Aitor Irigoen Odriozola Enpresen Antolaketa eta Zuzendaritzan Lizentziaduna
Izotzaren aroa
Lana medio, kotxe pribatuaren menpekotasunaren atzaparrek harrapatu nauten arren, autobuseko ordu luzeak eguneroko ogi ziren urteak ez zaizkit oso urrunekoak.
Jakin nahiko nuke Unibertsitatean emandako sei urteetan, zenbat kilometro egin ote ditudan bidaiotan. Denbora honetan guztian, ondoan eserita joan gara, kotxe ilarak jasan ditugu, eserleku denak beteta egotearen ondorioz zutik, elkarri itsatsita egon gara, irratiko uhin berek entretenitu gaituzte... Baina ez diogu elkarri hitz bat bera ere egin, ez dugu elkar ezagutu, ezta elkar agurtu ere. Askotan ez dugu elkarren ondoan eseri ere egin nahi izan.
Nahiago izan dugu bakoitzak bere bakardadean egin eguneroko bide monotonoa. Bakarrik eta isilik, egunkariarekin edo aurikularrak belarrietan. Begirada kristaletik at galduta, norbera bere pentsamenduetan murgilduta, bere harresi ikusezinaren barnean babestuta. Nolakoak garen azaldu eta besteekin hitz egiteak lotsa emango baligu bezala.
Berdin gertatzen da erosketa ohiturekin, zehazki, erosketak egiteko hautatutako establezimenduekin. Dendari-erosle harremana Travela ba ote duzun galdetzera edo diruaren hartu-emate hutsera mugatzen den saltoki handiak ugarituz joan dira; konfiantza eta gertutasunean oinarritutako denda txikiak pixkanaka ixten doaz. Batzuentzat, lehia librearen doktrina da. Bizimodu berriaren ondorio dela diote besteek.
Tren geltokietan ere antzeko egoera antzeman daiteke. Bidai txartelaren salmentan edo egiaztapenean, makinek erabat ordezkatu dute gizabanakoa. Pertsona batekin hartu-emana izatea baino eraginkorragoa da makina baten zerbitzu azkarra.
Antza, egungo gizarte modernoan, norbera bere burbuilaren barnean bizitzea da jarrera gogor, menderagaitz edo matxinoa. Edo horrela saldu nahi izan digute. Bakoitza bere gorabeherekin zentratuta bizitzera ohitu gara: Itsu, mutu eta gor gainontzeko guztiarekiko, beste guztiekiko. Ezezagun batekin solasaldia izan duenari barre egiteraino iritsi gara.
Ezin uka daiteke, lehen begiradan anonimotasunaren gotorleku diruditen medio inpertsonal, zeharkakoen bidezko harremanak (MSN, blog-ak, chat-ak, Second Life) azken urteotan izaten ari diren hazkundea. Honek, berekin dakartzan zenbait abantaila eta are arrisku gehiagorekin: askok, erreala ez den mundu bat azaltzen dute, benetakoa ezkutatu, ahantzi nahian bezala; ia denak, sistemaren begien kontrolpean mugitzen dira.
Teknologiaren aurrerapen bizian, pertsonen arteko komunikazio zuzena izoztuz eta aurrez aurreko harremanak iraganaren putzu sakonean amilduz doaz, erritmo azkar bezain arriskutsuan. Bakoitza bere munduan biziz, denontzako mundu bat egitea zailagoa dela ohartu ezinean gabiltza. Ederki irentsi dugu goi esferetatik jarritako amua; pozik dira arrantzaleak, arrainak, bata bestearen atzetik, sarean jausten doazen bitartean. Zurrunbilo honetan, agian iritsiko da eguna non soilik gailu bidez komunikatuko garen; non jendez inguratuta, inork ez duen inor ezagutuko, ezta, ondorioz, agurtuko ere, gizakiak inoiz eraikitako metropoli handienean...
Eduardo Galeano, bere idatzietako batean, diruaren ordez besarkadak eskatzen dituzten kaleko eskaleez mintzatzen da.
«La delgada linea roja» film apartean, soldadu talde bateko kapitaina azaltzen zaigu. Beti bakarrik ibili ohi da, ez da taldekideekin egon zalea. Soldadu bat, ea bakarrik ez al den sentitzen galdetzera ausartzen zaio egun batean. Soilik jendez inguratuta dagoenean sentitzen dela horrela erantzuten dio kapitainak.
Autobusean egindako bidaiez oroitzen naiz. Edo eraikin erraldoi hartan inorekin hitzik egin gabe egin nuen erosketaz. Gero eta hotzagoa da lehendik handia den elkarren arteko distantzia. Atzeraka goaz. Gertu da izotza.