Bihotzeko gaixotasun larria duen Pello Sanchez preso politikoa aske gelditu da
GARA |
Behin-behinean bada ere, Parisek astelehen arratsaldean utzi zuen aske bihotzeko gaixotasun larriak jota dagoen Pello Sanchez Iruñeko preso politikoa. Amnistiaren aldeko mugimenduak aditzera eman duenez, datozen asteotan bihotzeko ebakuntza egingo diote Sanchezi Nafarroako hiriburuan.
2005eko martxoaren 30ean Estatu frantsesean atxilotu zutenetik, Iruñeko preso politikoa behin-behineko egoeran zegoen kartzelatuta, lehendabizi La Sante espetxean eta, astelehenera arte, Fresnesko kartzelako ospitalean egon da.
Iazko azaroan eskatu zen lehen aldiz Sanchezen baldintzapeko askatasuna, baina Pariseko Apelazio Auzitegiak atzera bota zuen, nahiz eta bihotzeko hainbat gaitz larri izan. Besteak beste, sortzetiko aortako balbula bikuspidea du, aortako lesio bikoitza, eta erreakzio azpibalbula hipertrofikoa. Sanchezi aortako aneurisma apur dakioke eta arritmia gaiztoa jasateko arriskua du, bat-batean hiltzeko arriskua izateaz gain.