GARA > Idatzia > Kirolak > Athletic

Sportingen aurkako lehia prestatzen

Etxeko puntuen garrantzia itzela

Andoni Iraolak eta Fernando Llorentek talde zuri-gorriak Racing-en aurka egindako lanari jarraipena eman behar diola iritzi diote.

p027_f02_148x152.jpg

Arnaitz GORRITI | BILBO

Egoera kaskarragoan egon izan badira ere, Athleticen aurtengo patua ez da batere samurra: kanpoan oraindik neurketarik irabazi ez duenez, etxeko partidak nahitaez atera behar ditu aurrera, sailkapenean orain baino beherago eroriko ez bada.

Hala iritzi zioten atzoko entrenamendu saioaren ostean Andoni Iraolak eta Fernando Llorentek. Biek ala biek Santanderren, Racingen aurkako norgehiagokan, talde zuri-gorriak aurpegi hobea erakutsi zuela adierazi zuten. Alabaina, garaipenik lortu ez zuenez, Sportingen aurkakoan San Mameseko puntuak derrigorrezkoak direla aitortu zuten.

«Santanderren garaipena gertu izan genuen, baina puntu bakarra atera genuen. Hortaz, kanpoan garaipenik lortu ez dugunez, horrek esan nahi du etxeko partidak nola edo hala irabazi behar ditugula», esan zuen Usurbilgo jokalariak.

«Argi dago Sportigen aurkakoa oso neurketa zaila izango dela, etxetik kanpo bikain ari baitira, baina guk partida aurrera atera dezakegun uste osoa dugu».

Iraolaren iritziz, talde bilbotarrak «garaipenaren bila atera behar du», baina «atzean sendo mantenduz». Izan ere, Sportingek «beldurrik gabe jokatzen du eta golak sartzeko aukera asko sortu ohi dituzte. Noski, atzealdean sufritzen dute eta dagoeneko gol dezente jaso dituzte, Guk, atzean sendo egoten ahalegindu beharra dugu, eta ziur nago aurrean aukerak izango ditugula. Edozein modutan, gure taldea da garaipenaren bila atera beharra duena. Etxean jokatuko dugu, sailkapeneko beheko aldetik irteteko puntuak ezinbestekoak ditugu, eta hori hasieratik erakutsi behar diogu aurkariari».

Kazetariek Sportingek sailkapeneko zulotik ateratzeko izandako garaipen boladaz galdetu ziotenean, Iraolak asturiarrek galdutako partidak «talde handien aurka» jokatutakoak izan direla gogorarazi zuen eta, «etxetik kanpo batik bat», gainontzeko neurketetan lortutako emaitza onak azpimarratu zituen.

«Sportingek oso bolada txarra izan zuen, baina kontuan izan behar da sailkapeneko goiko aldean dauden taldeekin jokatzea egokitu zitzaiola. Gainontzekoen kontra, berriz, etxetik kanpo batik bat, emaitza onak atera ditu eta sailkapenean gora egin du. Halere, garaipena lortzen badugu, hurbil izango gaituzte», amaitu zuen usurbildarrak.

Taldea eta zaleak bat eginda

Fernando Llorente ere Iraolaren antzera mintzatu zen prentsa aretoan. Aurrelari nafarraren aburuz, «Santanderren erakutsitako seriotasuna» errepikatuz gero, talde zuri-gorriak irabaziko du igandean.

«Santanderren oso serio aritu ginen, aurkariari ohi baino erraztasun gutxiago eskainiz. Hala, nahiz eta Sporting etxetik kanpo oso ongi ari dela jakin, gu geu ere San Mamesen ederki jokatzen ari gara, konfiantzaz gainezka zaleekin bat eginda».

«Bai zaleentzat bai guretzat irabazteak itzelezko garrantzia du; hala gertatuz gero, sailkapeneko eremu lasaiago batean jarriko ginateke-eta. Horrez gain, konfiantza sendotzeko balioko liguke igandean Sportingen aurka irabazteak», nabarmendu zuen iruindarrak.

Azken aldion erakusten ari den mailaren harira, bere kontratua luzatzearen inguruan -2011ko ekainaren 30ean amaituko zaio- galdetuta, «partidaren atarian, kontu horrek garrantzirik ez» duela erantzun zuen LLorentek.

Garmendia, duda al dejar a medias el entrenamiento

La sesión de ayer dejó la duda de Joseba Garmendia, ya que debió retirarse tras apenas calentar junto a sus compañeros. El basauritarra es un fijo para Caparrós, de modo que, de confirmarse su ausencia, trastocaría los planes del utrerano. En tal caso, Yeste podría adelantar su posición, de modo que otro, probablemente Carlos Gurpegi, se ubicaría en el doble pivote junto a Javi Martínez.

La buena noticia la protagonizó Balenziaga. El lateral de Zumarraga, pese a no tener aún el alta médica, parece haber superado su amigdalitis y pudo ejercitarse con normalidad. Los rojiblancos vuelven hoy al trabajo, en el campo de Artunduaga, en Basauri, a partir de las 10.30.

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo