GARA > Idatzia > > Iritzia

Maider IANTZI Kazetaria

AHT ala asto-taxia?

p048_f02.jpg

Abiadura Handiko Trenari esker Donostia eta Paris arteko bidaia bost ordutan eginen omen dugu, eta Gasteiz eta Madril artekoa bi ordu baino gutiagoan. Azpiegitura erraldoi hori aitzinera egiteko ezinbestekoa dugula saldu nahi digute. Horixe da agintarien garapena: Madrilera eta Parisera ziztu bizian joateko aukera izatea, nahiz eta gure herriak inkomunikatuta egon.

Bertze hainbat tokitan gertatzen den bezala, Berara, nire herrira, ez da trenik ailegatzen. Garai batean izan zen trenbide ttiki bat inguruko herriak lotzen zituena, ez nuen hura ezagutzeko zorterik izan, ordea. Berrogeita hamar urte baino gehiago dira kendu zutela. Autobusak ere guti pasatzen dira hemendik eta, hortaz, kotxea da mugitzeko aukerarik erosoena. Batzuetan bakarra ere bai.

Auto piloa dago, gehiegi, eta, hala ere, berriak sortu eta sortu ari dira egunero. Krisiak honekin lotutako irudi argigarri bat utzi digu: aparkaleku zabal-zabal bat dena autoz beteta, inork erabiliko ez dituen autoak, jendeak ez duelako hainbeste erosteko dirurik. Bitartean, garraio publikoa erabiltzeak dituen abantailez solastatzen dira, baina zer da eskaintzen digutena?

Ez dut gidabaimenik eta zenbatetan amorratu ote naiz nonbaitera joan behar eta ez nuelako modurik! Beti norbaiti eskatu behar autoz eramateko, edo taxia hartu behar, ingurukoak molestatzeaz nazkatu naizelako. Haserrealdi horietako batean, negozio berri bat jartzea bururatu zitzaion aitari: asto-taxia. Ederra panorama, taxiari deitu eta aita agertzea. Sokak, gurdia, bi asto eta bidean gorotz usaina. Bromak aparte, betikoen poltsikoak betetzeko balio duen tren txikitzaileari ezetz erratea asto taxiaren alde egitea dela sinetsarazi nahi digute, baina gezurra da. Proiektu handi horretan xahutzen ari diren diruarekin garraio publiko on bat lor daiteke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo