Lazarragari buruzko jardunaldiek XVI. mendeko gizartea aztertuko dute gaur
Itziar AMESTOY | GASTEIZ
Lazarraga arabar poetari eskainitako jardunaldietan idazleari eta XVI. mendeko gizartearekin zeukan loturari buruz- koak aztertuz jarraituko dute gaur. Atzo Arabako euskara izan zuten hizpide Artiumeko areto nagusian, eta gaur arratsaldean garai hartako gizartearekin zerikusia duten hainbat gai jorratuko dituzte.
Kike Fernandez de Pinedo eta Jabi Otsoa de Alda izango dira hitza hartzen lehenak. Bi ardatz izango dituzte beren hitzaldirako: Larreako sorginak eta arabar euskal elebakarrak XVI. mendean zein egoeratan ziren azalduko dute bien artean. Aurreikusita dagoen erritmoari eutsiz gero, ordu erdi geroago, hots, zazpietan, Joseba Intxaustiren txanda iritsiko da. Elite euskaltzaleak Lazarragaren garaian nola zeuden azalduko du eta, horrez gain, Elizakoen egoera ere landuko dute. Pruden Gartziak, azkenik, Lazagarrari buruz jakin beharreko zenbait gauza zehaztuko ditu.
Musika emanaldia
Aurtengo jardunaldiak Henrike Knörrek Aramaion antolatzen zituen haien jarraipena dira, dibulgazio helburu batez. Hitzaldiez gain, ilunabarreko bederatziak laurden gutxietan eguneko emanaldi artistikoa izango da, Intonate kuartetoaren eskutik. Kontzertu klasiko honetan, XVI. eta XVII. mendeko musika eskainiko du laukoteak. Sarrera doakoa izango da, eta zabalik izango da aretoa bete arte. Itzulpen zerbitzua izango da saio guztietan.