Heath Ledger, Golden Globe sarietarako hautagai, bigarren aktore onenaren mailan
Brad Pitt, Meryl Streep, Tom Cruise, Angelina Jolie... Atzo eman zen jakitera Golden Globe (Urrezko Globoa) sariak jasotzeko hautagaien zerrenda. Datorren urtarrilaren 11n izango da 66. edizioa, Los Angeles hirian.
GARA | LOS ANGELES
Heath Ledger, iragan urtarrilean hil zen aktore australiarra, bigarren aktore onenaren saria eskuratzeko hautatu zuten, «The Dark Knight» filmeko Jokerraren papera dela eta. Kategoria horretan, Hollywoodeko hainbat aktorerekin lehiatu beharko da. Izan ere, zerrendan daude Tom Cruise eta Robert Downey «Tropic Thunder» filmagatik, Ralph Fiennes, «The Duchess» filmeko paperagatik eta Philip Seymoyr Hoffman, «Doubt»gatik.
Nabarmentzekoa da, bestalde, hiru film jotzen direla aukera gehien dituztenen artean, bakoitzak bost sari irabaz baititzake. «The Curious Case of Benjamin Button», "Frost/Nixon»eta «Doubt» dira Golden Globetan arrakasta lor dezaketenak. Lehenengo biak, David Fincher eta Ron Howardek zuzendutakoak, dramazko film onenaren saria lortzeko borrokatuko dira Stephen Daldryren «El reader», Sam Mendesen «Revolutionary Road» eta Danny Boyleren «Slumdog Millionaire»rekin batera. Azken bi lanotan parte hartu duten Leonardo DiCaprio eta Brad Pitt, gainera, aktore onenak bihur daitezke. Eurekin lehian, Frank Langella, Sean Penn eta Mickey Rourke izango dira, «Frost/Nixon», «Milk» eta «The Wrestler» filmei esker. John Patrick Shanley-ren «Doubt» lanak dituen bost aukeretatik lau, interpretazio arloan ditu. Hala, Meryl Streep, Amy Adams, Philip Seymour Hoffman eta Viola Davisek jaso dezakete sariren bat. Bosgarrena, gidoiagatik izan liteke, Shanley egilearentzat.
Emakumezko aktore onenaren saria lortzeko Meryl Streep izango da hautagaia, baina alboan izango ditu orain arte hainbat sari jasotako honakoak ere: Kate Winslet, Angelina Jolie, Kristin Scott Thomas eta Anne Hathaway.
Woody Allen zuzendariaren «Vicky Cristina Barcelona» filmak lau Golden Globe saritarako hautagaitza lortu du. Horien artean, Penelope Cruzek eta Javier Bardemek aktore onenaren sariak lor ditzakete.