GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Eskuinaz defendatu eta ezkerraz irabazi du txapela

Eskuinarekin minik ez du egin, baina defendatu oso ondo egin du, beti ondo kokatu du pilota, paretera itsatsiz eta ezkerraz maisuen pare jokatu du. Gutxien arriskatu duenak irabazi du

Joxemari ETXENAGUSIA | Pilotari ohia

Txapelketako lehen partida hartan inork gutxik espero genuen Aimarrek txapela irabaziko zuenik, baina merezimenduz irabazi du txapela. Ematen duenez, lesiotik hobera egin du, txapelketan aurrera egin ahala. Eskuinarekin minik ez du egin, baina defendatu oso ondo egin du, beti ondo kokatu du pilota, paretara itsatsiz eta ezkerraz maisuen pare jokatu du. Txapelketa ezkerrarekin irabazi du, tantoa oso ondo bukatu du eta abiadura ematerakoan ere oso ondo egon da.

Finalari dagokionez, partida bizia izan da, erritmo azkarrean jokatutakoa eta azkenean gutxien arriskatu duenak irabazi du. Ez da partida on-on horietakoa izan, pixka bat gehiago espero genuen biengandik, batik bat Martinez de Irujorengadik, erregalo gehiegi egin dituelako partida eta txapela irabazi ahal izateko.

Aimar Olaizolak partida ona egin du baina sekula baino gutxiago arriskatu du eta gutxien arriskatu duenak eraman du txapela azkenean. Goizuetako aurrelariak oso partida inteligentea jokatu du, azken tantoan bi gantxo sartu ditu, baina gainerakoan botera jokatu du, pilota ondo mugituz. Sakearekin ere min handiegia egin dio; izan ere, horietako batzuk oso zailak ziren, baina beste asko eramatekoak, eta hortik joan zaio partidaren zati handi bat. Tantotik tantora denbora pasatze hori ez dut uste garrantzitsua izan denik, tantoak biziak izan dira eta normala da errekuperatzeko astia ematea. Batzuek komentatu dute taktika izan ote den, baina nik ez dut halakorik uste. Aimarrek partida hobea jokatu du, gaur hobea izan da eta merezita jantzi du txapela.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo