Lazarraga ezagutarazteko, eskuizkribuen edizio berria eta antzezlana egingo dute
Geu elkartea, egunotan burutzen ari den jardunaldien bidez, Lazarraga poeta gasteiztarren artean ezagutarazten ari da. Horrekin lotuta, poetaren eskuizkribuaren edizio berria egiteko asmoa du. Ortzai Antzerki Laborategiak, gainera, arratsaldean lehendabizikoz taularatuko du Lazarragaren testuan oinarritutako «Maitasunaren saltsan» izenburua duen lana.Itziar AMESTOY | GASTEIZ
«Lazarraga, arabar poeta» izenburupeko jardunaldiak gaur amaituko dira. Idazle honek literaturarekin zuen harremana jorratuko dute. Julen Arriolabengoak «Euskal kantu zaharrak eta Ibarguen-Cachopin kronikan» hitzaldiarekin hasiko da arratsaldeko saioa, eta ondoren Iñaki Aldekoak Errenazimentuak idazlearen lanean izandako eragina azalduko du. Itxiera biribila, hala ere, bi ikuskizunek emango diote ekimenari. Alde batetik, Ortzai Antzerki Laborategiak «Maitasunaren saltsan» taularatuko du, hau da, Lazarragaren testuan oinarritutako lehen antzezlana. Ondoren, bertso-saioa izango da, Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Igor Elortza eta Jon Maiaren eskutik. «Zugan ereingo den ene hazia (Lazarraga asmatuz)» lelopean arituko dira lau bertsolariak.
Ortzai taldeak aurrean erronka handia izanda ere, ilusio handiz hartu dutela esan du taldearen sortzaile Iker Ortiz de Zaratek. «Lazarragaren liburua atera zenean, erosi eta antzezteko asmoz testua ikasten hasi nintzen. Euskararekin nituen zailtasunak zirela-eta aurreragorako utzi nuen», azaldu zuen. Hortaz, bere helburuarekin guztiz bat zetorren Geu elkarteak egin zien proposamena. «Gasteizko talde bat izanda, Arabako euskal idazle baten testua nola ez antzeztu?», bota zuen Ortiz de Zaratek.
«Maitasunaren saltsan» antzezlanak lantzen duen testua XVI. mendeko artzain-nobela bat da. «Garai hartan modan jarri ziren horrelako lanak eta testu benetan bitxia da», esan zuen Ikerrek. Bestalde, Ortzai taldearen helburua testuaren eta hizkuntza erromanikoetan egin ziren beste batzuen arteko lotura bilatzea izan da. Kontakizuna lau pertsonen arteko amodio istorioa da. Haien arteko maitasun arazoak dira antzezlanaren ardatza. Istorioa XX. mendeko apartamentu batean kokatu dute Ortzaikoek, testua errespetatuz. Nagore Amondarainek moldatu ditu Lazarragaren hitzak garai hartako hizkera bai taldekideentzat bai ikus-entzuleentzat ulergarriagoa izate aldera.
Edizio berria
Ortzai taldeko kideek testuarekin izan dituzten arazo horiei konponbidea ematen saiatuko da, bide batez, hemendik gutxira argitaratuko den eskuizkribuaren edizio berria. Ekimena abian jartzeko Blanca Urgellek, Ricardo Gomezek, Joseba Lakarrak eta Gidor Bilbaok talde bat osatu zuten. Laukotearen artean, edizio fidagarri, zintzo eta arduratsu bat eskaintzeko au-kera izan dute. Abenduan bertan argitaratzekoa zen arren, Bilbaok asteartean emandako hitzaldian azaldu zuenez, urtarrila aldera egongo da ziur asko Lazarraga.com web orrian ikusgai. «Orain dela urte bat ez genekizkien gauzak dakizkigu orain eta oraindik baditugu hutsune batzuk etorkizunean konpondu ahal izango ditugunak», azaldu du Gidorrek.
Edizioen arazoa interpretatzeko bidean dauden zailtasunak direla-eta sortzen da. 2004. urtean Gorka Aginagaldek aurkitu zuen Lazarragaren eskuizkribua Madrilgo antikuario batean. Handik gutxira lehen transkripzioak agertu ziren Interneten, esate baterako, Iñigo Landak egin zuena edota Patri Urkizuk argitaratu zuena. EHUko lau irakasleok osatutako taldea, ordea, edizio arduratsuago bat egiten ahalegindu da, ulergarria izateaz gain garaiko idazkera errespetatzen duena. «Irakurketa oso ondo aztertu ondoren, publiko zabalari eman diezazkiokegun azalpenak emango dizkiogu eta zer ulertzen dugun eta zer ez esango diogu», gaineratu du Bilbaok.
Aurkikuntza gehiago
Hilabete luzez lanean jardun ondoren, Lazarragaren lana 51 orrialdeko eskuizkribua dela ziurtatu zuen Gidor Bilbaok. Haien eskuetara iritsi zena ez da osoa, orrialde batzuk falta baitzaizkio. Lehen zatia agertu zen bezala, beste hau aurkituko duten ziurtasunik izan ez arren, baliteke hala gertatzea bere hitzetan.
Nolanahi ere, oraingoz testua Lazarraga.com webgunean irakurri ahal izateko zain egon beharko dugu. Hiztegiari buruzko oharrak eta ohar paleografikoak izango ditu. Horrez gain, gaia azalduko duen sarrera ere izango du. Gramatika oharrak, azkenik, testua osotasunean ulertzea lortzen dutenean emango dituzte. Etorkizunean, «urte bat edo bi barru», edizioa paperean argitaratzeko nahia azaldu du Bilbaok.
Bien bitartean, Gidor Bilbaok gaur Ortzaik egingo duen antzezpena ikusteko gogotsu dagoela adierazi du. Geu elkarteak antolatutako jardunaldiak oso positibotzat jo ditu. «Euskaraz eta Arabako euskara gai izanda Gasteizko areto bat era guztietako jendearekin bete daitekeela, eta erakutsi dute jardunaldi hauek».
«Knörren lagunak» hitzekin sinatutako gutunean, jardunaldi hauen eta hark antolatutakoen arteko ezberdintasuna aldarrikatu dute. Aldundiari jardunaldiok Gasteiza eramatea herrialdea zaintzeko duen era al den galdetu diote.