GARA > Idatzia > Kirolak > Tau

Euroliga

Gasteiztarrek C multzoko buru izatea lortu nahi dute

Esloveniako Union Olimpija, garaipen bakarra lortuta, azken postuan da eta jokalari beteranoek arazo fisikoak dituzte. Hukic, Milic eta Illievski ez dira Zurbaon izango eta teknikari berria ere izango dute.

p038_f01_199x152.jpg

Arnaitz GORRITI | BILBO

Tau Baskoniak taldea erabat osatuta daukala aprobetxatuz, Euroligan ere, ACB Ligan bezala, sailkapeneko lehen postua lortzea da gasteiztarren nahia. Erromako Lottomaticak bihar Badalonan partida zaila dauka alde batetik, eta bestetik, Ivanovicenek multzoko azkena den Union Olimpija hartuko dute Zurbaon, arratsaldeko 20.30etik aurrera. Esloveniako taldeak orain arte neurketa bakarra irabazi duela kontuan hartuta, Ivanovicenek arazo handirik gabe irabazi beharko lukete.

Izan ere, talde biak oso egoera ezberdinean daude. Baskonistek, nahiz eta oraindik Splitter eta San Emeterio oraindik dena emateko ez izan, aspaldiko partez, taldea erabat osaturik dute eta ez daude barkatzeko.

«Etxean jokatu beharreko neurketak gureak izan behar dira», aitortu zion Radio Vitoriari Tiago Splitterrek. «Lottomatica harrapatu nahi ditugu ezin dugu huts gehiagorik egin eta, beraz, Union Olimpijaren aurka hasieratik ahalik eta kontzentrazio handienaz jokatu beharko dugu», adierazi zuen pibot brasildarrak.

Bestalde, Ljubljanako taldea bolada txarrean dago. Entrenatzailea aldatu berri dute, eta oraintsu arte bigarren entrenatzaile postuan lan egiten zuen 28 urteko Gasper Potocnik gazteak hartu du Aleksandar Dzikicen lekua, joan den astean DKV Joventuten aurka etxean 21 puntuz galdu ostean bota baitzuten.

Horrez gain, Esloveniako hiriburuko jokalari beteranoenek arazo fisikoak dituzte. Hala, Milic -martxora arte jokatu ezinik egongo da belauneko lesio baten erruz- eta Hukic ez dira gaur arratsaldean Zurbaon izango -jokatzeko moduan ez behintzat-.Vlado Illievski antolatzaile titularra ere azken orduan baja izatea deliberatu dute esloveniarrek.

Mesfidantza

Gasteiztarrak, dena dela, ez dira aurkariaz fio. Ljubljanan jokaturiko neurketa gogoan hartuta, - hartan arabarrek 21 puntuko aldea alferrik galtzen utzi zuten eta 90-91 baino ezin izan zuten irabazi, azken segundoan Mirza Teletovicek lortu saskiratze bati esker- arabarrak arinegi erlaxatzen badira, defentsan batez ere, azken orduan arazoak izan ditzakete.

«Eslovenian ere irabazle izan ginen, baina zorte handia izan genuen egun hartan. 30 minutuan jokoaren erritmoa guk kontrolatu genuen arren, azken aldera pot egin genuen. Beraz, badakigu bigarren itzuliko neurketa hau ez dela batere erraza izango», esan zuen Dusko Ivanovicek.

Gasteiztarren teknikariaren iritziz, «partida hau guretzat arras garrantzitsua da, irabaziz gero Top 16a jokatzeko txartela emango ligukeelako. Baina kontuz ibili beharko dugu aurkariekin, kanpoko jaurtitzaile oso arriskutsuak dituzte-eta».

Gasper Potocnik entrenatzaile berriaren aburuz, «Tau baskoniaren kontraerasoak geratu behar ditugu batez ere, baina beren hiruko jaurtiketa ere bai».

«Ez goaz Gasteiza bandera txuriari eragitera. Hala ere, badakigu gure aurkaria zein den, eta jakin badakigu Tau Baskoniaren kantxan garaile ateratzea zientzia-fikzioa dela guretzat», aitortu zuen.

TAU BASKONIA-OLIMPIJA
top 16-ri begira

Aurreneko fasea lehen postuan amaitu nahi du Tau Baskoniak. Gaur garaipena lortuz gero, Top 16ko ligaxkarako sailkaturik egongo dira Ivanovicenak. Zenbat eta aurrerago sailkatu, aurkari gogor gehiago saihestuko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo