Elena Martinez Rubio
Ni ohiak
Badira biziaren muina osatzen duten gertakariak. Edo badira gertakari mingarriek osatutako garaiak. Pisu guztia bereganatu dutenak. Ez, ez dira ezeren ardatza. Aurrerantzean ez baita egongo ardatzarekiko inolako higidurarik. Nagusi izango da-eta gelditasuna. Loak hartuko du denbora.
Garai horiek iritsitako mendilepo baten antza dute. Sekula atzean utziko ez den mugarriarena. Mendizaleak, gailurren batera abiatu beharrean, inorantz ez duelako joko. Bertan lotuko da, astindu batek hartuta. Beste hots guztiak mendean dauzkan dei bakarra entzun eta urruneko zaunkei jarriko da adi-adi. Basatxakurrak. Haurride berriak!
Eta hemendik aurrera, berdin zenbat urtez luzatu bizialdia, ezer esanguratsurik ez zaio gertatuko. Laster itsatsiko zaio automata kutsua geroak bertan behera utzi duenari. Arimak baino, gorputzak dirudi hilezina harengan.
Bazterrean geratze honek tankera bitxi-bitxiak har ditzake. Bikain adierazia dugu -muturreraino eramana, era berean- «Itxaropen handiak» Dickensek idatzi zuen azken eleberrian, esaterako. Senargaia ezkontzara agertu ez, eta andregaiaren etxeko ordulariak ordu zorigabe hartan betirako: tenk! Mahai gainean dagoen ezteietako bazkaria, saguen luzaroko bazka nazkagarria. Egun-argirik sar ez dadin itxitako leihoak. Hormen arteko zahartze huts bat, urte amaigabeetako biziera antzua, azken batez.
Halako zerbait dugu Lampedusaren eleberri bakarraren amaiera aldean: horra hor sainduen erlikiez inguraturik bizi diren Gatopardoren hiru alabak, loriazko gaztaroan hain maite izan zuten hautsez beteriko txakur disekatua barne. Erabateko geldotasun itogarria. Denborak berekin dakartzan aldaketei bizkarra emateagatik, bizimodu hutsala.
Ni ohi batzuk, beraz, obsidianazko kutxatilan giltzapeturik, ihartuak, izoztuak, iraganarekin kateztatuak.
Baina zergatik agortzen ote zaio ezbeharra izandakoari oroimen lazgarrietatik askatzeko ahalmena? Zergatik tematzen ote da bere horretan neurrigabe? Dickensen ustez, jasan dugun galerari itsu-itsuki atxikitzea, harrotasunari zor zaio neurri batean. Malgutasunik ez duenak bortxa egiten diolako bere buruari, dagoen ingurutik isolatuz eta kale itsu batean sartuz, guztiz ahuldu arteraino.
Beste urrats bat egiten du Vassili Grossman idazle errusiarrak «Bizia eta Patua» Sobietar Batasunean debekatua izan zen idazlan zoragarrian. Bertan, gizabanakoaren egoera ez ezik, belaunaldi batena nahiz gizarte osoarena aztertzen ditu. «Ez da gaitzagorik bere arotik kanpo bizi den ugazeme-alaben patua baino... Aro bakoitzak, berak munduratutako umeak baino ez ditu maite eta... ugazamek besteren umerik maite ez duten bezala», halaxe diosku honen harira.
«Nire garaiak gure garaia izateari utzi dio», konturatu da, bestalde, emazteak alde egin eta nahigabeak inorekin partekatzeko gai ez den Krimov, pertsonaietariko bat.
Izan ere, gerra, izumena eta atsekabeen ondorioz buruzgainka dabilen mundua da eleberriaren gai nagusia. Hamaika pasarte eta iruditan agertzen zaigun aurkakoen txandakatze bat: egonkorra dena, mugitu egiten da; mugitzen ari denak ostera, geldi beharko luke. Volga ibaiak berak, etengabe bonbardatzen ari diren lurraldea baino geldikorrago ematen du.
«Volgaz bestaldera so geratu, eta lurra Stalingradotik zetorren argi nahasi pean gora eta behera egiten ari zela ikusi zuen; ontzia zihoan urak ordea, harlauza bat bezain geldi zirudien».
Halaber, egon daitezke hilak bizi direnak baino biziago. Bai, behinola nahikoa izaten zen Stalinek eraikiarazitako Leninen Mausoleo barrura sartzea, Sobietar Batasunean komunismoa hilik zegoela ulertzeko. Nabaria baitzen, harri beltzezko murru zorrotz itsusi haietan herri osoa baltsamatzeko zegoen asmoa. Bizi-pozaren aztarnarik ez. Mausoleo ilun-goibelaren erdian aldiz, Leninen zurbiltasun zirraragarriak ekartzen zien gogora jatorrizko iraultza etsita ez zeudenei.
Nola bizidunen hobia, hala hildakoena. Stalin ere, Leninen hilobian egon zen lurperatua zenbait urtez, harik eta Kruschevek, estalinismo historikoa atzean uzteko beharraz jabetuta, handik atera zuen arte.
Hala eta guztiz, alferrik idatzi zion behin eta berriz Vassili Grossmanek Kruschevi aipatu eleberriaren argitaratzea baimendu zezan. Eskerrak lagun batzuek eskuizkribua Sobietar Batasunetik kanpo eraman zutela ezkutuan idazlea zendu zenean. Agintariak ondo ohartu ziren eleberriaren indarraz: nazismoaz eta estalinismoaz harago, nagusikeria eta zurrunkeria salatzen ditu-eta, oro har. Hots, giza antolamenduaren egitura eta erroetan egon ohi den beldur suntsitzailea.