Lapurdi kostaldeko ikastetxeetako sarrerak trabatu dituzte
Ainize BUTRON |
Lapurdi kostaldeko lizeo nagusietako ateak trabatu zituzten atzo ikasleek Hezkuntza ministroaren erreformaren aurkako mobilizazioan. Ikasleek protesta gogortzeko hartutako erabakiaren emaitza dira ekintzok. Baionako Cassin, Paul-Bert eta Lauga lizeoak, Angeluko Sainte-Anne eta Cantau ikastetxe profesionalak eta, Donibane Lohizuneko Ravel lizeoa zeuden atzo egoera horretan. Egurrezko oholak, kateak eta beste hainbat tresna erabiliz oztopatu zituzten ikasgeletako sarrerak.
Ekintza horiek epe mugarik ez dutela jakinarazi zuten. «Ikastetxe askotan mobilizazioa asteartera arte mantentzea erabaki dute, baina, baliteke ekintza luzatzea», argitu zuten. Bestalde, mila bostehun bat ikaslek manifestazioa egin zuten atzo Baionan.