DURANGOKO AZOKA
Gizarte kontzientzia, bizitza eta bizikidetasuna, Jonan Fernandezen lanean
I. R. | DURANGO
Jonan Fernandez idazlea Durangon izan zen atzo bizitzari eta bizikidetasunari buruz berak idatzitako liburuaren aleak sinatzen Arantzazuko edizio frantziskotarren mahaian. Lan honen bigarren edizioa argitaratuta, eta emaitzak ikusita, nola bizi beharko litzatekeen ikastea eta horren gainean hausnartzea jendearen interesekoa dela ikusten da. Oraingoz, liburua gaztelaniaz baino ezin da eskuratu «Vivir y convivir» izenburuarekin.
«Nire ustez, desorientazio oso handia dago bizitzaren zentzuari begira eta bizikidetasunari dagokionez», adierazi du idazleak. Gizakion ezaugarri «gizakienenak» aztertzeko asmoz egiten du autoreak hausnarketa liburu honetan, eta bertan idatziz emandako pentsamenduak bere esperientzian oinarritu ditu. Gauzak horrela, gizakien arteko harremanak hobetzeko xedearekin lau ikaskuntza prozesu planteatzen ditu lan honetan: lehenik eta behin, gizaki guztiok mugatuak garela adierazten du; ostean, nahiz eta mugatuak izan, bizitzan gainditzen gaituzten elementu asko daudela aipatzen du eta horiekiko esker oneko izan beharra dagoela; gero, geure kontzientzia entzun behar dugula; eta, azkenik, giza-duintasuna baztertu ezina dela.
Liburua hiru sektoreri dago zuzenduta batez ere: beren buruari bizitzaren gaineko galderak egiten dizkieten norbanakoei, bizikidetasunaren nondik norakoaz kezkatzen den edozein pertsonari (familia edo gizarte mailan) eta hezkuntza garrantzitsutzat jotzen duen orori.
Jonan Fernandez politikan ibilia da eta horrekin batera, zenbait erakunde zibilen sortzaile eta kidea izan da. Egun, Baketik zentroko zuzendaria da. Bizitza eta bizikidetasuna ardatz dituen lan honekin Fernandezek bere kezka bati, bakeari, erantzunak emateko ahalegina egin du, horren inguruko adibideak emanez. Izatez, euskal gatazka ez da zuzenean aipatzen liburuan; baina horri buruzko pentsamenduak ere ageri dira.