteke. «Oso ondo funtzionatu du liburuak eta ez hemen bakarrik, kanpoan ere bai gaztelaniazko bertsioa ondo saldu delako», esan du Landak. Gainera, frantsesez kaleratzeko interesa badagoela argitu du autoreak; baina, asmoa asmo da oraindik.

Geroari begira, nahiz eta proiektua oraindik sendotuta ez egon, jendeak idazleari eskatu dio ildo honetatik jarraitzeko eta Parisen bizitako beste hiru urte haiek liburu bihurtzeko. Baina Mariasunek esan duenez, «horretan ari naiz lanean; hala ere, ez badut ikusten gustuko zerbait ateratzen zaidala ez da aurrera aterako eta, bestela, bai. Oraindik ez dakit».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo