GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Irakaskuntza sistemaren erreformaren aurka ekintza ugari izan da Baionan

Estatu frantseseko Hezkuntza Ministerioaren irakaskuntzaren erreforma salatzeko mobilizazioak ugaritu dira egunotan. Atzo, mila lagun inguru elkartu zen Baionan. Okupazioak egiteko asmoa dute ikasleek.

p019_f02.jpg

Ainize BUTRON |

Mila bat ikasle eta irakasle elkartu ziren atzo Baionako suprefeturaren aitzinean Xavier Darcos Hezkuntza ministro frantsesak plantan jarritako irakaskuntzaren erreformari ezetz esateko. Ama eskolatik unibertsitatera arte, erreforma horrek irakaskuntzaren atal guztiak ukitzen ditu, eta, egitasmo horren aitzinean, atzoko mobilizazioarekin batera, beste hainbat izan dira astean zehar.

Asteartean, Baionako karriketan bi mila bat lagun bildu zen, eta lizeoetan ikasleek ere ekintzak indartu dituzte. «Kontzientzia hartze bat dago erreforma horren aitzinean», argitu zuen Katy Petrissans UNSA sindikatuko ordezkariak. Aurreko erreformak ez bezala, Darcosek bultzatzen duen egungo proiektuak ez du «irakaskuntzaren kalitatea hobetzea» helburu.

Okupazioak

«Lehen mailan irakasle postuak kentzen ari dira, eta, normaltzat hartzen dute txikien ikasgela batean hogeita hamar haur biltzea. Lizeoetan, berriz, ordu apaltzeak finkatzen dituzte. Irakaskuntza publikoa desegiten ari dira helburu bakar batekin: dirua aurreztea», salatu zuen, eta horrelakorik ez zela sekula ikusi gaineratu. Atzoko eta astearteko manifestazioen ondoren, lizeoetako ikasleek okupazioak egingo dituzte, gaurdanik Eguberriko oporrak arte luzatzeko asmoarekin.

Mobilizazio horiek etenaldia izango dute Eguberriko oporretan, baina, urtarriletik goiti ekintzak berriz ere abiatuko dituztela esan zuten atzo. «Irakasle lanpostuak finkatzen dituen eskola karta agertuko dute. Horrek mobilizazioak piztuko ditu berriz ere», nabarmendu zuen sindikatuko kideak. Suprefeturatik abiatuta, manifestazioa egin zuten atzo ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo