«Popo» Larre ilunpean nahiago dute
Hogeita bost urte iragan dira Jean-Louis Popo Larre heletar militante abertzalea desagertu zenetik. Urte horietan guztietan ez da izan gazte horrekin zer gertatu zen jakiteko taxuzko ikerketarik; hala ere, Parisko auzitegi bereziak Larre hiltzat jo eta auzia ixtea erabaki duela jakinarazi zuen atzo, hura bilatzeko agindua ere bertan behera utzirik. Erabaki hori auzi ilun baten amaiera triste bezain onartezina da. Alta, ohiko amaiera da euskal militante desagertuei dagokienez. Larreri 1983ko abuztuan tiroketa batean parte hartu eta jendarme bat hil izana leporatu zioten, eta auzi hori tiroketa gertatu zenetik -hots, Larre desagertu zenetik- 17 urtera epaitu zutenean, heletar gaztea, akusatu nagusia bazen ere, auzitik kanpo utzi zuten. Gertakari haiek eta zenbait egun geroago Pascal Dumont gaztearen desagertzea, handik gutxira agertu zen gorpua -Dumontena Poliziaren arabera eta haren familiak ukatu zuena-... eta beste elementu batzuek auzi hori, tribunalek amaitutzat eman arren, ez dagoela argituta erakusten dute.
Estatu frantses eta espainoletako auzitegien eta oro har instituzioen jokaerak, euskal disidentziaren trataerari dagokionez behinik behin, ez diote justiziari mesederik egiten. Izan ere, hainbat euskal herritarri kartzela zigor izugarriak ezartzeko ez dute frogarik behar izaten, askotan zantzurik ere ez, polizia etxean beste batek egindako deklarazioa aski baitute, baina Popo Larreren auzian ikerketarako zantzu argiak baztertu dituzte. Kasua salatzeko modukoa da berez, baina konparazioak argi uzten du Zuzenbidearen gutxieneko inpartzialtasuna batzuetan diskurtso arranditsuetako edergarri hutsa dela, eta estatu horien justizia ez dela inondik inora itsua.
Agintariek, politikariek, hedabideek hitzetik hortzera dituzte biktimak hizpide. Mota bateko biktimak, noski. Beste batzuk baztertu eta ahantzarazten ahalegintzen dira. Eta berriro ere konparazioak agerian jartzen du diskurtso horren faltsutasuna. Biktima ahaztu horiek aitortu ez eta mendeku politikak bultzatzen dituzten bitartean, estatuek nekez eska dezakete eurek falta duten jarrera.