BBK Baskepensiones II. Masters lehiaketaren aurkezpena
Banakakoa frontoi osoan, urtea amaitzeko ikuskizuna
Arauetan berrikuntza nagusia sakean izango da, pasa eginez gero tantua galduko baitu sakatzaileak.
Arnaitz GORRITI | BILBO
Maila goreneko pilota profesionalak ez du etenik. Datorren urtea hastean ekingo diote Binakako Txapelketa nagusiari, baina 2008a ganoraz agurtzeko, Baskepensiones BBK II. Masters lehiaketa -frontoi osoan buruz burukoan- aurkeztu zuten atzo eguerdian, aipatu banketxeak Bilbon duen egoitzan.
«Pilotari hobekien datorkiona ikuskizuna eta lehia dira», adierazi zuen Iñigo Salbidea Asegarceko gerenteak. «Okerren, berriz, ezer ere jokoan jartzen ez duten errutinazko jaialdiak. Iazko esperientziaren arrakasta kontuan hartuta, ikuskizunaren mesedetan, Masters honi jarraipena ematea erabaki dugu», esan zuen.
Lehiaketaren nondik norakoak
Sei pilotarik parte hartuko dute lehiaketa honetan: Asegarceko Olaizola anaiek eta eskuz banaka egungo txapeldun Oinatz Bengoetxeak, eta Aspeko Martinez de Irujo, Barriola eta Sebastien Gonzalezek.
Larunbatean, hilaren 13an, ekingo diote lanari, Iruñeko Labriten Bengoetxea VI.ak eta Gonzalezek. Biharamunean, Barriola eta Asier Olaizola neurtuko dira Eibarko Astelenan.
Labriteko irabazlea Martinez de Irujoren aurka neurtuko da aurreneko finalerdian, abenduaren 20an. Eibarko garailea, berriz, Aimar Olaizolaren aurka, hilaren 21ean. Oraindik ez da finalerdietarako frontoirik erabaki. Azkenik, finala, abenduaren 27an jokatuko da.
Masters honetako berrikuntza nagusiaren berri Aspeko gerente Patxi Mutiloak eman zuen. «Pasa eginez gero, ez da bigarren sakerik izango. Faltatzat hartuko da. Eskupilotak tradizioa du oinarrian eta zaila da aldaketarik sartzea, baina ikuskizunaren alde proba hau egitea pentsatu dugu».
Irabazleak 18.000 euroko saria jasoko du, eta bigarrenak 12.000 eurokoa. Iaz Aimar Olaizola nagusitu zen, Patxi Eugiri finalean 22-6 irabazita.
Atzo arratsaldean egin zizkioten mediku azterketak Goizuetako aurrelariari, bere ezker eskuko hatz txikiko lesioa dela-eta. «Min apur bat dut, baina lehiaketa honetan parte hartu nahi dut», esan zuen aurkezpenean.
Aurreneko sakean pasa eginez gero, bigarren aukera izan ohi da. Bada, honako txapelketan falta izango da pasa eginez gero. «Ikuskizunaren mesedetan hartu dugu erabaki hau», adierazi zuen Aspeko gerente Patxi Mutiloak.