GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Iñigo Lamarca Iturbe Arartekoa

Bermerik gabe ez dago eskubiderik

Giza Eskubideen Aldarrikapenaren urteurrena geure eguna ere bada; horrelako egun seinalatuan mintzoa goratu eta aldarrikatu behar dugu giza eskubideak gero eta gehiago eta hobeto babestu behar direla, eta, horretarako, funtsezkoa dela eskubideak bermatzeko erakundeen, horien artean, herritarren defentsa-erakundeon sendotasuna eta lan ona

Giza eskubiderik gabe ez dago demokraziarik. Ideia hori eskuarki onartzen da Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren hirurogeigarren urteurren honetan -1948ko abenduaren 10ean onetsi baitzuten Nazio Batuek-. Bada, ordea, honelako egun seinalatuan nabarmenki aldarrikatu behar dugun bigarren ideia bat: pertsonen eskubideak bermatu eta babesteko erakunde eta mekanismo eraginkorrik ez badago, eskubide horiek erabat eta benetan gauzatuko direla zaintzeko, ezin da egiazko demokraziarik egon, eskubideak baliorik gabe geratzen direlako.

Giza eskubideen urteurren honetan, zoritxarrez, ezin dugu ETA alde batera utzi, berriro bere tiroak entzunarazi baititu, Ignacio Uria Mendizabal herrikidea zitalki hilez. Talde terrorista hori desagertu arte, giza eskubideak etengabe arriskuan egongo dira, eta ez daukagu esaterik giza eskubideak errespetatzeko balioak Euskadin indar betean daudenik, gure gizarteko gutxiengo batek onartu egiten baitu bizitzarako, osotasun fisiko eta moralerako eta askatasunerako eskubideak etengabe zapaldu eta errukirik gabe urra daitezkeela.

Giza eskubideekin lotutako berme-sistemez hitz egiten dugunean, lehenik eta nagusiki botere judiziala aipatu behar dugu, zuzenbideko estatu demokratiko modernoaren hiru zutabeetako bat baita. Izan ere, bere eginkizuna legeak beteko direla bermatzea da, baita legerian onartutako eskubideak babestea ere. Demokraziak egoera onean egon eta kalitatezko parametroetan kokatu nahi badu, botere politikoek arretarik handiena eskaini behar diote botere judizialari, epaileei eta epaitegiei beharrezko baliabideak emanez, ahalik eta eraginkortasunik handienaz lan egin dezaten.

Herritarren defentsa-erakundeak ere gizakien eskubideak bermatzeko erakundeak dira. Horrelako lehenbiziko erakundea Suedian sortu zen, duela ia 200 urte, Ombudsman izenaz. Parlamentuak sorturiko organo gisa eratu zen -hari ematen dio kontu- honako helburu honekin: herri-erakundeen agintekeria, irregulartasun, zabarkeria edo jarduera okerren kontra herritarrak babestea. Suediako aitzindari hori aspaldikoa bada ere, herritarren defentsa-erakunde gehientsuenak nahiko berriak dira. Euskal Herrian datorren urtean ospatuko da Arartekoaren sorreraren 20. urtemuga, hemen izen hori eman baitzitzaion. Defentsa erakundeen eskumen eremua zehaztea komeni da: administrazioen jardueren eta politika publikoen eremuan jarduten dute eskubideak bermatzen. Hori eremu zabala delarik ere, jakina, ez du bere baitan hartzen giza eskubideen arloan egin daitekeen eta egin behar den guztia.

Defentsa erakundeok gomendio eta ebazpenen bidez eman behar izaten dugu gure iritzia. Ebazpen horiek beti behar izaten dute oinarritzat administrazioaren jokaeraren ikerketa bat, edo gizarte-errealitatearen eta politika publikoen analisi bat, biak ere legeriaren esparruan eginak. Testuinguru horretatik harago, herritarren defendatzaileok arras zuhurrak izan behar dugu, nire ustez, giza eskubideen defentsarekin lotutako beste ekintza edo adierazpenei dagokienez. Bada espazio horietan, besteak beste, alderdi politikoek parte hartzen dute, eta Parlamentuaren goi ordezkariak garenez, egunero osorik mantendu behar ditugu gure auctoritas edo aginpide moralari eusten dioten independentzia eta alderdikeriarik eza; izan ere, aginpide moralik gabe, gure jarduerek limurtze-ahalmena eta eraginkortasuna galduko lituzkete. Edonola, giza eskubideak eta horiek errespetatzeko balioak sustatzeko lan polit eta beharrezkoa ere badagokigu. Hala eta guztiz ere, administrazioen jarduerak eta politika publikoak kontrolatzea eta ebaluatzea oso lan garrantzitsua da demokrazian, dezente indartzen ditu eskubideak bermatzeko mekanismoak, eta, orduan, herritarren defentsa-erakundeak giza eskubideen defendatzaile gisa taxutzen dira.

Espainiako Herritarren Defentsa-erakundeak eta hamahiru autonomia erkidegotan izen ezberdinez dihardugun defentsa-erakundeok agiri bat prestatu dugu laburtzeko eta ados jartzeko ahalegin handia egin ondoren. Agiri horretan biltzen dira pertsonen eskubideak egoki babestearen gainean kezkatzen gaituzten gaiak. Gaiok, ezinbestean, egiten dugun lanarekin lotuta daude, eta gure eginkizunak betetzearen ikuspuntutik azaldu ditugu. Bereziki nabarmendu dugu politika publikoak hobetu eta sakondu behar direla, eskubideen erabilera bermatzeko, bereziki gizarteko sektore behartsuenei.

Adierazpen horren haritik, azpimarratu nahi dut eguneroko lanaren bidez laguntzen dugula eskubideak babesten. Lan hori Arartekoaren urteroko txostenean biltzen da, baita gure erakundearen web orrian ere (www.ararteko.net). Interesa duen edonork orrialde horretan informazio eta gomendio ugari aurkituko ditu gai hauen gainean: gizartean bazterturik edo babesik gabe dauden pertsonak, edo horrela geratzeko arriskuan daudenak; etorkinen eskubideen ahultasuna; gizarte-bereizkeriazko egoerak, norberaren egoera gehiengoarena ez bezalakoa delako edo egiturazko desberdintasun baten ondorioa delako (horixe gertatzen zaie emakumeei, nahiz eta biztanleriaren gehiengoa izan); adineko, ezindu, etxebizitza lortzeko behar beste baliabide ez duten, buru-gaixo edo burua nahasturik dutenentzako politika eta jarduera publikoetan urritasuna nabari da; haur eta nerabeen zaurgarritasun izugarria eta, beraz, haien eskubideak, segurtasuna eta ongizatea ardurarik handienaz zaindu beharra; polizia-etxeetan edo espetxeetan askatasunik gabe dauden pertsonen eta beraien eskubideen egoera eta abar. Horrek guztiak osatzen du, dudarik gabe, giza eskubideen unibertsoa.

Arartekoak aurten parte hartu duen defentsa-erakundeen arteko koordinazio eta lankidetza foroetan, behin eta berriz egiaztatu da Ombudsmanok gure demokraziak aurreratu eta hobetzearen alde ari garela lanean, bada herri-administrazioak kontrolatzen eta sustatzen ditugu, pertsonen (batez ere pertsona ahul, babesgabe eta zaurgarrienen) eskubideak defendatzearen ikuspegitik. Horregatik, Giza Eskubideen Aldarrikapenaren urteurrena geure eguna ere bada; horrelako egun seinalatuan mintzoa goratu eta aldarrikatu behar dugu giza eskubideak gero eta gehiago eta hobeto babestu behar direla, eta, horretarako, funtsezkoa dela eskubideak bermatzeko erakundeen, horien artean, herritarren defentsa-erakundeon sendotasuna eta lan ona.

Hortaz, berriz adierazi nahi dut Arartekoan lanean dihardugun guztiok hartutako konpromisoa, aldarrikapen horretan adierazten diren agindu ederrak (gure web orrian sarreran agertzen dira) pixkanaka indar, sakontasun eta hedadura handiagoa har dezaten eta, horrela, gure gizartean errotu daitezen, giza eskubideak, bakea eta bizikidetasuna -elkarrenganako errespetuan, gizarte-justizian eta elkartasunean oinarritutakoa- urratzen dituen salbuespen izugarririk gabe.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo