GARA > Idatzia > > Kultura

DURANGOKO AZOKA

Krisia, Durangoko Azoka aurten bisitatu ez duen mamu beldurgarria

Krisi mamuekin Azoka bezpere- tan beldur zire- la onartu arren, atzo behintzat gustura ziren diskoetxe eta argitaletxe nagusietako arduradunak.

p038_f01_250x124.jpg

Kronika | Behin-behineko balorazioen ordua

Anartz BILBAO

Bukatu da, milaka liburu, beste horrenbeste disko, eta gaztetxoen kasuan makina bat poster, egutegi eta pegatina banatu duen merkatua. Izango du Olentzerok lana aurten ere, opari guzti horiek etxe egokietara banatzen. Azoka itxita baina, behin-behineko balorazioak egiteko eguna zen atzokoa, eta oraindik igande arratsaldeko azken bultzada falta bazen ere, gustura ziren argitaratzaileak.
 
Gerediagak goizean esandakoaren arabera, «antolaketa arlotik, aurreikusitako ekitaldiak normaltasunez garatu dira», oro har, erantzun on edo espero baino hobearekin. Aurten izandako berrikuntzekin ere gustura ziren, Aurkezpen aretoak jaso duen erantzun ona eta Ahotsenea sortzaileen gunearen sorrera nabarmenduta. Finlandiar gonbidatuak eta suomierak jasotako arreta ere nabarmendu zuten, finlandiar aldizkari batean Azokaren berri eman dutela aipatuta.
 
Salmentei dagokienez, zenbaki saltsan aritzea arriskutsua izaten den arren, «badirudi helburuak beteta doazela aurten» esan, eta krisiaren eragin eza aipatu zuten.
 
Hiru argitaletxearen inguruan izandako aferaz ere bere iritzia eman nahi izan zuen Gerediagak, horrela zegokiola iritzita. «Hiru argitaletxeak Azokan parte hartzeko gonbita urtero bezala» jaso zuela argitu eta «Gerediagak ez dio inoiz debekatu parte hartzea» gaineratu zuten. Betiere antolakuntzaren esanetan, «araudia kontuan hartuta bere katalogoko hainbat liburuk Durangoko Azokan lekurik ez» zutela jakinarazi ostean, Hiruk berak egin zion uko Durangon izateari. «Gerediagak ere penaz hartu du Hiru Durangon ez egotea, eta datorren urtera begira, egon dadin lanean jarraituko du» esanez itxi zuten aipua. Arratsaldean, Azokaren balorazio orokorra laburrean emateko eskatuta, Susako Gorka Arrese eta Txalapartako Mikel Soto, bakoitzak bere aldetik, gaia izan zuten hizpide. Penaz ziren biak, Hiru Durangon falta zelako. Sotok etorkizunerako afera konpondu eta argitaletxea berriro Azokan ikustea espero zuen; eta Arresek berriz, Hiru kanpoan uzteari «konfusio estridente eta injustu handi baten» seinale izan dela, eta bere ustez erdarazko libururik bertan ez lukeela egon beharko uste arren, «egotekotan daudela denak» esan zuen. Hala ere, etorkizunean, gaztelaniazko ekoizpena euskaldunari nabarmen gailenduz, jango ez ote duen arrisku edo susmoa plazaratu zuen, Azokak daraman bidean, itzulezintzat aurreikusten duena.

Argitaratzaileek esana
 
Diskoetxeetan kontent ziren orokorrean. Ritxi Aizpuruk Baga Bigaren berri eman zigun, eta horretaz asko hitz egin arren, «krisia eguneroko gauza da» esan ostean, salmentetan ez dutela beherakadarik sumatu esan zuen. Orain hiru urte sortu, eta hazkunde nabarmena izan du zigilu bizkaitarrak, egungo argitalpen kopuruari begiratuta emankorrenetariko bihurtzeraino. Ondo saldu diren Korrontzi eta Des-Kontrolez gain, Gatiburen hirugarren lana plazaratu dute, gainera, zalantzarik gabe rockaren alorrean diskorik arrakastatsuenetarikoa.
 
Angel Valdes Elkar diskoetxeko arduraduna ere lasai aurkitu genuen, egindako lanarekin pozik.«Egun bat gutxiago izan arren, azken egunak oso intentsuak» ikusi zituen, eta pozik zen Gu Gira eta Itoizen bildumek eta Benito Lertxundiren berrienak izandako harrerarekin. Katalogoko lanak merke saltzearen ondorioz izandako arrakasta ere nabarmendu zuen «kaxa handirik egin barik ere sekulako salmenta lortu eta musika jende askorengana» heldu izan delako. Laboaren inguruan, eta bere heriotza samingarriaren ondorioz, «jende asko eta oso gaztea» jakin-minez hurbildu zitzaiela esan zuen, Mikelen lanean sakontzeko gogoz. Bukatzeko, «krisia baino –aspaldikoa da– ‘reubikazio’ garaia» dela onartu zuen, (ez soilik musika industria tradizionalean, baita artegintzan orokorrean ere), eta musika oso beharrezkoa dela aldarrikatu zuen.
 
Laburrago, Gaztelupeko Hotsak zigiluan Xarrak «barikua kenduta, osterantzeko egunek izandako uniformitasuna» aipatu, eta salmenta aldetik «jendeak erosten du» adierazi zigun irribarrez, eta salduenak legez, ezusteko atsegin on bezala Kemen Lertxundi hartu, eta polito saldutako Keuren lanaren gainetik, Esne Beltza eta Katamalo nabarmendu zituen. Askoz katalogo txikiagoa dute Atxeh eta Babel Musik zigiluek, ia sortu berriak biak. «Salmenta aldetik aurreikuspenen gainetik ibili gara», esan zigun lehenengoko Andoni Fernandez Manterolak; eta, «hasiberriak gara baina pozik  gaude Pog Mo Thonek izandako harrerarekin» nabarmendu zuen bigarreneko Eneko Aldaik, Ahotsenea egitasmo sortu berria goraipatu ostean.
 
Talka diskoetxean Fermin Muguruzaren lan berriak ondo jo zuela esan ziguten, eta «biniloa ere eskatu izan dute» aipatu. Gor zigilukoek, «krisiaren mamuaren gainetik, Azokak osasun ona du» esan ostean, Landakoko bozgorailuetan jarritako musikari kritika egin zioten, aspaldi egindako folk musika izan baitute nagusi, hitz egiteko altutxo gainera. «Ematen den irudi tradizional horretatik kanpo, askoz aberats eta anitzagoa da hemen egiten den musika» aldarrikatu zuten nafarrek. Salduena Hesian izan dute, Lauroba eta Zuraren lanek ere martxa ona izan duten arren.
 
Hirusta Recordsen Azoka berezi eta hunkigarria izan dute aurtengoa, diskoetxeko sortzaile eta arduradun nagusi Mikel Errazkin orain gutxi hil baitzen. Beraien esanetan, «saldu baino Mikelen lana argitara eman eta ezagutaraztea» zuten helburu. Ipar Euskal Herriko Agorilak, bestalde, «Hegoaldeko leiho goxoa da guretzat Azoka» argitu eta azken hamar urteotan bertan izan direla gogorarazi ziguten, eta «laket dugu hemen izatea» esanez bukatu. «Salmentak?, iaz baino hobeki».
 
Aurreko horiek guztiek, gainera, aurreko urteetako gorabeherak desagertu direla aitortu ziguten, eta egun batzuk triste eta beste batzuk jendetsuak izan beharrean aurreneko eguna kenduta hurrengo hiruretan ondo sakabanatutako jende andana izan dutela gaineratu. Alde honetatik, «egun bat gutxiago izateak kaltea baino mesedea» ekarri ez ote duen esan zuen Igelako arduradun Olarrak.
 
Liburuetara salto eginda, Ipar Euskal Herriko Ikasen izan ginen, «pozik gara, Azokan egotea baikorra da guretzat» entzuteko, eta Maiatzeko Luzien Etxezaharretak «argitaletxe txikientzat zailtasun bat gehiago da egun bat gutxiago izatea, ez garelako kapazak publiko kontzentrazio handien arreta eskuratzeko». Pozik zen, baina, «idazle eta irakurleen arteko topaketa gunean, Iparreko literatura bizirik eta indartzen ari dela erakusteko». Ezustekoa izan dute gainera, “Gorrail Axeria” lanak lortutako salmenta onarekin.
 
Pello Elzaburuk Pamielako kontuak aipatu zizkigun. «Krisiaren mamuarekin etorri ginen, kezkatuta, baina gure harridurarako jendez eta salmentaz iaz baino hobeto joan zaigu» esan zigun, pribilegiatuak izan direla onartu ostean, agortzeraino saldu den Xabier Leteren poema liburua eta Joseba Sarrionandiaren ipuin liburua izateagatik. «Krisi garaietan produktu batzuk beste balio bat hartzen dute beren praktikotasun eta prezioagatik, eta «hogei eurogatik maitasun keinu eder bat egin dezakezu liburu bat oparituz» esan zuen, baikor.
 
Xabier Olarrak, «literatur jasokoak diren liburuek ez dute irakurleen aldetik harrera berezirik, jatorrizko hizkuntzetan ere ez dute-eta», onartu zigun, Igelako itzulpenez galdetuta. Susako Gorka Arresek «jende asko etorri da eta Azoka normal bat izan dugu» azaldu eta aurten berritasun gutxi argitaratu dituztela esan ostean –poema liburu parea–, «berez gutxi saltzen duen argitaletxea gara, bagenekien zertara gentozen, eta suabe-suabe ibili gara» aitortu zigun, «autore jakin batzuen lanen bila dator hona jendea» gaineratuta.
 
Alberdanian Inazio Mujika Iraolak «zubirik gabeko asteburu luzea, lau egunekoa» aipatu zuen. «Jendea kanpora atera ez denez hiru egun berdintsu izan ditugu eta jendea badator». Salmentak iazko antzera edo hobeak izan dituztela esan eta Anjel Lertxundiren lana agortu zutela aitortu zigun, baina beldur zen «krisia liburutegietan urtarriletik aurrera» agertuko ez ote den.
 
Besteek bezala, Mikel Sotok ere bazituen zalantzak, zer gertatuko. Durangoko Azoka bukatzear, «edizio polita izan da eta adibidez gaur harrituta nago zenbat jende dabilen» aitortu zigun. Haren ustez, salmenta aldetik «jendeak zer nahi duen argi du baina nahikotxo animatu da. Aurten, asko eta ona zegoen, gainera». Txalapartan “Haginetako mina” ipuin bilduma nabarmendu zuen, baita Lucio Urtubiaren lana ere, mila ale agortzear zena.
 
Erein etxean «beste urteetan bezala ibili da jendea» berretsi eta Toti Martinez de Lezearen arrakasta nabarmendu zuten, Azokako salduenetarikoa ziurrenik. Elkarrek «antzera etorri da jendea eta salmentak ere gustura egoteko modukoak direla ematen du» esan zigun, artean kontuak egiteko bazituzten ere. Beraien salduenak, eta nobedade dexente zituzten arren, Kirmen Uriberen lana; Miren Agur Meabe, Jon Arretxe eta Sarrionandiaren “Gau ilunekoak” lanen gainetik.
Ez da erraza izaten guzti hauek ados jartzea, baina ematen duenez, behingoz pozik ziren atzo gehientsuenak.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo