Auzitegi espainolek erabakitakoa, ukiezina
Gasteizko Legebiltzarreko Mahaiak, atzo, ez zuen tramitera ere onartu Parlamentuaren eraikinaren kanpoaldean ikurrina bakarrik jartzeko eskaera, Eusko Alkartasunak aurkeztua. Joan den astean, indar politiko espainolez gain, bandera hori berea ez omen duten Legebiltzarreko kide gehienak ordezkatuko dituen ikur nagusi gisa tutik esan gabe onartu izana harrigarria ematen zuen, ikuspuntu abertzalea duen edonorentzat behinik behin. Atzo EAren eskaera atzera bota izana bezain harrigarria. EAJk, PSEk eta PPk argi utzi zuten ez datozela ekimen horrekin bat, baita EBk ere, baina azken hau tramitera onartzearen alde agertu zen. Lehenengo hirurek ez dute eztabaidatu ere egin nahi, auzi horren gaineko erabakia Mahaiari dagokiola -eta ez Legebiltzarreko osoko bilkurari- argudiatuta. Ez da deigarria PSEren eta PPren botoa, beren jarrera -ez logika demokratikoa, ordea- kontuan izanda, edo horiek ohartaraztea Legebiltzarrak ezin duela bozkatu auzitegien erabakiez. Zailagoa da EAJrena ulertzen, «erabaki» hitzaren kontzeptu bitxia ez badu, behintzat. Legebiltzarreko Mahaiak banderen auziaren gaineko erabakia berari dagokiola dio, eta hala bide da, baina erabaki hori, ez dadila inor nahastu, epaileek erabaki dutenari men egitera mugatzen da; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrak zein banderak ordezkatu behar dituen auzitegi espainolek erabakitzen dute-eta.