Nekounam: «Taldea mailaz jaitsiko balitz ere, ez nuke nahiko hemendik alde egin»
GARA | IRUÑEA
Taldea une txar batean den arren, Iruñera eta talde gorritxora oso ondo egokitu dela erakutsi zuen atzo Javad Nekounam irandarrak, Osasuna Bigarren Mailara jaitsita ere, berak taldean jarraitu nahiko lukeela adierazi baitzuen.
Aspaldian kazetarien aurrean hitz egin gabe zegoen irandarra, eta atzokoan, bere jarduna hasterakoan, detaile polit bat izan zuen, Kuko Zigandaren aldekoak izan baitziren bere ahotik irtendako lehen hitzak. Bere entrenatzailea izandakoari eskerrak eman ostean, erdilari gorritxoak argi utzi nahi izan zuen taldearekin duen konpromisoa. «Ez zait burutik pasatu ere egin Bigarren Mailara jaits gaitezkeen aukera, baina hala gertatuko balitz ere, nik hemen jarraituko nuke», azaldu zuen.
Bestela ere, mailari eutsita ere, ez omen dauka Euskal Herriko hiriburutik aldentzeko gogo handirik. «Sekulako eskaintza jaso beharko nuke hemendik alde egiteko, eta horrek ez du esan nahi talde handi batek etorri beharko lukeela nire bila. Nik neuk, printzipioz, Osasunan jarraitu nahi dut» berretsi zuen, bide batez, Valentziak bera fitxatzeko izan lezakeen asmoari buruz ezer ez dakiela azalduz.
Atsedena hartu
Teorian abenduaren 20an Bilbon Iraneko selekzioak euskal selekzioaren aurka jokatu behar duen partidaren inguruan galdetu, eta berak partida horretan jokatzeko asmorik ez duela esan zuen, «nik atsedena behar dut eta egun horretan oporretan izango naiz. Nire taldekideak izango dira San Mamesen».