GARA > Idatzia > > Kultura

Zazpi argazkilariren lanen bidez euskal herriko zazpi ikuspegi bildu ditu Baionako euskal museoak

Euskal Herria 1860tik 1930era erretratatzen zuten argazkien erakusketaren ondoren, Baionako Euskal Museoak egungo herriaren isla nahi izan du erakutsi. Horretarako, zazpi argazkilariren begirada baliatu du bakoitzak hiriaren ikuspegi bana irudi bidez ezagutaraz dezan. Errealitatea eta artea ezkontzen dituzten lanak dira zazpi poeta irudi-egile horiek sortutakoak eta urtarrilaren 31ra arte izango dira ikusgai.

p040_f01_163x84.jpg

Idoia ERASO

Pierre Capperon, Gabrielle Duplantier, Laetitia Fourgeaud, Polo Garat, Anne Garde, Claude Nori eta Bernard Plossuk hartutako irudiak dira ikusgai «7 argazkilari Euskal Herrian» erakusketan. Artistak eta bereziki argazkilariak garaiaren lekuko apartak dira, errealitatea eta artea elkartzen dituzte beren obretan. Urtarrilaren 31ra arte ikusgai izango diren obretan, errealitatearen isla zuzenaz gain, ikuspegiarekin tronpatzen gaituzten artisten ikusmolde berezi eta alegorikoak antzeman daitezke.

«Euskal Herria 1860-1930 mundua denboraz at? Baionako Euskal Museoaren bildumetako argazki zaharrak» erakustokiak zituen 5.000 obren arteko hautaketa bat jarri zuen ikusgai, eta garai bateko gizartearen eta herriaren testigantza aparta izan zen. Horrela museoak mugak jarri zizkion denboratik at bizi den landa giro eta lurralde honetako mito eta errealitate anitzen ñabardurei.

Ikusmolde jorratu eta ezagunetatik kanpo gure inguruaren beste zerbait ezagutzera garamatzate, aldiz, honakoan. Hurbiltzeko modu ezberdinek eta gizartearen errealitate anitzek zerbait berezia eskaintzen diote ikusleari. Paisaiak, pertsonak eta objektuak, kolorez eta txuri-beltzez, deigarriak edo xehetasunean begiratu beharreko obrak, handiak eta txikiak. Zazpiek eskaini dute poesia.

Pierre Capperon.

«Larrungo argibidea» eskaintzen du argazkilari honek. «Larrungo argibidea. Zure aldartea, ene oinetan sentitzen, urrats hurrago» Ha·kuren hitzak nabarmendu eta baliatu ditu egileak bere irudien aldartea aurkezteko, Larrungo argibide moduko bat, argazki subjektibozko krokisek irudikatua. Zuri-beltzezko argazkiak egileak mendiarekin duen intimitatearen erakusle dira.

Izenak argi adierazten duen legez kostaldeari bukaera eman eta geografia malkartsuari hasiera ematen dion Larrun mendia hartu du gaitzat Capperonek. «Berrogeita hamarreko urteetan, itsasoari bizkar eman eta ipar hegaletik kremailerazko «tren ttipiak» zanpatu Euskal Herriko mendi mitikoa gutiziatzen nuen jada», azaldu zuen argazkilariak.

Lehenengo oroitzapen horri helduz, azken urteotan irudiak hartzeari ekin dio Capperonek: «Hilean bitan edo hirutan igotzen naiz oinez gailurreraino. Ibilaldi bakoitzean, hunkitzen nauen eszena baten argazki bat edo bertze egiten dut: ikuspegi bat, argi bat, lainopetik ateratzen den tren ttipia, zeru bat, makinaren metal gordina, baso erdi bat ardo beltz!». Urteetako lan horretan osatutako bildumatik sorta bat da orain erakusketarako aukeratu duena.

Anne Garde

«Atturri-Itsaso» izena du psikologo eta argazkilari lanetan aritzen den bordeldarraren erakusketak. Aturri ibaia itsasoratzen den inguruari kultur anizdun kolorea eman dio Gardek.

Baionako portua eta Angeluko hondartzetan hartuko argazki gris eta ilunei kolore puntua ezarri die aldiro, batzuetan emakume afrikar eta indiarren irudiak ere ezarriz kai eta ontzitegietako paretetan.«Euskal Herrian ikusgarritasunak ez nau erakartzen, bertan nabilelarik, lehen-lehenik, hiriko bizimoduaren estresa etetea bilatzen dut, eta Hego-Mendebaldeko espazioa kausitzea».

Mundu osoan zehar egin ibilaldietan oinarrituta, kulturaren nahasketek erakarririk hainbat liburu gauzatu ditu. Bazter-lekuen giroa harrapatu nahian, betiere arkitekturaz eta giza aztarnez hausnarketa egiten du. Aturri ibaiak duen irudi bertako eta unibertsala harrapatzen du Anne Gardek. «Industrialde eta portuetako ezaugarri plastiko eta historikoek abagunea ematen diete ene esku-hartzeei».

Gabrielle Duplantier

«Lurralde min-minak» dira argazkilariak emakumeen irudiak itsasbazterrean hartuz erakusten dizkigunak. 30 urte eskaseko baionarrak fikzio txikiak asmatzen ditu bere argazkien bitartez. Garai bateko jantziak izan zitezkeenekin «bihotz huts eta aztoratutako emakumeak agertzen ditut, begiradetatik kezka darienak» azaldu zuen Duplantierrek.

Duda horiek islatzen dira irudien definizio ezean, eta baliabide artistikotzat erabiltzen du artistak. «Euskal Herrian aztarna zenbait edirenen du baten batek, bertze batek argazkilariaren afektu-esparruko tribua osatzen duten gorputzen barne-min sentsuala, dardara edo utzikeria aurkituko du», hitzekin definitzen du Euskal Museoak egilearen lana.

Polo Garat

«Zuberoaz» mintzatzen da Polo Garat zuberotarra erakusketa honetan. «Ene herria da eta haiek ditut herrikide eta senide, haiek ikusi bainaute, baita nik haiek ere», erran zuen argazkilariak. Hitzekin bat egiten duten irudiak dira ikusgai Baionan, bi neskatila etxeko larreetan, emakume bat gitarra jotzen etxeko leihoan edo zenbait gizon zintzilik dagoen txerri baten inguruan, zuberotarrak. Zuberoako animaliak ere badira bertan, lurrean etzaniko zaldia, esaterako.

Goxotasun eta hurbiltasunez begiratutako bizia agertzen dute argazkiek. «Herri ttipia da, aita eta ama bezala sortua naiz. Alde egina naiz behin eta berriro itzultzeko, baina ez geratzeko». Berezkoa du munduari zabaltzeko zentzua, Afrikako lurretan, Latinoamerikan edo bere sorterrian gizartea eta bertako jendea ikusteko gaitasun berezia dauka. «Herriko etxean, xoko batean, aingeru biloa bailitzan bizitza soil eta jori baten lekuko ñimiñoa», Garatek hitz hauekin aurkezten du bere lana.

Bernard Plossu

«Barnealdea», mendiak eta herri txikietako baserriak agertzen dira hirietatik urrun dagoen gizartearen erakusle. Garai bateko argazkiak ere izan zitezkeenak, txikiak eta zuri-beltzean. Egileak sentitzen duen Euskal Herriaren aldaezintasunaren isla dira. «Paisaia ia irrealak, hain dira ederrak, eta argia ere, sinestezina, hain da perfektua. Herri magikoa! Erabat ahanzten da garai modernoa», esan zuen Plossuk.

«Urteak, basamortuak, bidaiak iragan egiten dira... Eta gero itzuli, bertan dagoena berriro aurkitu. Orain». 70eko urteetako belaunaldiko figurarik nabarmenena dela diote batzuek bera definitzean, argazkiaren bitartez poesiaren adierazle nabarmena baita.

Laetitia Fourgeaud

«Margoen noraezean», kolore azkarrak, gehiegizkoak Biarritzeko kostaldeko xehetasunei begiratuta mundu magiko baten irudia ematen diotenak. Fougeauek bere istanteko irudiak hartzeko baliatzen duena hitz hauekin azaltzen du: «Gure zentzuen, gure gogoen, gure gorputzen, gure arimaren noraezean, han-hemenka, bertatik bertara edo urruti-urruti... Joan bila aireetan, edo sakon-sakonean, itxuragabetzeari uko eginez, istantekoaren bat-batekoa harrapatzera».

«Noizbehinka, noraezean ibiltzeak badakar sinestezinak eta harrigarriak eraman zaitzan, edertasun hutsak, koloreen ikuskizun egundokoak kutsa zaitzan» baieztatu zuen argazkilariak eta bere hitzak entzunda, koloretako munduarekin bat egiten ahal du ikusleak.

Claude Nori

«Egun zoriontsuak euskal kostaldean», garai bateko uda alai eta goxoak ikusten ari dela uste du ikusleak, baina ongi begiratuta, emakumeak top-lessean edota bizikleta modernoak agertzen dira auto berri-berrien ondoan. Horien artean ibili da Claude Nori argazkiak ateratzen, «Biarritzek bisaian erakusten du zoriona, haren irria maitasun sortu berriak eta pasio orojaleak uztartu nahi zituzten gizakien amets eroenetatik sortu eraikin heteroklitoak direla». Biarritzeko aurpegi atsegina ageri da, Hôtel du Palaiseko turistak, bihotzeko aldizkarietan agertzen diren aberatsen irudiak, hori ere bada-eta gure Euskal Herria.

Fitxa

Non: Baionako Euskal Museoan.

Noiz: Urtarrilaren 31ra arte ikusgai.

Antolatzaileak: Museoa eta «Revista» aldizkaria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo