Ariane Kamio kazetaria
Zabu-zabuka ibiltzeari utziko diot
Bai, larunbatean bertan izango naiz. Ez dakit zenbat jende hurbilduko den, guztiontzako lekua badago behintzat. Badakit ez duzula ulertzen zertarako antolatzen diren horrelako gauzak, baina zuk osasun ederra duzu, eta milioika aho betetzeko gaitasunak mantentzen zaitu bizirik. Zu ez zaude hiltzeko arriskuan, eta ni kolokan nabil aspaldidanik.
Hamabi metrora igoko naute. Soka baten gainean ibili beharko dut eta ez dakit zutik mantentzeko gai izango naizen; alde batera edo bestera erortzeko arriskua hor dago, baina bertigorik ez daukat, ez eta beldurrik ere. Egin behar bada, egingo dut, eta ziur aurrera egingo dudala. Aspaldian atzera egitera behartu ninduten, etxea zanpatu eta ezkutuan bizitzera kondenatu. Eguratsa baretu zenean hasi nintzen berriz ere kalera ateratzen eta orduan konturatu nintzen asko eta asko nitaz ahaztuak zirela, eta ez zutela beren bizitzan nire falta sentitzen. Ondoren jakin nuen denbora batean zuloa sentitu zutela barrenean, eta zati handi bat zurekin ondo moldatu zela. Ezagun nituenak nitaz zergatik ahaztu ziren ulertu nuen orduan, eta atsekabeak jota bizi naiz orduz geroztik; alde batetik bestera zabu-zabuka.
Urteen igaroan gero eta babestuago sentitu izan naiz, batzuetan hobeto eta besteetan okerrago, badakizu zer den horrela bizitzea. Lehen urrutiko ezagun bat besterik ez zinen, eta garai hartatik adiskideak partekatu ditugu, nahiz eta bion arteko borrokan gehienetan zuk garaitu duzun eta, azkenean, ia mundu osoan ezagun bihurtu zaren.
Urteetan eskatu ez dizudan mesedea galdegin beharrean nago orain. Larunbatean, ordu pare batez izango bada ere, nire ondotik urruntzea nahiko nuke. Ez dut nire lekua inorekin partekatu nahi; nahikoa partekatu dugu atzean utzitako azken mendean eta atseden bat hartzea ez litzaigukeela gaizki etorriko uste dut. Ezin naiz autobusez joan, ez autoz, ezta trenez ere. Jendearen ahotan, euskaldunen hitzetan besterik ez naiz iritsiko BECera. 18.00etan jarri dugu hitzordua. Nik, Euskaraz Bai. Eta zuek?