Pasaiako kanpo portua ez dela beharrezkoa ohartarazi du LABek
Egindako aurreikuspenak asetzeko, egungo portuak nahikoa eremu baduela adierazi du LABek, baina kaia «txatarra eta produktu siderurgikoen biltegi bilakatu da». Sindikatuak oinarrizkotzat jo zuen aztertzea iraunkortasun irizpidez alternatiba ezberdinak eta Euskal Herriko lurralde guztietako azpiegiturak aintzat hartuz. Horretarako prozesu parte-hartzailea bideratu behar dela deritzo, «enpresa interesetatik harantzago».Maider EIZMENDI |
Pasaiako Kanpo Portuaren proiektua errefusatu, eta eztabaida ireki eta parte-hartzailea aldarrikatu du LABek.
Jose Ramon Zapirain, Pasaiako Portuko LABeko arduradunak, Xabi Garnika, sindikatuko idazkari ondokoak eta Carlos Ginea, Garraio eta Telekomunikazio arduradunak, eskaini zuten agerraldian nabarmendu zutenez, urte asko igaro dira instituzioak proiektu honen onurez mintzatzen hasi zirenetik, «baina oraindik ez dute erakutsi bideragarria denik alderdi ekonomikoa, soziala eta ingurumena aintzat hartuta».
«Ez dago proiektua arrazoituko duen plan estrategikorik, eta hala ere, kanpo portuak merkantzia gehiago jasoko dituela esan da, nahiz eta nola egingo den hori oraindik ere ez duten argitu», kritikatu zuten.
Zentzu berean, gogora ekarri zuten Gipuzkoako Aldundiak eskatutako ikerketa batean, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoak agerian jarri zuela, «orain arte aztertutako alternatiben artean okerrena» zela hautatutakoa. «Ondorioa da egungo portuari ez zaiola behar bezalako probetxurik ateratzen, eta honek baduela nahikoa eremu hazteko eta, aldi berean, Pasaiako eraberritzearekin bateragarri izateko», argitu zuten.
Izan ere, LABeko arduradunek aditzera eman zutenez, etorkizuneko trafiko iragarpenek, agerian utzi dute egungo instalazioek nahikoa edukiera badutela. «Egungo portua txatarra eta produktu siderurgikoen biltegi bilakatu da», azaldu zuten, horien kalte ekologikoak ekiditeko hartutako neurriak «hutsaren hurrengoak» direla nabarmentzearekin batera.
Zentzu berean, instituzioek aurkeztu duten planean, nahiz eta ingurumen arrazoiak argudiatu kanpo portua bultzatzeko, arlo honi lau orri baino ez dizkiotela eman salatu zuten. «Ingurumen kalteen azterketarik ez dute egin nahi izan, nahiz eta kalte handiak eragingo dituen proiektua izan; eta ez dituzte bete Europan eta Estatu espainolean eskatzen diren lege pausoak», kritikatu zuten.
Bestalde, LABen iritziz, onartezina da Pasaiako eraberritzea kanpo portuaren eraikuntzarekin baldintzatzea, eta salatu egin zituen «Portu Agintaritzaren eta Gipuzkoako Aldundiaren mehatxuak».
LABen hitzetan, Pasaiako eraberritzean funtsezkoa da izaera estrategikoko berraztertzea, kontuan hartuz faktore ekonomiko nahiz sozialak eta ingurumena, eta alternatiba ezberdinak aintzat hartuz, eztabaida parte-hartzailea bultzatuta.
Ildo horretan, LAB sindikatuak oinarrizkotzat du Pasaiako Portuaren gaineko eztabaidan egungo portuaren bideragarritasunari buruzko azterketa egitea, baita jabego estataleko portuen euskal titulartasun publiko eskatzea ere, «instalazio eta lur-eremu gehienak enpresa pribatuen erabakien baitan» baitago.
Proposatutako prozesu parte-hartzailea, ordea, enpresa interesetatik harago, nazio ikuspegi estrategikotik egin behar dela nabarmendu zuten.
LABek jabego estataleko portuen euskal titulartasun publikoa eskatu zuen, eta enpresa interesetatik haratago, azterketa nazio ikuspegi estrategikotik egin behar dela nabarmendu.
Sindikatuak onartezintzat jo zuen Pasaiako eraberritzea kanpo portuaren arabera baldintzatzea; hala, Portu Agintaritzaren eta Foru Aldundiaren «mehatxuak» kritikatu zituen.